Evo gose greban

Evo Morales gose grebaUnai Vazquez-GAUR8

Azken egunotan harritu egin gaitu Latinoamerikatik etorritako albiste batek: Evo Morales Boliviako presidentea gose greban jarri da, oposizioa eta parlamentua presionatuz, abenduan hauteskundeak burutu ahal izateko legea aurrera ateratzeko helburuarekin.  

Nola liteke, parlamentuan gehiengoa edukita, gobernua beraien esku egonda, legeak aurrera ateratzeko halakorik egin behar izatea? 

Boliviako oligarkia ordezkatzen duen oposizioa, behin eta berriz saiatu da gobernu indigena eta ezkertiarraren kontra egiten AEBen babespean. Bereziki konstituzioaren kontra egin zuten lehenik, herriak erreferendumean %61,47arekin babestutako konstituzioaren kontra. Hurrengo pausua indigenen sarraskiak izan ziren, "muerte al colla" lelo xenofoboarekin Pando eta Media Lunako herrialdeetan 20 pertsona baino gehiago erailaz.  

 

Oraingoan, konstituzioa onartuta, "Codigo Electoral Transitorio"aren kontra egiten dute, tramite burokratiko hau gabe ezinezkoa baita, konstituzioak markatzen duen moduan, abenduan egin beharreko hauteskundeak aurrera ateratzea. 

Baina zeren beldur dira Boliviako eskuindarrak? Ez ahal dute ba demokrazian sinesten? Evok gobernutik alde egitea nahi badute, hauteskundeetan horretarako aukera paregabea dute. Herriak berriz aukeratu ditzala bere agintariak.  

Baina orain arte, virreinatuen bidez, estatu kolpeen bidez, ustezko hauteskunde libreen bidez 500 urtez boterean egondakoek, ez dute herriak erabakitzerik nahi. Horregatik erabiltzen dituzte dauzkaten arma guztiak herriaren oihartzuna isilarazteko: sarraskiak, magnizidioak, autonomia zein independentziaren aldarrikapena, eta nola ez, hainbeste urteetan euren etxea izan den kongresuaren boikota. 

Eta herriak ere, bere armekin erantzuten du: mobilizazioak, manifestazioak, kalea eta baita gose greba ere. Urteetan, IPSP-MAS-ek ordezkatzen dituen nekazariak, jatorrizko herriak, meatzariak, langileria,... gose grebaz baliatu dira borrokarako tresna moduan, oligarkiaren botereari aurre egiteko. Beraz, zergatik orain ez? Azken finean borroka berdina da, aktoreak berdinak dira. Herriaren tresnak erabiltzen ditu Evok, herriarekin batera borrokatzen ari delako.