Cushamen komunitate maputxea birrindua!

Bennetton eta estatu argentinarrak Cushamen komunitate maputxea birrindu dute herenegun, 200 polizien razziaren bidez: balaz zauritutako bi maputxe larri dira, 11 atxiloturik.

1994ean Carlos Menemek Bennettoni saldutako lur horietan, maputxeei indarrez kendutakoak dira eta duela hamabost urte burutu zen lehen berreskurapena maputxeen eskutik, Santa Rosa Lelequen. 2015etik Cushamen lurraldean. Urtarrilaren 11an, 200 polizi, ibilgailu militar, dron, zaldi, helikopteroz... 20 bat pertsonaz osatutako Cushamen komunitate maputxea erasotu zuten.

Komunitatera doazen bideak moztu zituzten, eta goizeko zazpietan tiroka sartu ziren, inolako baimenik gabe. Hiru komunero balaz zauritu zituzten, bi larri. Bati matrail hezurra eta besteari burezurra tiroz hautsiz. Biak dira Bariloche eta El Bolsoneko ospitaletan larri. Beste hamaika pertsona atxilotuta eraman zituzten, Esqueleko Unidad Penal 14 delakoan. Komunitateko abereak ere eraman egin zituen poliziak.

Bereziki asaldagarria da komunitateko umeak bere amekin ziren etxe batean gertatutakoa. Poliziek etxea inguratu zuten bi orduz, emakumeek atea mahaiez trankatu zuten polizien sarraldia oztopatzeko. Azkenean indarrez sartu, emakumeak ileetatik arrastaka kanpora atera, jipoitu eta ordubetez esposaturik eduki zituzten, abokatu bat heldu zen arte. Guztia euren seme-alaben aurrean, Ailin Copimanek, ametako batek salatu modura


Lur horri zeharkatzen duen “La trochita” izenez ezagutzen den tren turistikoa, hilabete batez mozturik zeukaten maputxeek lur horren gainean duten jabetasunaren aldarrikapena eginez.

Giza eskubideen elkarte ezberdinek euren salaketa egiten dihardute, APDH, CORREPI eta Nora Cortiñas Plaza de Mayoko ametakoak osatutako delegazio bat ere parte hartzen ari da polizien basakeria salatzeko mobilizaziotan eta Chubuteko gobernuarekiko harremanetan.

Chubuteko Gobernuko Pablo Duran ministroak terroristatzat jo izan du euren eskubideen aldeko maputxe herriaren ekimena.

Askapenak irmoki salatzen du, maputxe herriaren aldarri legitimoari neurrigabeko indar eta bortxaz argentinako estatuak emandako erantzun anker hau eta bere eskubide guztiak errespetatu daitezela eskatzen du.

Informazio gehiago: http://www.cholilaonline.com/