"Espainiar Estatu inperialistak egin nahi digun epaiketaren aurrean, internazionalismo gehiagorekin erantzungo dugu"
(Ekitaldiko irudiak amaieran eta bideo laburra hemen)
Gora Euskal Herria internazionalista!
Mila esker benetan, gaur hona, Zarautzera, zuen elkartasuna eta babesa erakustera etorri zareten guztiei.
Asko dugu eskertzeko gaurko ekitaldian... Hasteko, mila esker zuei, nazioartetik, munduko herri ezberdinetatik, zuen babesa erakutsi duzuen guztiei. Oso eskertuta gaude. Eskertuta, ulertzen dugulako zuen babesa ez dela bakarrik Askapenari eta auziperatuei ematen diezuen babes bat, Euskal Herri osoari ematen diozuena baizik. Beste behin ere, erakutsi diguzue ez gaudela bakarrik, bidelagun zaituztegula. Eta ez soilik errepresioaren aurrean: herri honen askapen nazional eta sozialerako proiektuan, bidelagun zaretela sentitu dugu berriz ere. Mila esker!
Horrekin batera, Euskal Herritik bertatik jaso dugun babesa ere eskertu nahi dugu.80 eragile sozial, politiko eta sindikalek; (Alderdiak) EH Bildu, (Sindikatuak) ELA, LAB, EHNE Bizkaia- La via campesina, ESK eta Steilas (Eragile Sozialak) Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Eleak, Sare Antifaxista, Marcha Patriotica EH, Txiapasekin, la Plataforma Vasca de Solidaridad con Chiapas, KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitarista, Bizkaiako Emakumen Asamblada, Mundubat, Ikasle Abertzaleak, Euskadi Cuba, Etxerat, Zirikatzen! Deustuko kolektiboa, Elkartzen, Asociación de Trabajadoras de Hogar de Bizkaia- Etxeko Langileen Elkartea, SODePAZ, Komite Internazionalistak, Ahaztuak, Euskal Herrian Euskaraz, Martxoak 3, Fracking ez, Bachue elkartea, AHT gelditu-Elkarlana, Mugitu, Antikapitalistak, SOS racismo araba, SOS racismo bizkaia, Mugarik Gabe, Ekologistak Martxan, Paz con Dignidad, Ongi etorr,i Asociación Atawasol vasco-maghrebi, Bizilur, Kortxoenea gaztetxea, Urretxu- Zumarragako Gazte Asanblada, Iruñea antifaxista, Anoetako Gazte Asanblada, Ondarruko Gazte Asanblada, Aizpeitiko Gaztetxea, Sare, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Lurra, Arraio Irratia (Zarautz), Esan Erran Irratia (Ultzama), Pulunpe Aldizkaria (Ultzama), Hala Bedi Irratia (Araba), 7. Alaba auzo elkartea, Eguzki,11kolore, Sanduzelaiko Unibertsitate Herrikoia, Comunidades Cristianas Populares de Euskal Herria, Colectivo Herria 2000 Eliza, Euskal Herriko Komunistak-EHK, GITE-IPES, Aintzina, Gazte Abertzaleak, Boltxe kolektiboa, Ahotsa.Info, Salhaketa-araba, Salhaketa Nafarroa, Burlataenea auzokide elkartea, BardenasYA, Internazionalistak auzolanean, Altsasuko Gazte Asanblada, OSPA!, Sahararen aldeko Berriozarko Lagunak, Gazte Komunistak - Juventudes Comunistas, Sustrai eraikuntza, Esparru gaztetxea, Mendillorriko gazte mugimendua, Donibaneko gazte asanblada, Kalekalde, Kateak Astintzen, Grupo de consumo jatEKO de Iruñea, Emakume internazionalistak eta Colectivo de personas en paro y precarias de Iruñerria. Hau ere, Askapenari eta auziperatuei eskainitako babesa baino askoz gehiago dela uste dugulako. Herri honekiko duzuen konpromisoa adierazten du, internazionalismoa bere oinarrien artean izango duen herri proiektu batekikoa.
Joan etorriko elkartasuna beste behin ere. Munduko beste herriengandik herri txiki honekiko jasotzen ari garen elkartasuna ikusi da gaurko ekitaldian, eta aldi berean, herri honek, munduko beste herriekiko erakutsi nahi duena, Euskal Herri internazionalista eraikitzen jarraitzeko konpromisoa.
Eta eskertzen hasita, ezin eskertu gabe utzi gure bostak. David, Aritz, Gabi, Walter, Unai. Mila esker urte guzti hauetan egin duzuen lanagatik, eta egiten jarraituko duzuenagatik. Mila esker herrien arteko xamurtasuna eguneroko praktikara eramaten laguntzeagatik. Oso harro gaude zuek egindako lanaz, zuetaz. Datorrena datorrela, jakizue ez zaudetela bakarrik, ez zaizuela inoiz elkartasunik faltako. Dagoeneko badakizue baina, maite zaituztegu!
Hau da, Espainiar Estatuari eman geniezaiokeen erantzunik onena. Hemen erakutsi den elkartasuna, eta gure konpromisoa. Hori delako epaiketa honekin lortu nahi dutena: herri honen askapen prozesua blokeatzea eta internazionalismoa erasotzea. Estatuak herri gutxiago eta internazionalismo gutxiago nahi du, eta guk herri gehiago eta internazionalismo gehiagorekin erantzungo diogu.
Eraso honen aurrean eman dezakegun erantzunik onena izateaz gain, munduko herri guztiak jasaten ari garen ofentsiba inperialistaren aurrean eman dezakegun erantzunik koherente eta eraginkorrena ere bada. Zoritxarrez ez zaigu adibiderik falta munduan: Abya Yalan indartu nahi duten ofentsiba politiko eta militarra, Venezuelaren aurkako erasoak areagotuz; Ekialde hurbilean sortu duten kaosa eta egoera horrek indartu dituen mugimendu faxistak; edota Europan bertan, Ukrainian eragin duten suntsiketa, Greziar herria itotzea, eta beste herritar guztion aurka hartzen ari diren neurri ekonomiko basatiak, TTIPa artean.
Kapitalak eta estatuek, oso argi dute zerk elkartzen dituen, zein den beraien agenda komuna. Kapitalismo basatiaren eta inperialismoa gogorrenaren alde egiten ari dira. Eta horren aurrean, zer hobea guk herri gehiago eta internazionalismo gehiagorekin erantzutea baino.
Baina internazionalismoaren beharra ez da koiunturala, egoeraren araberakoa. Internazionalismoaren beharra estrukturala da: herrion arteko aliantzak sortuz, elkarri babesa emanez eta agenda komunak adostuz, jazarpen estruktural honi erantzuteko estrategia bat da. Estrategia bat eta helburu bat aldi berean, herrion arteko harremanak errespetuan eta elkarren arteko osagarritasunean ulertzeko modu bat delako, justizian eta burujabetzan oinarritutako mundu batean.
Internazionalismoa beraz behar bat da. Beharrezkoa da edozein proiektu iraultzailerentzat, eta gurearentzat ere izan da, da eta izango da, baldin eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat eraiki nahi badugu.
Beraz, herri gisa internazionalismoa behar dugu gure askapen prozesua aurrera eraman eta mantentzeko. Baina aldi berean, herri gisa askatzea lortu behar dugu, benetako politika internazionalista bat gauzatu ahal izateko. Hori izango baita munduko beste herriei egingo diegun ekarpenik onena, gure herria askatzea. Behar den guztietan errepikatuko dugu: internazionalistak garelako … lehen urratsa Euskal Herria.
Zentzu honetan, lanean eta borrokan jarraituko dugula adierazteko gaude hemen. Espainiar Estatuak egin nahi digun epaiketaren aurrean, internazionalismo gehiagorekin erantzungo dugula esateko. Estatu inperialista hori ez delako inor gu epaitzeko, ez dugulako onartuko, haiena bezalako estatu inperialistek egiten dituzten sarraskiak salatzeagatik epaitu nahi izatea. Parean izango gaituzte.
Egun hauetan Jesus Valenciak idatzi duen “Askapena ya ha sido juzgada” artikuluak, internazionalismoarentzat erreferente bat den Cuba, eta Fidelen “La historia me absolverá” alegatu famatua ekarri dizkigu gogora:
“A medida que se desarrolló el juicio, los papeles se invirtieron: los que iban a acusar salieron acusados, y los acusados se convirtieron en acusadores.”
Ez dira inor gu epaitzeko. Ez dugu beraien baimenik behar internazionalistak izateko. Haiek nahi dutenaren kontra, internazionalismoak Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren oinarrietako bat izaten jarraituko du. Estatu inperialisten aurrean, internazionalismoak herrion arteko xamurtasuna izaten jarraituko du.
Lanera beraz. Bai Askapena eta baita herri libreen arteko elkartasunean sinesten dugun eragile guztiak ere, gure herriari eta munduko beste herriei zor diegu eta!
Gora munduko herriak!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora Askapena!