Aski da! Errepresioaren aurrean desobedientzia!
Atzoko egunez, Herrialde Katalanetako Ezker Independentistako bost kideren kontrako operazio poliziala egin zuten Mossoek. Atxiloketa hauek Madrilgo Audientzia Nazionalak agindu zituen pasa den irailaren 11ko Diadan Espainiako erregearen argazkien erretzearen harira. Horietatik hiru atzo izan ziren atxilotuak eta beste biak gaur goizean bertan izan dira atxilotuak gainontzeko atxilotuei elkartasuna adierazteko antolatutako autobusa gelditu eta hauek atxilotu ondoren. Beste behin ere Generalitateko gobernuak Madrilgo agintariei men egin eta euren herritarrak jazartzeko arazorik ez duela erakutsi du, prozesu independentistarekiko duen konpromiso interesatua agerian utziz.
Atzoko gertakari honek berriro ere argi uzten du Herrialde Katalanetako Ezker Independentistak min ematen diela, ez soilik Madrilgo gobernuari zein Erregearen familiari, baizik eta bertako burgesiari ere. Beste behin ere Ezker Independentistaren aurka egitean, Kataluniako burgesiak klase aliantzari, aliantza nazionalari baino garrantzia handiagoa ematen diola erakutsi du.
Oztopoen gainetik eta euren diskurtso zein praktikari zintzo, Ezker Independentistako kideek desobeditzeko deia egin dute ozen, bai kalean zein Kataluniako parlamentuan ere. Independentzia praktikan posiblea dela erakusten ari dira behin eta berriro, horrek dakartzan ondorioak asumitzen ari direlarik. Horregatik, Askapenatik, elkartasun osoa adierazi nahi diegu atxilotutako kideei zein Ezker Independentista osoari ere. Beldurrik ez dutela erakutsi digute, ez dutela erregerik onartzen eta aurpegia emateko prest daudela.
Horregatik zuekin batera jarraituko dugu borrokan!
Aski da!
Atxilotuak Askatu!
Errepresioaren aurrean desobedientzia!
Gora Herrialde Katalan askeak!
#NiReiNiPor