Ezagutu ezazu Andaluziar Herriaren historia brigadaren eskutik

Andaluziako Brigadako kideak jabetu gara ezer gutxi genekiela Andaluziako historiaz eta mendeetan zehar landu den nazio kontzientziaz. Iturri nagusia izan dugu Nacion Andaluza erakundea (https://nacionandaluza.org), eta bertako kideen eskutik jaso dugu informazio gehiena.

Jarraitu irakurtzen


1492ko Granadako konkistak emango dio hasiera, gerora Espainiar Inperioak Andaluziako lurralde eta herrien aurka garatuko duen menperakuntza gupidagabearen mendeetako ibilbideari. Asko eta anitzak izan dira Andaluziako herriek egindako erreboltak eta borrokak, hasieran Gaztelako Koroak eta gerora Espainiako Estatuak erabilitako estrategia suntsitzaileen aurka. XV-XVII mendeen bitartean erresistentzia gogorra egingo zaio Estatuari.


Beste herri askotan bezala, XIX. mendea izango da Andaluziako nazio kontzientziaren pizkunde garaia. Mendearen erdialdetik aurrera garatuko dira ahalegin politiko, teoriko eta filosofikoak nazio izaeraren eta subiranotasunaren alde. Agerkari nagusi, 1883ko Antequerako Konstituzioa deiturikoa dugu, non aldarrikatzen den Andaluziarentzako nazio izaera eta subiranotasun osorako eskubidea.
XX. mendearen eskutik, eta besteren artean Blas Infantek gidaturik, jarraipena emango zaio nazio aldarrikapenari, tarteka bat eginez langile mugimenduaren borrokekin.


1936ko estatu kolpe faxistak amaiera gordina emango die nazio eta langile herri mugimendu zabal eta indartsu haiei. Ikaragarria izango da faxistek burutuko duten errepresioa -Blas Infante bera, beste milaka eta milaka lagunekin batera fusilatuko dute-, eta frankismoaren 40 urteko aldiak erabat suntsituko ditu ordura arte garatutako nazio eta klase kontzientziak. Basamortu bilakaraziko du lurralde zabal eta eder hura. Nazio kontzientzia suntsitzeaz gain, Andaluziak berezko zituen nazio eta herri ezaugarriak desitxuratuko ditu eta erabateko menperakuntza politiko, kultural, ekonomiko eta abar ezarriko. Frankismoak erabat eten zuen herri menperatu eta borrokalari haren memoria historikoa.


Egun, beste hainbat erakunderekin batera, Nacion Andaluza lanean dabil buru-belarri nazio kontzientzia berpiztu eta zabaltzeko.