Bolibiako brigadaren lehen kronika

Bidai luzearen ondoren, astearte arratsaldean, abuztuaren 2an, iritsi ginen Santa Cruzera. Lo egiteko lekua bilatu eta segituan deskantsatzera joan ginen, hurrengo egunean egun luzea baikenuen aurretik.


Goizean goiz elkartu ginen ONG Desafioko Alejandro Dausárekin. Bera izatez argentinarra da, baina urte ugari daramatza Bolibian eta goitik behera ezagutzen du bertako errealitatea.  Bolibiaren sorreratik gaur egunerarteko ibilbidea egin zigun; zergatik eta nola sortu zen herrialdea, azken urteetan ematen ari den aldaketa politikoa, honen indargune eta kontraesanak…



Santa Cruzeko egoera ere azaldu zigun. Eliteak bizi diren gunea da eta eskuina dago indarrean. 2008 urte inguruan tentsio une handiak bizi izan ziren, bertako autonomistek aldaketaren aurkako jarrera oso gogorra hartu baizuten, eta kalean indigenekiko arrazismoa eta bazterkeria oso handia zen. Egun ere,  Dausáren hitzetan, egoera asko lasaitu den arren klase zapalkuntza eta indigenekiko ezin ikusia oraindik ez da desagertu.


Dausárekin ONG Desafioren eginkizunetaz ere aritu ginen. Gazteen ahalduntzean aritzen dira lanean, hauek gero euren talde eta mugimenduetara eraman dezaten. Giza eskubide eta ongi bizitzearen alde egiten dute, formakuntza eta dinamiken bidez.


Arratsaldean IPELCko  (Instituto Plurinacional de Estudio de Lenguas y Culturas) zuzendaritzarekin bildu ginen. Kontu motza izango zen beraiek datorren urteko plangintza osatzeko bilera baitzuten, baina modu naturalean hizkuntzen normalizazioaren inguruko solasaldian hasi ginen. Beraien eginkizuna zein den azaldu  eta euren erronken berri eman ziguten. Guk euskararen errealitatea azaldu genien eta ikastolek, euskaltegiek… duten paperaren inguruan aritu ginen. Erreferentetzat zeukaten euskararekin egindako lana eta interes handia azaldu zuten bereziki trasmisioaren eta helduen alfabetizatzearen kontuarekin.


Ostegunean Radio Santa Cruzekoek elkarrizketa egin ziguten. Nahiz eta Santa Cruzeko irratia izan, ia Bolibia guztira iristen da.  Bertan nondik gatozen, brigadaren egikinzuna, Euskal Herriko borroka… izan genituen mintzagai.



Informazio gehiagorako:
-ONG Desafio: desafio.org.bo
-IPELC: ipelc.gob.bo