Alexandra Kollontai kanpamenduan "disziplina, segurtasuna eta borrokatzeko grina"
Aurreko kronikan Brasileko brigada kideek Mario Lago MST kanpamenduan barazki eta fruta ekologikoen zuzeneko salmenta nola garatzen duten azaldu ziguten. Oraingoan ordea, Alexandra Kollontai asentamenduan izan dira, lurraren okupazioa eta erresistentzia borroka ezagutzen.
Egun, Alexandra Kollontai kanpamenduan laurogehi familia bizi dira, bakoitza bere lur zatiarekin. Asentamenduko lurrak 2000. hamarkadaren hasieran lortu ziren borroka eta prozesu judizial baten ostean. Izan ere, lur hauek ez zuten betetzen 1988ko Brasilgo konstituzioan jasotako funtzio soziala. Funtzio sozial hau izateko lau baldintza bete behar ditu lur eremuak: ekoizpen nahikoa izatea, lan legedia errespetatzea, ingurumenaren legea betetzea eta eremu horren inguruan gatazka sozialik ez sortzea (berez, oso interpretagarria dena). Hauetako bat edo gehiago ez betetzeak ematen dio sostengu legala MSTri lur hori okupatzeko eta lurgabeen artean banatzea exijitzeko.
Jarraian, epaile batek aztertzen du kasua eta, ebazpena lurrik gabekoen alde izatekotan, INCRAk (Instituto Nacional de Colonização e Reforma Agrária) lur horiek eros ditzake eta nekazariei bizi osorako eman erabilpen kolektibo eta oinordetzan. Modu honetan, nekazariei landa horiekiko estatus legala (assentados) aitortzen zaie, lur horietatik kanporatuak izango ez direnaren bermea lortuz. Lurra eskuratzen duten momentutik, kredituak jaso ditzakete Estatutik eta bizimodu egonkorragoa izan. Hala ere, honek ez du esan nahi borroka kolektibo honetatik alde egin behar dutenik.
Errealite honen ondoan badugu beste errealitate bat, kanpamenduena. Izan ere, Alexandra Kollontai kanpamenduaren kasua ezagutzeko aukera izan dugu. Kanpamendu hau izen bereko asentamenduaren barruan dago. Azken honek akanpatuta bizi diren 307 familiei babesa ematen die (babesleku bihurtzen da haientzat, alboko lurjabeen lurrak lortzeko borrokatzen duten bitartean). Azken urte hauetan, alboko lurrak 15 aldiz okupatu dituzte eta beti berdin bukatu da okupazioa: polizia militarra heltzen da haiek kanporatzeko aginte judiziala eskuan duela. Horietako saiakera batean, 7 hilabetez mantentzea lortu zuten, barrakoiak eraikita eta lurraren ekoizpena jasotzen hasita.
Kanpamenduaren barruan bizi baldintzak oinarrizkoak dira eta azpiegiturak behin-behinekoak. Etxeak (barracões) zurezko tabloi eta iragarkietako plastikoz eginda daude. Ura putzuetatik bonba baten bidez atera eta kanpamendura gomazko tutu baten bitartez hurbiltzen dute eta elektrizitatea sorgailu baten bidez lortzen dute. Hala ere, lagun guztien arteko elkartasuna handia da aurrera egiteko eta ondo antolatuta daude.
Kanpamendua nukleotan banatzen da eta nukleo bakoitzak hogeita hamar bat familia biltzen ditu komunean dutena antolatzeko. Nukleo bakoitzak iraultzaile edo bertako borrokalari baten izena dauka: Chico Mendes, Che Guevara, Camilo Torres, Paulo Botelho... Horretaz gain, sektore zehatz batzuk jorratzen dituzte; gazteria, generoa, hezkuntza, formazioa, osasuna etabar. Baliabide eskasak izan arren, disziplina, segurtasuna eta borrokatzeko grina ageri dira.