Bolivian hizkuntza eta kultura landuz ekin diote brigadari
Abuztuarekin batera heldu ziren Boliviara euskal herriko brigadistak. Indartsu eta gogoz, lurra hartzeaz bat Radio Santa Cruzen izan ziren, Voces Libre irratsaioan. Bertan Chiman eta Bésire hiztunekin identitate kulturaz mintzatu ziren. Laster izango dugu elkarrizketa eskuragarri.
Abuztuaren 4ean berriz, Boliviako Instituto Plurinacional de la Lengua y Culturako bileran izan ziren brigadako sei kideak. Bertan, Boliviako hainbat naziotako hizkuntza ordezkariekin egon eta Euskararen azken urteetako bilakaera aztertu zuten, baita beraien proiektu eta egoeren berri jaso ere.
Instituto Plurinacional de la Lengua y Cultura hasi berria den institutua izanik, hainbat eredu jasotzen ari dira, beraien proiektuak zelan aurrera eraman zehazten laguntzeko. Hauen artean ere gure hizkuntza kokatzen da Egun, egoitza zentrala, Santa Cruzen kokatzen da, hala ere, Boliviako hainbat lurraldeetan banatutako lokalak dituzte.
Hemen brigadisten hitzetan bilerak emanikoa:
Goizeko bederatzietan hasi gara gure ponentzia egiten. Lehenik eta behin, gure lurralde eremuaren berri eman dugu, bi estatu zapaltzaileen erdian gaudela eta urteetako asimilazio eta zapalkuntza prozesu baten barruan aurkitzen garela. Ondoren, gure hizkuntza dagoen egoeran egoteko, azken bost hamarkadetan zelako baliabide eta proiektuak sortu diren azaldu dugu, besteak beste, ikastola eta AEKren sorreren beharrak, komunikabideak, instituzionalizazioa… eta modu berean gaur egun hezkuntza sistemaren banaketa administratiboaren interes eta logikak aipatu ditugu.
Ondoren, minutu batzuetako atsedena eta gero, berriro ekin diogu bileraren bigarren atalari, Boliviako Instituto Plurinazional honen zeregin eta funtzioen berri jaso dugularik. Alde batetik, Boliviako jatorrizko komunitateen hizkuntza transmisioan zentratzen dira, honek dituen hainbat alderdi errespetatuz: izaera, kosmobisioa, filosofia… Modu berean, hizkuntzaz haratago, komunitateen kulturari eta identitateari ere erreparatzen diote. Izan ere, iraganean hizkuntza eta kultura asimilazio prozesu baten parte izan ziren. Datuen arabera, azken urteetan hiztunen %20 inguru galdua izan da eta ibilbide hau jarraituz gero, hizkuntza eta honek bermatzen duen identitatea galdu liteke. Hau gerta ez dadin, hauen normalizazioa lortzeko asmoz, eta hizkuntza bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz, hezkuntza sisteman planteamendu ezberdinak egin dira. Horretarako bi curriculum planteatzen dituzte, oinarrizkoa eta lurralde bakoitzari dagokiona. 0/70 legearen bitartez, hezkuntza elebiduna planteatzen da. Jatorrizko hiztunek prozesuaren protagonistak izan nahi dute, eta objektu soila. Lege honek izaera lokala eta globalaren arteko oreka ekitatiboa bultzatzen du. Hau da, hizkuntza bateratu baten irakaskuntza, Boliviaren kasuan gaztelania izango zena eta komunitate bakoitzekoak.
Institutuaren helburuetako bat, jatorrizko herrietan hiztun kopurua ez gutxitzea da. Hortik abiatuz, 0-4 urte bitarteko umeekin garatzeko proiektua diseinatu dute. Prozesu honetan hainbat faktore eta funtzio azpimarratzen dira. Alde batetik, amama eta aitonen lana izango da haur hauen zaintza informala: haiekin jolastu, abestu, estimulatu… beti ere, galtzear dagoen jatorrizko hizkuntzan. Asko dira, haien jatorrizkoa alde batera utzi, eta kolonialean mintzatzen direnak. Hau, batik bat, guraso eta haurren arteko harremanetan ematen da. Honekin, jatorrizko hizkuntzaren barneraketa goiztiarra lortu nahi da. Honez gain, behin hizkuntza ikasita, haur eta gurasoen artean ere hizkuntza horretan mintzatzea eta azkenik, beste komunitate batzuetara zabaltzeko erakargarritasuna ere.
Egindako bilera hau oso interesgarria delakoan gaude. Fase ezberdinetan kokatzen bagara ere, komuneko hainbat puntu ditugu eta hauek etorkizuneko harreman estrategikoak ezartzeko aukerak bermatuko lituzke.
Brigadak aurrera jarraitzen du eta guk beraiekin! Hurrengo egunetan kronika eta argazkiak jasotzen joango gara eta zuei hemen eskaintzen. Twitterren brigadistak zuzenean jarraitzeko aukera ere baduzue: @Bolivia14EH
Herrion borrokak iruten!