Errepresioaren gainetik, Herriok erabaki!
Hamburgon batu ginen lagun ezberdinek, oligarkia finantziero eta merkatuen diktadura sustengatzen duten munduko potentzia ekonomiko diren herrialdeen jokabidea salatu genuen. Gaur egun mundu mailan zabalduriko oldarraldi neoliberala indargabetu eta herri zein langile klasearen aurka behin eta berriro harturiko erabaki politikoen aurkako ahotsa ikustarazi nahi izan genuen.
Horrela izan zen hiru egunez. Mobilizazio, blokeo, performance eta barrikada artean, Herriok erabakitzeko eta beste mundu bat eraikitzeko dugun determinazioa plazaratu genuen, agintariak luxuzko kontzertuak entzuten ari ziren bitartean. Tartean, goitik behera armatutako armada polizial kontaezina. Berdez, urdinez, beltzez, grisez edota marroiz jantzitako etengabeko desfilea. Furgoiak, ur tanketak, helikopteroak... Zoratzeko bezalako zaratak, eta sirena hots amaigabea 24 orduz. Gizon zuri gorbatadunaren diktadura mantendu eta sakondu nahi dutenen biolentziaren erakusgarri.
Normaltasuna nahi zuten Hamburgon, eta hala izatea lortu zuten, lehen manifestazioa gelditu eta dispertsatu zuten momentu beretik. Pobrezia, errepresioa eta biolentzia identitate zigilu dituen sistemarentzat, normaltasuna kaosa delako. Gutxi batzuen ongizatea askoren sufrimendua delako.
Hala ere, irudiek erakutsi ez duten elementu ugari ekarri nahiko genituzke mahai gainera. Autoantolakuntza izugarria erakutsi zuten Hamburgoko gailurraren aurka antolatu ziren ekimenetan murgildutako eragile, kolektibo eta norbanakoek. Osasun asistentzia, asistentzia juridikoa, bolondresen bidez sukaldatutako otorduak, zaintzarako edo deskantsatzeko prestatutako azpiegiturak, informazio guneak... Izugarrizko antolakuntza maila, eta ezin ditugu zoriondu gabe utzi Hamburgoko herritarrak, infernuan espazio askeak egotea lortu zutelako.
G20ak, tamalez, bere ondorio politikoak izango ditu, herriok biziko ditugun ondorio tamalgarriak. Baina, sistemak horrekin nahiko ez eta bere aparatu errepresiboak erabili ditu G20aren aurrean altxatu diren ekintzaileen kontra. Hiru egun horietan egondako atxilotu eta zaurituez gain, hamarnaka dira oraindik kartzeletan dauden ekintzaileak eta horietako bat dugu David Rincon bilbotarra. G20an hartzen diren erabakiekin ados egon ez eta protesta egitera joan zen euskal herritarra. Bi hilabete pasata, espetxean diren gainontzeko kideekin batera epaitua izango da datorren irailaren 25ean. Doakiela besarkada estu bat berari eta berarekin batera diren gainontzeko kide errepresaliatuei.
Milaka gara, gure bizitzak miseria eta esklabutzara kondenatzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka egunez egun, munduko txoko ezberdinetatik militantziaren konpromisoa hartu dugunok. Hamburgokoa, herriz herri artikulatzen diharduen mugimenduaren plasmazio praktiko bat besterik ez da izan. Eta ez errepresioak, ez poliziak ezta kartzelak ere ez du geldituko jada abian den mundu berriaren aldeko borroka.
Bukatzeko, argi dugu, demokraziaren izenean ezkutatzen diren erabaki politiko neoliberalei aurre egin eta mundu berri baten eraikuntzarako zilegitasun osoa edukitzeaz gain ezinbestekoa dela, egunez egun hortzak estutu eta ukabilak tinko itxirik borrokari ekitea. Hilik nahi gaituztenen aurrean, tinko eta borrokarako determinazio osoz erantzungo dugu!
Herriok erabakitzeko, G20 akatu!
David eta gainontzeko lagunak askatu!