Espainiar estatua epaitu dute Tolosan praktika inperialistagatik
* Albistea eta argazkiak ataria.info web gunetik hartutak
Askapena, Askapeña, Heriak Aske eta Elkar Truke elkarteen eta bost euskaldun internazionalisten aurka, urriaren 19an, abiatuko den epaiketa salatzeko, estatu espainiarraren aurkako herri epaiketa burutu dute Trianguloa plazan.
Epaiketan epaileaz gain, lekukoak eta epaituak ere izan dira, alde banatan. Lekukoen artean zeuden, kubatarren ordezkari bat, saharar herriaren beste ordezkari bat eta euskaldun bat. Akusatuen lekuan, espainiar estatuko lau ordezkari, tartean Espainiako erregea.
Epaiketan zehar lekukoek hartu dute hitza, eta akusatuei hitza emandakoan ez dute hitz egin nahi izan. Epaileak bertan bildu diren ikusleekin kontsultatu nahi izan du erabaki, eta bertaratu direnen artean erabaki dute espainiar estatu "errudun" jotzea, honako arrazoiengatik: "Abya Yala-n mendeetan egindako sarraskiengatik, OTANeko kide izan eta inperialismoa yankiaren interesak babesteagatik, Sahararen ukazio eta zapalketen konplize izateagatik eta estaturik gabeko nazioen espetxe izateagatik".
Epaia eman ondoren, euskal ordezkariak hartu du hitza. Urriaren 19an, "espainiar estatu inperialistak" bost euskal herritar eta Askapena, Askapeña, Heriak Aske eta Elkar Truke elkarteak epaituko dituela aipatu du "euren praktika internazionalistarengatik". Epaiketa hau, ordea, ez dutela onartzen adierazi dute: "Ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitu, espetxeratu edo ilegalizatzea. Ez dugu onartzen espainiar estatuak herrien berezko eskubideak aldarrikatu eta burujabetzaren aldeko borroka babesten duten kide eta eragileak zigortzea".
Eskubide horiek "ukatu" eta herrien burujabetza "zapaldu" duena espainiar estatua izan dela salatu dute, eta "eguneroko praktika basati, esplotatzaile eta errepresiboagatik" epaitua izan behar duela uste dute. Horregatik, "Herriak Libre" izeneko kanpainan Tolosan eta beste hainbat herritan, espainiar estatuari herri epaiketak egitea erabaki dute, "bere praktika inperialistagatik".
Bestalde, urriaren 12an, epaiketen ondorengo herri sententzia ezarriko dute. Horretarako, manifestazio bat egingo dute, Iruñean, 12:00etan, Antoniutti parketik abiatuta. Eta gonbidapena luzatu diete bertaratuei manifestazioan parte hartzeko.