Europar Batasuna, urrun bezain hurbil
Azken finean, benetako erabakiak Europako Batzordean eta, batez ere, Europako Kontseiluan eta Europako Banku Zentralean hartzen dituzte, hau da, herritarrengandik urrunen dauden organoetan.
Abstentzioaz eta alderdi ezkertiar zein alderdi independentisten borroka instituzionalaz gain, badaude isilarazi eta desitxuratu nahi dituzten bestelako erresistentziak eta borrokak Europan barrena. Gogora ditzagun pasa den Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, frantziar Estatukoak (ikasleen mobilizazioak, langileen grebak...)
Orain dela hilabete egin ziren Europako Batasuneko Parlamenturako hauteskundeetako abstentzio handia (%60) adin eta klase ikuspegitik aztertuz gero, argi ikus daiteke abstenitutakoak gazteria, langileria eta langabeak izan zirela, hau da, herri sektoreak oro har. Beraz, instituzioaren delako «urruntasuna», esaterako, desberdina da neska gazte prekarizatuarentzat eta aita yuppie «arrakastatsuarentzat».
Hori, baina, ulergarria da, Europako Batasuna europar burgesiaren proiektu estrategikorako ezinbesteko tresna da eta. Lehenik eta behin, globalizazioarekin erabiltzen duten planteamendu ideologiko berari jarraiki, estatuei inposatzen zaien instituzio bezala aurkezten digute Europar Batasuna. Operazio ideologiko horren bitartez, estatuek euren erantzukizunak saihesten dituzte erabakiguneak estatuetatik haratago daudelakoan. Horrela, batez ere Maastrichteko Itunetik (behin Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna kolapsatuta) eskubide sozialak eta herrien bioaniztasuna murrizteko eta neoliberalismo basatia sustatzeko hartutako neurriak Bruselan hartu direla erakutsi nahi digute, estatuak neurri horien ezartzaile soilak balira bezala.
Baina neurriok estatuek eurek aurretiaz adostutakoak dira eta horrekin guztiarekin estatuak borrokarako eta erresistentziarako esparru ez direla ikusarazi nahi digute. Alabaina, kapitalismoaren krisi sistemikoaren aurrean estatuek erakutsitako desadostasunek eta hartutako neurri diferenteek argi utzi dute estatuak sektore dominatzaileen eskuetan dauden ezinbesteko tresnak direla gaur egun, bai Europar Batasunean bai munduko sistema kapitalistan, jabetza harremanen, lurralde-osotasunaren eta ezarritako ordena sozialaren bermatzaile administratibo eta koertzitibo bezala.
Hala ere, horrek ez du esan nahi Europar Batasunean gure egunerokotasunean eraginik ez daukaten neurriak ez direla hartzen, baizik eta Europar Batasunak hartutako neurriak estatuen eta lobby taldeen oniritziarekin hartzen direla. Are gehiago, europar instituzio horrek milioika herritar eta herri osoei norabide sozio-ekonomikoa inposatzeko ahalmena dauka eta, gainera, herriengandik eta herritarrengandik inolako kontrolik gabe egiten du hori.
Izan ere, Europar Batasunaren egitura instituzionala susmagarri konplexua da, ez dago botere banaketarik eta haren funtzionamendua ez da batere demokratikoa. Hauteskundeen bidez aukeratzen den organo bakarra Europako Parlamentua da, baina haren izaera aholku-emailea baino ez da, ez du ekimen legegileak sortzeko botererik, eta hori gutxi balitz, fiskalitate, moneta eta nekazal arlo estrategikoak haren eremutik kanpo daude. Azken finean, benetako erabakiak Europako Batzordean eta, batez ere, Europako Kontseiluan eta Europako Banku Zentralean hartzen dituzte, hau da, herritarrengandik urrunen dauden organoetan.
Hori dela eta, esan dezakegu europar burgesia handiak herrien eta herri klaseen dominazio eta esplotazio estrategian salto kualitatiboa eman duela Europar Batasuna finkatzen. Erreminta horren bidez, herri klaseek lortutako eskubide sozialak eta herrien bioaniztasuna deuseztatzen ari da kostu handia ordaindu gabe eta, are larriago, kapitalaren akumulazio neurrigabearen oztopo eta etsairik handiena den herrien eta klase zapalduen kontroletik kanpo gelditzeko bidean pausoak ematen ari da. Horren adibide dira, batetik, hauteskundeetako barrutiak, estatu mailako alderdi ez handien eta estatu gabeko nazioen alderdien kalterako egindakoak. Bestaldetik, Estrasburgoko Auzitegiaren erabakia, non Batasunaren legez kanporatzea ez ezik, espainiar Estatu neofaxistaren tesiak ere onartu diren.
Hala eta guztiz ere, historia ez da dominazioaren historia, baizik eta klase eta herri zapalduen borrokaren historia. Horrela, abstentzioaz eta alderdi ezkertiar zein alderdi independentisten borroka instituzionalaz gain, badaude isilarazi eta desitxuratu nahi dituzten bestelako erresistentziak eta borrokak Europan barrena. Gogora ditzagun pasa den Maiatzaren Leheneko mobilizazioak (aspaldiko handienak), frantziar Estatukoak (ikasleen mobilizazioak, langileen grebak eta enpresarioen bahiketak...), Italia eta Alemaniakoak (borroka sindikalak, mobilizazio antifaxistak...) edota Greziakoak (iazko mobilizazio eta protestak handiak...). Borroka horiek erreferente politiko-instituzionala bihurtu edo topatu ez arren, Europar Batasunaren kontraesanak areagotzen dituzte eta klase eta herri zapalduoi esperantza berpizten digute.