Filtro; oroimena, miresmena eta irakaspena

Gaur, Errefuxiatu eta iheslari politiko egunean Uruguaien duela 20 urte izan ziren gertakizunak gogoan izan ditugu Oñatin burutu dugun ekitaldi politikoan. Euskal Iheslari Politikoen etxera itzultzeko erabakia eta  Uruguaiko herriaren irakaspena izan ditugu izpide, Norma Morronik egun honetarako helarazitako hitzak entzungai eta baita, Roberto Facala eta Fernando Morroni, eta euskal errefuxiatu politikoei omenalditxo txikia eskaini ere.

Txalapartarenkin batera eszenatoki ingurura batu dira bertaratutakoak. Marijo Altube Oñatiko bizilagunak modu xume batean gaurko egunez Oñatira ekarri gaituen zergatiak azaldu eta Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileaari eman dio hitza.

Joxeanek, Euskal Iheslari Politikoek une bakoitzean izan duten zintzotasuna azpimarratu du, eta bereziki gaur egungo egoeran erakusten ari diren jarrera txalotu, “harro egoteko modukoa da beraien ibilbide politikoa eta harro gaude”. Egun ireki den ataka berrian Euskal Herrian gatazkari konponbide orokorra emateko zabaldu den nahiari heldu dio jarraian eta testuinguru honetan aipatu Euskal Iheslari Politikoek Euskal Herrian garatu beharreko prozesu demokratikoaren baitan erbestearekin behin betiko amaitzearen erabakia. Argi azaldu du ordea, urrats hau, ez dela hemen geratu behar, lehen pausu bat besterik ez dela.

Honekin batera Iheslari Politikoek emandako urratsak nazioarte mailan izaten ari den elkartasun eta bultzada aipatu ditu. Edonola ere, gatazkaren konponbidearen bidean nazioartean eman daitezkeen elkartasun keinuez gain, herriz herri antolatu eta bultzada emateko beharra azpimarratuz amaitu du.

Bertsolarin laguntzaz Askapenako kideek hartu dugu hitza eta Euskal Herriak hamarkadaz hamarkada jaso izan duen elkartasuna izan dugu izpide. Gure herriaren borroka, militanteekiko elkartasunak ez du etenik ezagutu. Jasotako elkartasunaren adierazpide esanguratsu, hunkigarri eta gogorrenetariko bat dugu; Uruguaiko herriarena.

Euskal Herrian miresmen osoz begiratzen diogu ordutik Uruguayko herriari, errespetuz Filtroko esplanadan gau eta egun estradizioa ekiditiko batu zirenei, ohorez bizitza eman zuten Roberto Facal eta Fernando Morroniri. Herri bateko kide izatearen duintasun, borroka eta ausardiaz asilo politikoaren eskaera eta defentsa azken muturrera eramateko konpromisoa erakutsi baitziguten eta horregatik, beti izango ditugu gure bihotzean.

20 urte beranduago, Uruguaiko herriak emaniko irakaspen hori gure egitea dagokigula azpimarratu dugu, herri zahar hau aske eta burujabe denean gainerako munduko iraultzaileak ere gurean jaso ditzagun, urteetan gure lagun, burkide eta senitartekoekin egin bezala. Horretarako Internazionalismoaren oinarrizko printzipioak gure baloreetan, oinarri ideologikoan landu behar ditugula aipatu dugu, biharko egunez estradiziorik onartzen ez duten herri burujabe eta duinetatik pixka bat gertuago senti gaitezen.

Hitzartzeak amaituta 1994ean estraditatuak izan zien hiru kideez gain egun Uruguaien iheslariak bizitzen jarraitzen dutela ekarri dugu gogora Marijok. Horregatik oholtzara gonbidatu ditu Manueltxo Goitia, espetxe zigor osoa bete ondoren, aske gelditu zen errefuxiatu ohia; orain urte betzuk zendu zen eta Uruguaitik estraditatua izan zen Mikel Ibañezen iloba Gorka; egun uruguaien bizi den Josu Lariz errefuxiatu politikoaren lehengusiña Itziar; Peio Gomez, Uruguaytik etxeratu berri den iheslaria eta Joxe Arregi, 2005ean Uruguaitik iparraldera bueltatu zen Hernaniarra.

Dantzariek agurra egin diete guztiei eta loreak eskaini. Jarraian Norma Morroni, Fernando gazte erailaren amaren hitzak entzun ditugu eta honela, jasotako loreak Fernando Morroni eta Roberto Facalen argazkietan jarri dituzte errefuxiatu ohiek, omenaldi eta miresmen keinuz.

Azken hitzak Manueltxorenak izan dira. Berak, eskerrak ematearekin batera gogoan izan ditu atzoko egunez Uruguaien izan ziren bitartean beraien aldamenean izan eta babesa adierazi zieten guztiak eta azpimarratu aurrera begirako borrokan denon konpromisoa errefuxiatu eta iheslari politiko guztiak etxera ekartzeko. Ekitaldiari amaiera emateko internazionala eta eusko gudariak abestu dugu.
 

Hemen goizak utzitako irudiak: