Erroma: atzo eta gaurko borroka

Abuztuaren 8an, asteartea, iritsi ginen Erromara. Heldu bezain laster, erdigunean kokatzen den jabetza publikoko bulego eraikin erraldoi eta okupatu batera eraman gintuzten. Hurrengo egunetan bertan geldituko ginen lotan, beraien etxea egin duten 400 bat bizilagunekin batera. Erromako etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduaren parte den Action kolektiboak okupatu zuen duela bi urte, eta jatorri eta adin guztietako jendearen artean kudeatzen den proiektu bat da. Kide batek azaldu zigun bezala, beraien helburua etxebizitza lortzeaz gain (“lotta per la casa”) bizitzaren alde borrokatzea ere bada (“lotta per l’abitare”). Eraikin berean uztartzen dituzte proiektu desberdinak, besteak beste Spin Time izeneko laborategi soziala, enoteka, jantoki soziala, edo auzorako hitzaldi aretoa.

Ondoren San Lorenzo auzora joan ginen La Strada zentro sozialeko gazteekin. Langile auzo honek borroka historia luze bat du, Mussolini eta bere faxisten Erromaren gaineko martxa geldiarazten saiatu zen bakarra izan baitzen. 1945ean Estatu Batuek bonbardatua izan eta gero 70. hamarkadan ezker extraparlamentarioko mugimendu desberdinek (Potere Operaio, Lotta Continua, ikasle mugimendua…) auzoaren kontrola bereganatu zuten. Gaur egun garai horretan sortutako zenbait proiektuk zutik diraute, Radio Onda Rossa irrati autogestionatua, Ventidue feminista eta lesbianen etxe okupatua edo Trentadue zentro soziala bezalaxe. Erromako unibertsitate nagusienetik oso gertu izanik, beste hainbat okupazio proiektu ere garatzen dira San Lorenzon: Studentato De Lollis ikasle erresidentzia, Nuovo Cinema Palazzo antzokia, Palestra Popolare gimnasioa eta ESC Atelier ikasleen zentro soziala.

Hurrengo egunean Salvatore BRtako militante ohiarekin hizketaldia eduki genuen Radio Onda Rossaren egoitzan. 30 urteko kartzelaldia izan zuen, eta erromako mugimendu iraultzaileen bilakaeraz eta irratiaren historiaz hitz egin zigun. Baita kartzela barruan izandako esperientzietaz eta borroketaz ere.


Erroma hegoaldeko itsasoan kokatzen den Bilancione izeneko espazio autogestionatuan bazkaldu genuen eta bere hondartzan bainu bat hartu eta gero, Tufello auzora abiatu ginen.


Bertan Astra gaztetxeko kideekin elkartu ginen. Urtero auzoan antolatzen duten hainbat eguneko festibala bukatu berria zeukaten. Gaztetxetik Palestra Popolare Valerio Verbano-ra joan ginen. Valerio faxisten eta Italiako zerbitzu sekretuen arteko harremanak ikertzeagatik bere gurasoen aurrean eraildako auzoko gaztea zen, eta bere memoria oso bizirik jarraitzen du herrian, muraletan, pintadetan, espazio autogestionatuetan… bere presentzia nabaria da. Studentato Puzzle gazte prekarioen etxebizitza proiektua eta eskola autogestionatua ere bisitatu genuen; bertan migranteentzako italiano klaseak, haurrentzako errefortzu klaseak, komikigintza tailerra eta abar antolatzen dituzte.
Eguna La Torre zentro sozialeko gaueko jantokian afaltzen bukatu genuen.


Ostegunean memoria historikoaren inguruko bira bat egin genuen: Porta San Paolo hasi ginen, bertan nazifaxisten aurkako Partigianien defentsak borroka luze eta gogorra eman zuen, Gramsciren hilobia bisitatu genuen eta Fosse Ardeantine espaziora gerturatu ginen: bertan nazifaxitek 335 erromatar mendeku gosez hil izana gogoratzen da.

Ondoren Testaccioko Ararat Kurduen zentro soziala ezagutu genuen, helduberri diren kurduentzako harrera puntua ere badena.
Handik gertu dagoen Acrobax zentro sozialera joan ginen. Espazioa gestionatzeko bi asanblada egiten dituzte: bata gestioan zentratuta (garbiketa, ekintzen antolaketa…) eta bestea politikoa (kanpo borrokekin duten harremana eta parte hartzea antolatzeko eta zentroan bertan egiten diren ekintzen inguruan hausnartzeko). Gainera, etxebizitza proiektu bat ere badago espazio honetan eta errugbi zelai handi bat auzoko taldeentzako. Talde hauetako bat, All Reds izenekoa, liga ofizialean aritzen da.

Garbatella auzora joan ginen ondoren, La Strada zentro sozialera. Hemen ere bi asanbladatan funtzionatzen dute. Liburutegia, ikasketa gela, jantoki herritarra eta terraza dauzkate. Auzoko lizeoko ikasleekin lanketa berezia egiten dute, errelebo generazionala bermatzeko apostu indartsua egin dutelako.

Handik Lucha y Siesta emakumeen etxebizitza proiektu sozialera joan ginen. 2008an okupatu zuten eta indarkeriatik ihesi zein krisi egoeran dauden emakumeak bizi dira hemen. Behar duten denbora guztia egon daitezke etxe honetan, eta bitartean haien bizitza-proiektu autonomoa garatzeko prozesua egiten dute: elkarri ikastaroak emanez, italianoa ikasiz, laneko entrebistetarako prestatuz… Modu autogestionatuan funtzionatzen dute, denen artean lana banatuz eta finantziazioa lortzeko auzoari begirako ekintzak antolatuz.

Eguna Forte Prenestino bukatu genuen. XIX. mende amaierako gotorleku okupatua da, Italiako zentro sozialik zaharrena eta festa elektronikoa zegoen gau hartan.

Ostiralean Quarticciolo auzora joan ginen. Bigarren mundu gerrako San Lorenzoren kontrako bonbardaketatik ihesi sortutako auzo langilea da. Historia borrokalari luzea dauka auzoak: 70. hamarkadan Brigada Gorrietan eta talde armatuetan oso aktiboa izan zen, eta 90. hamarkadan etxebizitzen okupazioak gora egin zuen. Coordinamento Cittadino di Lotta per la Casa mugimenduaren etxebizitza okupatua eta Palestra Popolare proiektua ikusi genituen. Auzoan gazteak drogetatik aldentzeko lanketa egiten dute, palestra izanda honetarako tresna bat. Auzoaren nortasuna indartzen saiatzen dira eta memoria historikoa lantzen dute: dokumental bat atera dute berriki, ikastaroak egiten dituzte auzoko historiaren inguruan, jai herrikoiak antolatzen dituzte…

Ondoren Garbatellara itzuli ginen eta auzotik buelta bat eman genuen: jatetxe okupatua ikusi genuen eta auzoko instituzioarekin herri mugimenduak izandako borroka eta garaipenak kontatu zizkiguten: liburutegia eta parkea borroka bitartez lortu zituzten.


Erromako gure azken eguna zentro historikotik bisita turistiko bat egiteko aprobetxatu genuen. Gaua heldu ahala, gure gauzak batu eta esker eta pena handiz beraien etxean jaso gintuzten kideez agurtu ginen. Milanora bueltan, bertatik gure etxera itzultzeko hegazkina hartu genuen. Agur bat baino, laster arte esan genion Italiari.

Berriz ikusi arte, beraiek esaten duten bezala: Arrivederci!