Bolibiako brigadaren 4. kronika eta argazki galeria: mARTadero

Bilerak alde batera utzi eta Villa Coronilla auzoan dagoen mARTadero gune sozial autogestionatua bisitatzera joan gara. Auzoaren izenaren atzean emakume borrokalari batzuen istorioa ezkutatzen da.


1812an, Bolibia independentziaren alde borrokatzen ari zenean, Cochabambako erasoetan batez ere emakumeak izan ziren La Coronilla izeneko mendixkan lubakietan egon zirenak. Soldaduek garaitu zituzten arren, Cochabambako historian garrantzi handiko gertaera izan zen eta geroztik modu batean edo bestean hiriko leku ezberdinetan omenduak izan dira. Irakurri osorik



“mARTadero”-ra bueltatuz,  kultura eta artearen bitartez garapen soziala bilatzen duen proiektua da.  2005ean sortu zen proiektua, lehen animalien hiltegia zen eraikinean. Proiektu ezberdinak daude martxan eta bakoitzak modu autogestionatu eta propioan funtzionatzen du. Besteak beste, software librea, auzoarentzako wifia, haurrentzako tailerrak eta haurtzaindegi zerbitzua, zine zikloak, break dance ikastaroak, etab. eskaintzen dira.


Era berean,  BAU (Bienal de Arte Urbano de Cochabamba) izeneko proiektu artistikoa gauzatzen dute bi urtetik behin. 2011ean hasi zuten proiektu honetan, Bolibiako eta Latino Amerikako artistek hartzen dute parte, Cochabambako paretak, eta bereziki Villa Coronilla auzoa birgaitzeko asmoz. Honi esker, hiriko paretak mezu sozial eta politikoz betetako muralez josita daude.


KUSKA, emakume artisauen elkartea
“mArtadero”-ren barruan dagoen KUSKA proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen. Bertan Maria René Camacho aurkitu genuen buru belarri lanean eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkigun. Duela hiru urte sortutako proiektu honek artearen bidez emakumeen ahalduntzea bilatzen du. Emakume askok ezin dute etxetik kanpolan egin etxean zaintza lanetan aritzen baitira. Hori dela eta proiektu honen bidez etxetik atera eta ahalduntze ekonomikoa bilatzen da, beraiek ere autonomía propioa izan dezaten.  


Info gehiagorako: