Brasilgo lurraren aldeko borrokaren historiaren ondarea

Kolonizazio garaitik hasi eta gaur arte, luzea eta gogorra bezain oparoa da Brasilgo lurraren aldeko borroka. Florestan Fernandes eskolan astebeteko formakuntza jaso dugu Brasilera etorri garen brigadistok, besteak beste borrokaren historiaren inguruan zein Movimento Sem Terraren helburu eta jardueraren inguruan ere.

Portugalgo koroaren eskutik kolonizazio prozesu latza jasan zuen Brasilek 1500tik goiti. Bertan milioika urtez bizi izandako jatorrizko herrien ezabatze prozesu luze eta gogor honen ondorioz, 5 milioi indigena izatetik 300.000 baino gutxiago izatera iritsi dira egun. Kolonizazioari estuki lotua da lurraren aldeko borrokaren historia, eta garai hartan kokatzen da gaur egun bizirik dirauen erresistentzia mugimenduaren hastapena ere.


Inbasioak markatu zuen egungo Brasilen errealitatea. 1500 urte inguruan, lurraldea zein lur haietan bizi ziren pertsona, herri, animalia zein ondare naturala Portugalgo koroaren jabetza izatera pasa eta familia inperialak dominazio harremanaren finkatzea ekarri zuen bertara. Honela, gaur egun Brasil bezala ezagutzen dugun herrialdearen luze zabalean bizi ziren jatorrizko herri gehienak kapitalaren mesedetan desagerrarazteari ekin zioten, bidean milaka pertsona, hizkuntza zein kulturaren genozidioa aitzina eraman, eta ondare naturalen ustiaketa basatia eraginez.

Europatik eramandako gaitzen iristeak ere ondorio larriak izan zituen jatorrizko herriengan, eta pixkanaka lurraldearen baitan ere mugitzera behartu zituzten. Baina esklabutzaren ezartzea ez zen hain prozesu erraza suertatu Portugalgo koroarentzat, eta beraz, jatorrizko herrien lan indarra ezin bereganatuta eta industri iraultzaren testuinguruan logika komertziala aldatuta, lan indar iturri berrien beharrak Afrikatik Brasilera miloika esklabu eramatea eragin zuen.

1572tik goiti lurraldea kapitania deituriko 15 lur sail erraldoitan banatu zuen koroak, 12 familiaren eskutan utziz lurraldearen gaineko boterea. Modu honetan, gaur arte irauten duten lursail hedadura izugarriak, kanpo merkatuari begirako monolaborantza eta langile esklabuak bilakatu ziren ezarritako produkzio ereduaren oinarriak. 1888 urtera arte, esklabutzan oinarritutako ekonomia garatu zen Brasilen.

Mende horietan zehar ez ziren erresistentzia mugimenduak falta izan, Afrikatik eramandako esklabuek ere elkarren artean antolatu eta hainbat erresistentzia foko osatu baitzituzten. Gatibutasunetik ihes egin eta quilombo deituriko gune askeak osatzen zituzten bereziki Palmaresko eremuko lurrak okupatuz, eta bertan hartzen zuten aterpe ingurutako indigena, pobre zein prostitutek ere besteak beste. Zunbí izan zen Palmaresko lider ezagunena, Angolako gudarien oinordekoa, eta Sepé Tiaraju izan zen aldi berean guaranien buruzagirik sonatuena.

1850 urte inguruan osatutako Lurren Legeak gaur arte irauten duen latifundioa legez egonkortu zuen, lur sail hedadura erraldoiak gutxi batzuen jabetza pribatu gisa mantenduz. Izan ere, lurra diruz erosteko gaitasuna zuenak bereganatzea ahalbidetzen zuen lege honek, baina dirurik ezean, orduko lurreko langileek, esklabu ohiek zein desplazatuek lurra eskuratzeko aukerarik gabe gelditu ziren eta latifundioek nekazal elitea osatzen zuten horien esku egotea betikotu zuen. Urte haietan garatu ziren borroka mesianikoak deiturikoak, 1930. urterarte iraun zutenak.

1950. urtetik goiti Ligas Camponesas egituratu zen lurraren aldeko borrokan. Mobilizazio eta ekintza garrantzitsuak burutu zituzten nekazal erreformaren aldarrikapenaren baitan eta lehen mugimendu antolatu honek lorpen handiak eragin zituen, gobernua lurraren lehen estatutua onartzera derrigortuz. 1964. urteko lege honetan jasotzen da lehen aldiz lurraren funtzio sozialaren ideia: Lantzen ez den lurrak ez du funtzio sozialik betetzen eta beraz lur hori lantzen duenak legez eskuratu lezakeela aurreikusten du lege honek.

Aurrerapauso handia suposatu zuen honek, baina praktikan legea bera betearazteko oztopo eta zailtasunak handiak zirela ikusirik lurraren aldeko mugimenduak nekazal erreforma ezartzeraren aldeko borrokan segitu zuen.  

Diktadura militarraren garaian (1964-1989) jazarpena sakondu eta errepresio gogorra jasan zuten orohar Brasilgo mugimendu sozialek. Nekazal eremuan bizitzea ez zen garai haietan herritarrentzat lehen aukera, izan ere landa eremuko bizitza bizimodu gogorrarekin lotzen baitzen geroz eta gehiago. Hiria aukeraz beteriko eremu gisa ikusten hasi ziren herritarrak, eta hara joanda bizimodu errazagoa aurrera eramateko baldintzak izanen zituztelakoan, exodo masiboa hasi zen gertatzen.

Garai haietan nekazal eremutako langileek borrokaren berrindartzea ekarri zuten, euren lan baldintzen hobetzea aldarrikatuz, lurren okupatzearen bidez hauen metatzea salatuz. Bestetik, lurrik gabeko hainbat familiak okupazioak burutu zituzten 1979 urte inguruan, eta guarani indigenen oinordeko ziren kaigangs-ak ere batu ziren lur haietan.

Comisio Pastoral Social da Terra (CPT) 1975ean sortu zen Eliza Katolikoaren baitako talde gisa. Lurraren aldeko mugimendua maila nazionalean artikulatzeko beharra geroz eta nabarmenagoa zen,  eta 1974ean Confederacion Nacional dos Trabalhadores na Agricultura sindikatu nazionala sortu zuten.

Mendeetan zehar hainbat izan dira lurraren inguruko borrokan aritu izan diren mugimendu eta taldeak, eta borroka ondarearen lekukoa jaso zuen 1984. urtean sortutako Movimiento Sin Tierrak.

Brasil lurralde biziki aberatsa da baliabide natural, humano eta kulturalei dagokienez. 8.500.000 kilometro kuadroko hedadura dauka, eta lur emankorren hedadura oso oso handia da. Energetikoki hainbat iturriren sortzaile handia da, eta nekazaritza kapitalaren logikaren menpe dago erabat.

170.00.000 herritar ditu Brasilek, integrazio maila handia, hizkuntza beraren pean. Aberastasun izugarria izanda ere, herritarren arteko desberdintasun sozial eta ekonomikoa oso handia da. Adibide bat emateko, 20 latifundistek 3.300.000 nekazari adina lursail dute euren esku. Egun, lurren %51 populazioaren %1aren eskutan dago, eta bertan soja, azukre kaña, artatxikia, transgenikoak eta bestelako lehengaiak ekoizten dira, modu masiboan eta bereziki Europara esportatzeko. Ezbairik gabe, kontraste handiko herrialdea, zentzu guztietan.

 

MST, Nekazal Erreforma Herritar baten aldeko borrokan

Lehen biltzar nagusia 1984. urtean egin zuen Movimento dos Trabalhadores Sem Terrak. Bertan, MST antolakunde nazional gisa gorpuztu, eta hiru helburu nagusi zehaztu zituzten: lehenik lurraren aldeko borroka, bigarrenik Erreforma agrarioa edo Nekazal Erreforma Herritarra eta hirugarrenik eraldaketa soziala.

  • 1985eko lehen kongresuan “Okupazioa da bide bakarra” izan zen lelo nagusia.
  • 1987an MSTren bandera eta sinbologia adostu zituzten. Kolore gorria, emakumea eta gizona, matxetea lan tresna zein erresistentzia ikur gisa eta Brasilgo lurraldea berak osatzen dute ikurra.
  • 1988an Instituto Nacional de Colonizacion y Reforma Agraria (INCRA) sortu zen eremu instituzionalean Brasilgo Gobernu Federalaren eskutik. Hauxe da lurraren kudeaketa egiten duen erakundea, espropiazioak egiteko eskumena duena besteak beste.
  • 1990ko bigarren kongresuan “Ocupar, resistir y producir” lema erabili zuten. Okupazioaren ekintzaz eta erresistentziaz haratago, eurentzat helburu gorena zen elikagaien ekoizpena ere nabarmendu nahi izan zuten.
  • 1990ean, “Reforma Agraria, uma luta para todos” hautatu zuten lelo gisa. Honela, nekazal erreforma herri osoaren erronka gisa erakustea lehenetsi zuten. Izan ere, dioten bezala, nekazal erreforma landan eman bai, baina hirian irabazten baita. Ideia hori barneratu eta hirian ere erreformaren aldeko kontzientzia pizteko helburuz martxa handiak burutu zituen MSTk, eta eskolak, kooperatibak zein produkzio sistema agroekologikoak antolatzeari ekin zion aldi berean.
  • 1996ean El Dorado de Carajaseko sarraskia gertatu zen, Fernando Henrique Cardoso eskuineko presidentearen legegintzaldian. Lurrik gabekoen protesta baketsu batean 21 pertsona hil zituen polizia militarrak. Estatu indarkeriak hain bortitz jotzen zuen lehen aldia zen eta erailketa honek zinezko kolpea suposatu zuen mugimendu osoarentzat.
  • 1997an nekazal erreformaren, enpleguaren eta justiziaren aldeko martxa egin zuten milaka pertsonaren parte hartzeaz. Hiru hilabeteko ekimen erraldoiak Brasilgo Nekazal Garapenerako Ministerioa sortzea indartu zuen.
  • 2000. urteko kongresuan beste urrats bat eman zuten MSTko kideek, “Por um Brasil sem latifundios” aldarrikatuz. Garrantzia berezia izan zuen kanpaina honek, 2002. urtean PT, Partido dos Trabalhadores-en hautagai zen Lula Da Silvak irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Lulak langile eta nekazarien beharrei zein nekazal eliteen eskaerei erantzuteko politikak eraman zituen aurrera, baina ez zuen inolaz MST-k eskatzen zuen nekazal erreformarik burutu.
  • 2007an egindako bosgarren kongresuan, “Reforma agraria, pela justicia social e soberania popular” izan zen aldarria.
  • 2014. urteko seigarren kongresuan “Lutar, construir reforma agraria popular” leloa erabili zuten, izan ere nekazal erreforma burgesaren aukeraren artean, herri osoarentzako egiazko erreformaren izaera herritarra nabarmendu nahi izan baitzuten.

 

MST, mugimendu zabala eta ongi antolatua

Gaur egun 300.000 familia daude asentatuta, eta 150.000 familia inguru akanpatuta. Oro har, 2 milioi pertsonek osatzen dute MST mugimendua.

Antolakuntza mailan mugimendu oso interesgarria da MST. Hainbat arlo lantzen ditu, maila nazionaletik akanpaleku eta asentamenduetaraino. Sektoretan antolatzen da MST: masa borroka, formazio politikoa, hezkuntza, produkzioa, komunikazioa, proiektuen garapena, generoa, giza eskubideak, osasuna, finantziazioa eta nazioarteko harremanak lantzen dituzte.

Hainbat borroka molde uztartzen ditu MSTk: lur okupazioak, akanpalekuak, martxak, gose grebak, leku publikoen okupazioak, hirietako akanpadak, bankuen aurreko akanpadak, manifestazioak, ekimen kulturalak, mistika…


Nekazal Erreforma Herritarra
Ondorengo puntuetan oinarritzen da MSTren Nekazal Erreforma Herritarra:

  1. Lurra Brasilgo herriaren eskuetan egon behar da
  2. Elikagaiak ekoiztea da lurraren funtzio nagusia
  3. Produkzio hori agroekologian oinarritua egon behar da
  4. Haziak gizateriaren ondarea dira

Oinarriak garatzeko proposamen hau egiten du MSTk, estatu sozialista eta herritar baterako urrats gisa:

  • Lurraren demokratizazioa
  • Ura pertsona guztien eskura egotea
  • Laborantzako produkzioa kooperatibetan antolatzea eta egituratzea
  • Laborantza politika garatzea
  • Hezkuntza landa eremuetara zabaltzea
  • Hirietako industria deszentralizatzea
  • Estatuaren administrazio egitura aldatzea, Nekazal Erreforma azkarrago egin eta garatzen dela bermatzeko