Bolivia. I kronika

brigada boliviaMilaka jatorrizko herritar bildu ziren atzo Oruron, Bolibiako hego mendebaldean, Errepublikaren independentziaren 184. urteurrenaren harira egingako ospakizunen baitan. Desfilean agerian geratu da Evo Morales-en gobernuaren eskutik abiatutako prozesuak babes zabala duela eta batasun hitzarmena osatutako bost eragile sozialak bertan elkartu dira hartutako konpromisoa berresteko.

CSUTCB, Bartolina Sisa eta CNCI, jatorrizko herritar nekazarien sindikatuak, eta CONAMAQ eta CIDOB, jatorrizko herritarren erakundeak dira Bolivian ematen ari den aldaketa prozesuaren bultzatzaile nagusiak eta egun agintaritzan dagoen M.A.S (movimiento al socialismo) koalizioaren sustatzaileak.

Atzokoa, independentzia gogorarazteko lehen ospakizuna izan da Konstituzio berria indarrean dagoenetik. Martxan izandako herritar zein erakundeak, konstituzioaren eraketan parte hartu zutenak, benetako protagonistak izan dira gaurkoan. Konstituzio hori da hain zuzen ere, aldaketa prozesuan emandako urrats garrantzitsuenetakoa, bertan aintzat hartzen baitira urteetan urratuak izan diren jatorrizko herrien eskubideak.

Bolivia osatzen duten 36 nazionalitatek parte hartu dute beraien kultura berezitasunekin, haur zein zahar, emakume zein gizonezkoak, beraien ohiko jantzi eta ikurrak soinean.

Bertan izan dira baita ere, Askapenak azken urteotan bezala bidali ohi duen brigadako kideak. Abuztu osoan zehar eragile eta mugimendu ezberdinekin biltzeko asmoa dute, boliviar herriarekin elkartasuna garatze bidean. Hain zuzen ere, ugariak izan dira herritarren eskutik brigadak jasotako babes keinuak, baita agintari nagusiengandik ere, haien artean Evo Morales presidenteak bidalitako agurra.