Atzera baino aurrera begira jarri eta aurretzea dagokigu
Pasa den ostiralean Groseko Kortxoenea Gaztetxean anti-OTAN eguna ospatu genuen. Orain 28 urte, 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean Euskal Herriak argi adierazi zuen bere hitza: OTANi ez! Horregatik OTAN zein inperialismoaren aurkako borroka gogora ekarri nahi izan dugu eta beraz hitzaldi batekin ekin genion ekimenari.
IƱaki Gil de San Vicente eta Mikel Aramandiren eskutik atzera begira jarri ginen eta OTAN jaio zenetik gaurdainoko bilakaera azaldu ziguten. Bereziki Euskal Herriko nahiz Espainiako alderdi ezberdinek izaniko jarrera eta hartutako erabakiak azaldu zizkiguten, eta nola ez, baita jendartean zabaldutako mugimendu eta borrokak ere.
Argi geratu zen ordea, denbora guzti honetan nazioarteko egoera, estatuen arteko harreman eta sistemaren beharrean arabera moldatzen joan dela OTAN. Garaiak aldatu ahala testuinguruak eskatzen zuen beharretara egokitzen joan izan den erakundea dugu, gutxi batzuen interesak mantentzeko helburuarekin beti ere. Azken batean, OTAN inperialismoaren tresna bat baita. Horregatik, sorrerako OTAN haren arrazoi eta helburuak, gaur egun edo datozen urtetakoen ezberdinak badira ere, beti ere interes berdinei erantzuten diela argi geratu zen bertaratutakoen artean.
Atzera begira hasi baginen ere aurrera begirako analisi eta hausnarketa batekin amaitu genuen hitzaldia galderen tartean. Hain zuzen, egungo sistemaren krisialdiaren aurrean, Estatu eta boteretsuek orain arteko eskema mantendu eta sakondu asmoz abian jarritako berregokitze prozesuetan esku hartze armatu eta militarrek, edota beldurraren mehatxuak jokatzen duten paperaz jardun genuen. Egoera honetaz kontziente izan eta bereziki estrategia hauek aurreikusi eta aurreratzeko beharra azpimarratu zen.
Behin hitzaldia amaituta kontzertuen tartea heldu zen eta kanpoan euria gogoz ari zen bitartean, pintxo eta trago artean Kortxoeneara hurbildu ginen dozenaka lagunok gustuz dantza egiteko parada izan genuen, Pingabwoys eta R-Systemtzia eta geroago Bad Sound System taldeen erritmora.
Inperialismoaren aurkako borroka ez da egun bateko kontua ordea eta horregatik lanean jarrituko dugu.
Atzo eta gaur OTANi ez! Euskal Herriari bai!