Altsasun herri epaiketa urriaren 2an izango da

Aurreko astean egindako agerraldian Sakanako herri mugimenduko kide, aktibista eta militante internazionalistek urriaren 2an Altsasun egingo den Herri Epaiketan parte hartzera dei egin zien bizilagun guztiei.  Ekimena, arratsaldeko 19:30etan izango da, Altsasuko Iortia kultur-gunean, Etxarriko Andra Mari ikastolan, eta Irurtzungo kultur etxean aldi berean streaming bidez zabalduko dute.

Uztailean aurreratu bezala, Ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitzea. Horregatik, gaur, Sakanako Herriak Libre dinamika osatzen dugun militante internazionalista, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile eta herri mugimenduko kideok, Altsasun bildu gara, Sakanan burutuko den herri epaiketa aditzera eman eta datorren urriaren 12an Iruñean burutuko dugun herri sententziaren berri emateko.

Urriaren 19an bost euskal militante internazionalista, Walter, David, Aritz, Unai eta Gabi, akusatuen aulkian eseraraziko ditu espainiar estatuak. Horrekin aski ez eta mahai gainean Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteen ilegaliazio eskaerak mahai gainean jarri ditu. Guztiak ere, gure herrian elkartasun internazionalista lantzeagatik epaituak.

Amaierarik ez duen kate luze hau behingoz eteteko asmoz, gidoiak irauli eta epailea epaitzeko lizentzia harturik gatoz. Urte luzetako ukazio eta zapalketen ostean, gu geu izango gara, herria izango da espainiar estatu inperialista epaituko duena.

Espainiar estatu inperialista epaitzera goaz Euskal Herriaren aurka urte luzeetan egindakoagatik, naziorik gabeko gartzela den estatu hau mantentzeagatik, Saharar herriaren ukazio eta zapalketan duen erantzunkizunarengatik, OTANeko kide izateagatik, Abya Yalan edo latinoamerikan egindakoagatik eta egiten ari denagatik.

Zentzu honetan, Sakandar guztiei, Urriaren 2an egingo dugun Herri Epaiketa ikustera joatera gonbidatzen zaituztegu. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Altsasuko Iortia kultur-gunean, Etxarriko Andra Mari ikastolan, eta Irurtzungo kultur etxean aldi berean streaming bidez.

Eta datorren urriaren 12an, inperialismo espainiarraren egunean, hispanitatearen egunean, lehenago arrazaren eguna deiturikoan, Euskal Herrian zein nazioartean egindako epaiketa guztiak oihu bakarrean batuko ditugu, herri sententzian. Irmotasun eta duintasun betean urriaren 12an Iruñean batuko gara, zapi laranjak jantzi eta oinetakoak eskutan. Honela, eguerdiko 12etan Antoniutitik hasita Herri Libreen Martxa burutuko dugu, herri bezala, internazionalista bezala, gainerako herri zapalduekin batera, behingoz, inperialismo espainiarraren aurrean herriak libre izan gaitezen.

Eta jarraian, Nabarrerian izango dugu hitzordua musika eta sorpresaz beterik, dantzatzen duen herri bat ez baita inoiz hilko!

ARITZ LIBRE! ASKAPENA AURRERA! HERRIAK LIBRE!