Bolibiako brigadaren 5. kornika: RAFA PUENTE eta JUANITA ANCIETA

Cochabambako azken egunei zukua atera nahian Rafa Puente eta Juanita Ancietarekin bildu gara. Rafa Puente aldaketaren aldeko militantea da eta ibilbide luzea izan du Bolibiako aldaketa prozesuan eta baita gobernuan ere, nahiz eta azken urteetan gobernuarekiko ikuspuntu kritikoa azaldu duen. Bere etxean hartu gintuen eta ordu luzez aritu ginen azken hamar urteez berriketan. Puenteren iritziz Evoren lehenengo agintaldia Bolibiak izan duen onena da, baina uste du ordutik egin diren politikek hainbat hutsune dituztela. Onartzen du Evoren gobernuak indigenen errekonozimendua ekarri duela eta honek ez duela atzera bueltarik. Honetaz gain, ekonomian izan den gorakada eta pobreziaren jaitsiera nabarmena azpimarratu zituen. Irakurri osorik


Hala ere, pachamama edo amalurrarekiko gutxiegi egin dela uste du. Evok behin baino gehiagotan amalurraren eskubideek pertsonen eskubideen gainetik egon behar dela aldarrikatu izan du, eta Puenteren aburuz gero hori ez da bere politiketan ikusi. Horren adibideetako bat TIPNISarekin egon den gatazka da. TIPNISeko parke naturalean karretera bat egin nahi izan zuen gobernuak eta gatazka sortu zen, komunitate indigena batzuek naturaren defentsa lehenesten eta besteek euren komunitateen garapenerako ona zela ikusten baitzuten. Honetaz gain, uste du emakumeekiko indarkeria legea onartu dela, baina ez dela nahikoa, izan ere emakumeak laguntza eske doazenean burokraziarekin egiten baitute topo.
Gaur egun eskola alternatibo bateko zuzendaria da Rafa Puente. Momentu honetan eskolarekin dabil buru belarri sartuta eta momentu politiko hau etsipenez ikusten du.

Juanita Ancieta berriz, Bartolina Sisa landako emakume indigenen antolakundeko burua da. Barolina Sisa emakume aimara indigena bat izan zen Espainiako konkistatzaileen auka borrokan hil zena. Argiak izan ziren Ancietaren hitzak. Lehen emakumeak sukaldean, haurrak zaintzen aritzen ziren, baina sindikatuetan, politikan, mobilizazioetako lehenengo lerroan… egoteko gai garela esan zigun. Antolakundearen borroka ildo nagusiak bereziki bi eremutan banatzen dira. Batetik, landa eremuko antolakundea izanda, elikadura burujabetza,  garapen produktiboa edota ekoizleen eskubideak daude euren agendan. Bestetik emakumeen eskubideen alde ere aritzen dira, besteak beste emakumearekiko indarkeria amaitzeko lanean.
Hasieratik aldaketarekin bat egin duten mugimendu sozialen ardatzetako bat da Bartolina Sisa antolakundea. Ancietak behin eta berriz nabarmendu zuen azken urte hauetan protesta egitetik proposamenak egitera pasa direla, euren aldarrikapenak gobernuaren agendan txertatuz.


Munduko emakumeak batzera deitu ditu, elkarrekin borrokatuta dena baita posible!