Brasilgo brigadaren lehen bideo eta idatzizko kronika
FLORESTAN FERNANDES ESKOLAKO KRONIKA
Florestan Fernandes eskolan Brasilgo egoera politikoari buruzko formakuntza jaso dugu, MSTko militanteen eskutik. Lerrootan laburpen bat egiten saiatu gara, ikasitako guztiaren lagin modura. Funtsean, Brasilgo lurrik gabekoen mugimendua latifundioen kontrako borrokak ezaugarritzen du. Hona hemen hori ulertzeko hainbat gako.
- Kolonizazioa:
Portugesen kolonizazioak (1531tik aurrera) jatorrizko herriak suntsitu zituen: 5 milioi indigena bizi ziren kolonizazioaren aurretik; egun 200.000 baino gutxiago daude. Herritarrekin batera, beraien kultura, pentsakera, lurrak eta baliabide naturalak ezabatu, desagerrarazi, okupatu eta lapurtu zituzten, kapitalaren mesedetan. Okupazio horrek gaur egun ere bizirik darrai, eta oso modu basatian gainera. Mato Grosso do Sul estatuko jatorrizko herrien kasua, esaterako. https://www.brasildefato.com.br/2016/06/23/mato-grosso-do-sul-manchado-pelo-sangue-dos-povos-indigenas/
Jatorrizko herrien lan indarra bereganatzea lortu ez, eta Afrikatik esklabuak ekarri zituzten lurra lantzeko, kafe eta azukre kañak bereziki. Baliabide naturalak ere bereganatu zituzten, Brasilgo meatzeak esaterako, Minas Gerais estatuan.
Kolonizazio prozesu honek latifundioen sorrerari bide eman zion, hau da, lur sail handiak jabe gutxi batzuen eskutan antolatzea. Brasilgo kostaldeko eremua 15 kapitania hereditariatan (eskualdetan) moztu zuten, erregela batekin bezala, eta Portugalgo aristokraziaren artean banatu zituzten lur zatiak. Eliza katolikoak ere banaketa horretan paper garrantzitsua jokatu zuen. Kolonizazioaren ondotik, Brasil estatu gisa egituratu zenean, lur banaketa hau legeztatu egin zuten, eta hartara, latifundioak nekazal elitearen eskutan gelditu ziren.
Egun, lurren %51 populazioaren %1aren eskutan dago, eta bertan soja, azukre kaña, mijo, transgenikoak eta bestelako lehengaiak ekoizten dira, modu masiboan eta bereziki Europara esportatzeko.
- 1950-1984: borroka garaiak
1945. urtean kapitalismo monopolista eta inperialista garatzen hasten da, hau da, nekazaritzaren modernizazioa bultzatzen da, eta merkatua gehiago irekitzen da, esportazio masiboak egiteko. Horren aurrean, Latinoamerikako nekazariak mugitzen hasten dira.
Mugimendu horrek baditu aurrekariak. Aipatzekoak dira, adibidez, Quilonbo deiturikoak: esklabutzatik ihesi zihoazen beltzek lurrak okupatu eta bertan komunak eraiki zituzten.
Borroka lokal horien txinpartetatik jaio ziren 1950an Ligas Camponesas (Nekazarien Ligak), langileen autoantolakuntza eta lurraren aldeko lehen mugimendu antolatuak. Horien presioari esker 1964ean lurraren lehen estatutua idatzi zuen gobernuak. Lege horren arabera, lurrak funtzio soziala betetzen ez badu (alegia, produktiboa ez bada eta langileen baldintzen eta naturaren errespetua bermatzen ez badu) herritarrek okupa dezakete. Horrek zilegitasuna eman die lurraren aldeko mugimenduei, hauek baitira legea praktikan aurrera atera dutenak. Izan ere, gobernuek (eskuinekoak ala ezkerrekoak izan) ezer gutxi egin dute legea betearazteko.
1964tik 1989ra diktadura militarra ezarri zuten Brasilen. Jazarpen garaia izan zen, eta, beraz, mugimendu sozialek, baita lurraren aldekoek ere, errepresio gogorra pairatu zuten: atxiloketak, erailketak… Honek mugimenduaren gainbehera eragin bazuen ere, 1970. hamarkadaren amaieran berriz ere aktibatzen hasi ziren.
1975ean Comisio Pastoral Social da Terra (CPT) sortu zuten, Eliza Katolikoaren barruan lurraren aldeko talde bezala. Aurreko erresistentzia borrokekin eta CPTren sorrerarekin agerian geratu zen antolakuntza nazionalaren beharra. 1974ean Confederacion Nacional dos Trabalhadores na Agricultura sindikatu nazionala sortu zuten, gerora instituzionalizatuko zena (hori izan zen lehen mugimendu nazionala). Eta 1984ean sortu zuten MST, lurrik gabeko nekazarien mugimendua.
1988ko konstituzio federalean ere (184. eta 187. artikuluak) lurraren funtzioa zehaztu zen, produkzio indizeen araberakoa. 1964koa baino atzerakoiagoa da lege hau, ez baititu langileen baldintzak eta ingurugiroa kontuan hartzen; produkzioa soilik hartzen du kontuan, eta markatutako produkzio indizeak ez dira egokiak. Adibidez, hektarea batean behi bat izatea nahikoa da lur hori produktibotzat jotzeko, eta, beraz, lur hori ezin okupatu ahal izateko.
- 1990tik aurrera: Neoliberalismoa
1989an, lehen hauteskunde “demokratikoak” egin zituzten Brasilen. Ordurako Luis Inácio Lula da Silva PT alderdikoa aurkeztua zen, baina Fernando Collor de Melok irabazi zituen hauteskundeak. Presidente honek Brasilgo txanpona dolarraren balore berean jarri zuen. Horren ondorioz, politika neoliberal basatiak ezarri zituen estatuan, FMIk eta banku mundialak aginduta: pribatizazioak, multinazionalekin harremanak...
Neurri horien aurrean, MSTk mobilizatzen segitzen du, eta lurrak okupatzen zonalde desberdinetan. Mugimendua gero eta aktiboagoa da, eta, beraz, gobernua mugimendu hau kriminalizatzeko mekanismoak aurrera eramaten hasten da, esaterako, komunikabide desberdinak erabiltzen ditu MST desitxuratzeko. Honekin batera, transnazionalak Brasilen kokatzen hasten dira produktuak beraien herrialdeetara esportatzeko.
Ondorengo gobernuek (bereziki Fernando Henrique Cordosorenak) ere politika neoliberalak bultzatzen dituzte. Esaterako, Banco da Terra egitasmoa sortzen dute: kanpoko bankuei maileguak eskatuta, gobernuak lurrak erosten ditu, eta Brasilgo herritarrei lur horiek saltzen dizkiete, familia horiek maileguak eskatzera bultzatuta. Gobernuak, neurri honekin, MSTren okupazioak deslegitimatu nahi ditu, baina politika honen aurrean MSTk okupazioekin aurrera segitzen du, lurrak herriarenak direla aldarrikatuz.
PT Partido dos Trabalhadores (langileen alderdia) 2003. urtean iritsi zen gobernura. Nekazal Erreformak agindu arren, hasieran aipaturiko familia kopuruen %6ei baino ez diete lurrik eskaini. Onurak ekarri dituzten hainbat programa garatu ditu PTk, halere. Besteak beste, PAA programa, zeinaren bidez hiri handietako faveletako gosearekin bukatzeko MSTko kooperatibetako janaria erosi baitute, edota PNAE, eskoletako elikagaien %30 ekoizpen agroekologikotik etorri behar direla finkatzen duena.
- Dilma Rousseffen kargugabetzea
2014ko hauteskunde kanpainan hasi zen PTko Dilma Rousseffen kontrako impeachment ala kargugabetzea. Frente Brasil Popular-ek egiten duen irakurketa da eskuinak prestatu eta bultzaturiko estatu kolpe bat dela. http://www.askapena.eus/es/content/declaracion-del-mst-frente-al-nuevo-gobierno-golpista-en-brasil
Maiatzaren 12an egin zuten Senatuan Rousseffen kontrako bozketa: 50 senatoretatik 23k kargugabetzearen kontra bozkatu zuten eta 27k alde. Abuztuaren 22an berriro egingo dute bozketa, eta ikusteko dago zer gertatuko den. Hiru senatorek iritziz aldatuko balute, Rousseff bueltatuko litzateke.
Frente Brasil Popularrek eskatzen duena da (MST frente horren barruan dago) Rousseff bueltatzea Michel Temer eskuinekoaren gobernuak herritarren lorpen asko atzera bota dituelako jada, eta hasi baino ez da egin. Hala ere, eskatzen diote Nekazal Erreforma herritar eta indartsu bat aurrera eraman dezala, aurretik egin dutena baino hobea. Aldi berean, Frente Brasil Popular auzo eta herrietan antolatzen ari da, mugimendu zabalago bat artikulatzeko.