Abuztuko brigadaren lehenengo kronika: Ongi etorri Saharara!
Ongi etorri “beroa” egiteko gertu da marokoar polizia Marrakeshera heldu orduko.
Hiri bizi eta koloretsua izanagatik ezin izan diogu nahi beste denbora eskeini, Saharar lurralde okupatuetara eramango gaituen autobusa zain baitaukagu.
Luze bezain ederra da El Aaiunera garamatzan bidea; bertako artzaiek soilik ezagutzen dituzten mendi eta haranen artean bakardadea gutaz jabetuz doa.
Bidaia lasaia da, lurralde okupatuetara gerturatzen ari garela ohartarazten diguten kontrolekin topo egiten dugun arte. Polizia kopetilunek behin eta berriz itauntzen digute ea nora goazen, zertara, zein den gure ogibidea... Turista arruntak garela erantzuten diogu, gure benetako asmoa ezkutatuz: Euskal Herritik Saharar herriarekiko elkartasun internazionalista helaraztea.
Hainbat kontrol pasa ondoren, Aaiungo sarreran bertan, Marokoko polizia sekretuak, autobusetik jaitsierazi gaitu berriz ere itaunduak izateko. Ikasten goaz zein den marokoar okupazioaren aurpegi iluna: gorrotoz begiratzen gaituzte eta konturatzen gara jakin badakitela zein den gure egitekoa bertan; euren jarrerak baina, ez gaitu inolaz ere kikiltzen. Hirian sartzeko ausardia/determinazioa dugu eta azkeneaz lortu dugu sartzea (autobusean 15 ordu eman eta gero!). Taxi bat eskuratu eta Hotel bateruntz habiatzen gara. Itxia dago; azken kontrolean galdekatu gintuen polizia dugu berriz ere metro eskasera; hark derrigortzen gaitu kale ilun eta estu bateko Hotelera sartzera. Metro karratu bakaneko logela hartan nekeak garaitzen gaitu eta ohera goaz segidan.
Guretzat egunsentia den arratsaldean bertan, gidari edo “sherpa” lana eginen duen kontraparteko gazte bat dator gure bila Hotelera. Aise igarri dugu zein den bidearen bestaldetik “Gazte bat gehiagorik ez!” leloa soinean daraman saharauiar gaztea. Irribarre xume eta “kaixo” bat eskaintzea nahikoa izan da bere konfiantza gureganatzeko. Komunikazio taldeko militantea da ( saharar herri borrokaren nondik norakoak ikus-entzunezko edukien bidez zabaltzeaz arduratzen direnak,nagusiki) eta herri honek pairatzen duen blokeo informatiboa apurtzea dute helburu nagusitzat. Hala ere, gatazkak duen konplexutasuna dela eta, militante bakoitzak hamaika jardun bete ditzake.
Komunikazio taldeko beste kide baten etxera eraman gaitu. Etxeko atea zabaldu bezain pronto, hitzez azaldu ezin daitekeen babes eta goxotasun keinuez busti digute barnea; herritar hauek badute bai hizkuntza ororen gainetik dagoen komunikatzeko molde berezi bat: begirada.
Atseden hartu ostean kalera irten gara, kafetegi batera, bertan baitaude kolektiboaren gainontzeko partaideak. Gazteak dira denak; blokeo informatiboa ekidin eta marokoar errepresioa salatzeko era horizontalean lan egiten dute. Nahiz eta medio gutxi izan beraien eskuetan, salaketa eta dibulgazio lan oparoa egiten dute beraien borroka mundu zabalera hedatuz.
Azukrez jositako kafetxo artean, laister beste etxe batean batuko garela komunikatzen digute; bertan GDEIM IZIK kanpamendua kolektiboa dugu harrera egiteko esperoan. Gdeim Izik kanpamenduak, duintasunaren kanpamendua izenez ere ezaguna denak, 20 000 saharar baino gehiago batu zituen herri honen autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka indartzeko asmoz. Askatasun haizea arnasten zen gune hau marokiar segurtasun indarrek bortxaz suntsitu zuten.Etxe horretara taxian goaz, gidari saharauiarrekin, oso mesfidati agertzen baitira (arrazoiak izan badituzte! ) ezagunak ez zaizkien aurpegiekin. Auzo batera ailegatu, taldea bitan banatu eta ahalik eta arinenen sartzen gara etxera, atzetik konstanteki itzala egiten diguten polizia eta euren laguntzaileak “despistatzen” saiatuz. Azken pisura igo, atea zeharkatu eta bihotza uzkurtu zitzaigun supituki; sinestezina zen begien aurrean genuena: Haima txiki baten babesean, ( haima bat historikoki Saharar herriak basamortuan eramandako bizimodu nomadan erabilitako etxebizitza tradizionala da zeina herri honen kultutraren sinbolo nagusietako bat bilakatu den) albo batean 20 bat emakume lurrean, saharako bandera erraldoi bat gibelean, eta beste horrrenbeste gizonezko, zutunik preso politikoen argazkien artean, guztiak bat, txalo eta zagarit ( irrintzia) melodioaz ongi etorri bat eskaintzen. Segundu gutxitan ohartzen gara haiek direla herri honen jaun eta jabe, haiek direla, herri honen borrokako grina dutenak, haiek direla finean, askatasunea bizi eta jardun nahi duten herri baten islada.
Kitarra baten soinuaz, kantuka eta dantzan, poesiak errezitatzen hasten dira; poema hauek Frente Polisarioaren garaipenak zein garaipen horiek lortzea suposatu dien neke eta sufrimendua irudikatzen dute; martiriak,hala izendatuak, euren bizia herri askapenerako borroka luze batean eman duten gizon eta emakumeak dira.
Adinekoen bisaiaei errreparatze hutsarekin ere nahikoa da ohartzeko zein latza eta krudela izan den haien borroka; begirada hauetan baina, argi irudikatzen dute garaipena eta askatasunarekiko ausardia.
Bat -batean musika eten egiten da, zerbait gertatzen da. Urduri baina adeitasun handiz, joan beharrean gaudela jakinarazten digute; marokiar polizia iritsi berri da festa-topaketa oztopatzera. Kalera irten eta polizia uholde batez setioarekin topatzen gara, argazki eta bideo kamera eskuan gure gure mugimendu guztiak jaso eta gatibatu nahiean. Ospakizuna bertan behera geratu da; ospa egitera derrigortuak daude; gaurkoz amaitu da, baina borrokak, borrokak beti aurrera darrai.