Behatokia eta Euskal Herrian Euskaraz Okzitanian

Béziersen antolatu den Okzitanierari buruko elkarretaratzera gonbidatu dituzte Behatokia eta Euskal Herrian Euskaraz erakundeetako ordezkariak. Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok, Iparralderako teknikari Ione Josiék eta Euskal Herrian Euskarazeko, Unai Larreategik eta Yves Matxikotek osatu dute Euskal Herriko ordezkaritza. Manifestaldian 20.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren.

 

 

Parte-hartzearekin batera, Behatokiak eta EHEk aukera baliatu dute Okzitanian hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egiten duten erakundeekin harremanak ezartzeko. Okzitaniera bultzatzen duten elkarteen berri izateaz gainera, aurrerantzean elkarren berri izateko bidea jorratu dute. "Okzitanierak, euskarak bezala, Frantziako Estatuaren zapalkuntza jasaten du", azaldu dute.

Okzitanieraren egoera larria da. Bi milioi hiztun ditu eta sei milioi pertsonek ulertzeko gaitasuna duten arren, Frantziako Estatuak ez dio izaerarik aitortu nahi, hizkuntza baztertu egiten du. Okzitaneraren aldeko 'Manifestar per l'occitan' elkarteak "Anem! Per la lengua occitana: Óc!" lelopean manifestazioa antolatu du. 'Manifestar per l'occitan' kolektiboan Instituto d'Estudis Occitans, Felibritge, FELCO, Calendra, Òc-Bi eta Conselh de la Joventut d'Oc elkarteek parte hartzen dute.

Elkarretaratze honen bidez, parte-hartzaileek hizkuntza eta kultura-aniztasuna babesteko deia egin diote Frantziako Estatuari, legedia kezkagarria delako. Okzitaniera bizitzako eremu guztietara hedatzeko eskaera egin dute: hezkuntza, hedabideak, lan-mundua, gizarte-bizitza eta abarretara.

Behatokiko zuzendariak biziki garrantzitsutzat jo du Okzitaniako erakundeekin lankidetza-bideak zabaltzea, are gehiago, Estatuaren jarrera guztiok pairatzen baitugu. Horren harira, Frantziako Barne Ministro Nicolas Sarkozyk Caen hirian (Normandia) ostegunean adierazitakoei gogor erantzun die Bilbaok "Onartezina da entzutea Frantziako Estatuan hizkuntza gutxiagotuak zapaltzen ez direnik, zergatik gaude, orduan, hemen milaka herritar?". Izan ere, Sarkozyren arabera Europako instituzio batek ezin du erabaki Estatuko beste hizkuntzek frantsesaren estatus bera izan behar dutenik. "Lotsarik ez dute ohiko jarrera jakobinistari eusteko, baina are lotsagarriagoa da Europako zein Nazioarteko Erakundeek gurea bezalako hizkuntzekiko jarreraz oharturik, ezer ez egitea2.

EHEren iritziz, bestalde, Europan hizkuntza gutxiagotuak dituzten herriek hizkuntza eskubideen inguruko borrokak aurrera eramatea garrantzitsua da. Izan ere, bakoitzak bere herrian bertan lortu behar du bertako hizkuntza normalizatzea. Historiak argi erakutsi digu zapalkuntza egoerak borrokaren bitartez gainditzen direla eta horregatik deritzo garrantzitsu borroka-fronteak zabaltzeari. Okzitaniarrek egiten duten aldarrikapenarekin bat egiten dugu Euskal Herrian ere, gu ere geure hizkuntza normalizatzeko lanean ari baikara. Argi dago Estatu frantsesak duen jarrera jakobinoari aurre egiteko lan hori beharrezkoa dugula. Horrela soilik lortuko dugu Euskal Herrian euskara ofiziala izatea, Okzitanian okzitanera ofiziala izatea.