Aragón, un pueblo que luita
Aragoiko herrixkak eta urtegien borroka atzera utzita, hiriburu handian sartu ziren brigadistak, Zaragozako egoera soziopolitikoa gertutik ezagutzera.
Hasierako momentutik sentitu zituzten aurrera daramatzaten borrokak, Aragoiko kulturaren altxorraren galeraren aurkako borroka, aragoieraren galeraren aurkakoa alegia. Aragoin hiru hizkuntza daude: aragoiera, katalana eta gaztelera. Gaztelerak ofizialtasuna daukan hizkuntza bakarra izanik, aragoiera da egoera larrienean dagoen hizkuntza. Azterketa ofizialik ez badago ere, gaur egun 10.000 hiztun ditu eta hizkuntza hau desagertzeko arrisku bizian dago. Zaragozan, Nogará izena duen aragoiera ikasteko eskola herrikoia ezagutzeko aukera izan zuten brigadistek.
Aragoierak hiztunak galdu ditu urteak pasa ahala eta desagertze prozesu honetan Espainiako Estatuaren jokamoldea azaldu zien Nogará-ko kide batek brigadistei: “Estatua konturatu da aragoiera aragoitarren identitatearen zutabe bat dela eta horren kontra egiten du. Aragoiera existituko ez balitz bezala jokatzen du Estatuak”. Saiakera asko egon dira aragoieraren ofizialtasuna lortzeko edota instituzio eta eskoletan presentzia minimo bat bermatzeko, baino Estatuak atzera bota izan ditu saiakera horiek. 2013an, PP eta PAR alderdi politikoek hizkuntza lege berri bat plazaratu zuten. Edo hobe esanda, aragoieraren kontrako eraso zuzen bat. Izan ere, lege horrek gaztelera izendatu du hizkuntza ofizial bakartzat Aragoin. Are gehiago, legeak aragoierari eta katalanari izena aldatu die; katalanari LAPAO (Lengua Aragonesa Propia del Área Oriental) izena emanez eta aragoierari LAPAPYP (Lengua Aragonesa Propia de las áreas Pirenaica y Prepirenaica). Nogaráko kideak argi utzi zien brigadistei legearen helburua: “Hizkuntzaren aurkako lege bat da. Beldurra ematen die aragoiera edo katalana Aragoin hitz egitea. Aragoiera hitza saihestu nahi dute gizartea aragoiera existitzen dela ez ohartzeko. Lotsagarria da.” Hala ere borrokatzen jarraituko dutela helarazi zieten brigadisteei: “Guk gure lana egiten jarraituko dugu. Gure helburua aragoiera hitz egiten duen komunitate bat sortzea da, eta pixkanaka lortzen ari gara.”
Aragoieraren egoeraz jabetu eta gero BIC-eko (Bloque Independentista de Cuchas) kideekin bildu ziren brigadistak. Blokea, Aragoiko erakunde ezkertiar eta independentista guztiak biltzen dituen koordinadora da. Blokea 2007an sortu zen eta lau erakundez osatuta dago: Purna (gazte erakundea), Puyalón de cuchas (erakunde politikoa), Seira (ikasle sindikatua) eta A Enrestida (erakunde kulturala).
Brigadistak erakunde bakoitzeko kideekin bildu ziren, aurrera daramaten borroka ezagutzeko. Blokeko erakunde guztien helburua Aragoi independente, sozialista eta feminista bat sortzea da eta bakoitzak bere esparruan lan egiten du helburu horiek lortzeko. Purnako kideek beren lana zein den helarazi zieten brigadistei: “Gure helburua Aragoiko gazteen artean klase kontzientzia eta kontzientzia nazionala piztea da. Aurrera daramagun dinamika guztiak helburu hori dute.”
Antolakunde gazteak dira gehienak, azkeneko hamarkadan sortuak. Chunta Aragonesista alderdiarekin desadostasunak zituzten sektoretatik sortu ziren erakunde gehienak. Puyalón-eko kide batek ezker independentismoa goraka doala adierazi zien brigadistei: “Erakunde gazteak gara oraindik baino geroz eta indartsuago egiten ari gara. Urtero militante berriak ditugu eta independentismoa bereganatzen duen jendearen kopuruak gora egin du.”
Ezker independentistaren erronkak ezagututa, Zaragozako komunikabide alternatiboekin bildu ziren brigadistak. Hasteko, AraInfo agerkari digitaleko kideekin bildu ziren. Aragoiko herri mugimenduaren albisteak jasotzen dituen komunikabide nagusia da, egun egonkortze eta indartze fasean dagoena. Bestetik, Arredol, aragoieraz egindako webguneko kideekin hitz egin zuten. Aragoieraz idatziriko komunikabide gutxi izanik, haien proiektua ezinbestekotzat jotzen dute aragoieraren existentzia bermatu eta hiztunen komunitatea trinkotzeko.
Azkenik, kontrainformazioan ibilbide luzea duen Radio Topo irrati librean egon ziren brigadistak. “La enredadera” irratsaioan elkarrizketa egin zieten. Ondoko estekan entzun dezakezue:
Escucha la 1ª enredadera de la temporada: Ucrania, Euskal Herria-Aragón, #TertuliaLE, Canfranero…
Brigadistek egun hauetan gure mugen atean dagoen herriaren errealitatea ezagutu dute, bertako borrokez ikasiz, eta Euskal Herriko borroka ezagutaraziz. Hori baita brigadaren funtsa, joan-etorriko elkartasun hori, benetan internazionalistak egiten gaituena. Aragoi ezagutu dute, makurtzen ez den herri bat, orroka egiten duen herri bat.
Entalto Aragón libre, socialista y feminista!