Brigadisten eskutik bolibiako prozesu eraldatzailearen nondik norakoak


2005ean Evo Morales eta Movimiento al Socialismo (MAS) herriak Gobernuan jarri zituenetik, Boliviako herriak izandako onurak bistakoak dira. Datu batzuk ematearren, muturreko pobrezia %36,7tik %16,8ra jaitsi da eta aberatsen eta pobreen arteko aldea nabarmen txikitu da. Bestalde, gutxieneko soldata bost aldiz igo da, 440 bolivianotik (62 euro) 2000 bl-ra (285 euro). Inbertsio publikoa ere 10 aldiz handitu da. Adibidez, haur, emakume zein pertsona zaharrei bono-laguntzak banatzen zaizkie beren beharrei aurre egiteko: ikasten jarraitu ahal izateko, gutxieneko beharrak asetzeko, etab. Industrian, etxebizitzan eta bestelako alorretan ere inbertsioak egin dira. Baina, nola da posible hau guztia egiteko ahalmena izatea? Nondik datoz diru-sarrerak?

Boliviak aberastasun handia dauka hainbat lehengairi dagokionez, gasa eta litioa, adibidez. MAS Gobernura iritsi aurretik ere, herritarrek bertako lehengaiak eurek kudeatzea eskatzen zuten. Aipatzekoak dira 2000. urtean izandako Uraren Gerra, herrialdeko uraren kudeaketak publiko izatea jarrai zezan eskatuz, eta 2003ko Gasaren Gerra. Aldarri horiek eragin zuten, besteak beste, Evo Gobernuan sartzea. Behin agintaritza lortuta, Gobernuak hartu zuen lehendabiziko neurria hidrokarburoak nazionalizatzea izan zen. Ordura arte, hortik ateratzen zen irabazien %20 herrialdean geratzen zen eta gainontzeko %80 kanpora joaten zen. Gaur egun alderantzizkoa da; %80 bertan geratzen da. Horrez gain, enpresa publikoak sortu ziren: hegazkin konpainia, mugikor enpresa, etab. Horrek guztiak ondorio garrantzitsuan izan du Boliviako herrian. Diru-sarrerak izugarri handitu dira eta lortutakoa herrian inbertitu da, aurretik aipatutako neurriak hartuz.

Bestalde, aurrerapen handia egin da jatorrizko herrien aitortzari dagokionez, nazio aniztasuna konstituzioan sartuz eta arautuz. Horren ondorioz, herriaren ahalduntzean pauso handiak eman dira eta, egun, lehen zuri-boteretsuei zegozkien esparruetara irits daitezke indigenak eta herritar xumeak. Hala ere, ezin dugu esan erabateko berdintasuna dagoenik. Barneko kolonialismoa oso presente dago oraindik.

Gaur egun Euskal Herrian neoliberalismoa pobrezia, prekarietatea... sozializatzen ari den honetan, Boliviako prozesutik irakaspen interesgarria jaso dezakegu. Herriok burujabetza eta aitortza izanda, gizarte justuago bat eraikitzera jo dezakegu, posible delako norbanakoaren etorkizuna eskuetan hartu eta etsairik indartsuenaren aurrean ere bide propioak eraikitzea.