El Salvador, I Kronika

Chalatenango departamentuan gaude, Los Ranchos herrixkan TNT (Tiempos Nuevos Teatros) kultur elkarteareko lagunekin. Gerra garaian, eremu hau oso kolpatua izan zen, hemen izan ziren borrokarik latzenetarikoak eta familia guztiek dituzte borroketan hildakoak edota erahildakoak. Egoera latz horrek, nekazariak ziren herritarrak kokildu baino, armak hartu eta borrokatzera bultzatu zituen. Hemengo borroken parte izan ziren ere hainbat euskaldun.

Euskaldun internazionalistak, bere etorkizunaren jabe egin nahi zuen eta justizia soziala, bakea eta askatasuna ametsa zuten herriari elkartasuna adierazi eta bizia ematera etorri zirenak. Haietako adibide bat dugu Pakito Arriaran arrasatearra. Hemen, Juancito bezala ezagutua, el Chele Juancito. Borrokan bizia utzi zuen euskaldun internazionalista, euskaldun gudaria. “Bi herri maitatzeko, mundu bat borrokatzeko” esan zuen, eta ideia horrek gidatu zuen Pakito gerraren momentu latzenetan ere.

Erasoaldi batean hanka galdu zuenean ere, ez zen bere jaioterrira itzuli eta El Salvadorreko mendietan borrokan jarraitzea erabaki zuen. Erasoaldi militar batean erahil zuten eta bertan lurperatu zuten egun batzuk beranduago bere kideek familia eta Pakito beraren nahia betez. Abuztuaren 1ean, Pakito, Juanzito oso ondo ezagutu zuten Frenteko gerrilari hoiekin, azken garaietan egon zen leku eta egiandako ibilbideak berregin genituen. Horrela, Zapotal herriaren inguruetan dagoen bere hilobiaren aurrean egoteko aukera historikoa izan genuen 25. urteurrena den honetan. Pakitoren inguruko historiak entzun eta FMLN eta Eusko Gudariak abestu genuen. Une hunkigarri horretan, Elkartasun eta internazionalismo hitzak edukiz bete ziren. Egun hauetan, hainbat herritarrek beraien etxeak zabaldu dizkigute gerraren ondorio latzak lehen pertsonan kontatzeko. Horrela, Begoña Sopelana euskaldunak egin izan zuen lanaren testigu ere izateko aukera izan dugu. Euskal brigada honek izan duen harrera bero eta hunkigarria, seguruenik, gerra garaian bertan borrokan egondako hainbat eta hainbat euskaldunok utzitako haziari esker izan da. Las Vueltas herrian, FMLNko ordezkaritza batekin bildu ginen, Bertoko alkateak ere, harrera egin zigun eta Euskal Herriari eta Arrasateko herriari bereziki ere esker onak eman zizkien herriko plazan dagoen Pakitoren oroigarriaren aurrean.