Gdeim Izik, epaiketa politikorik ez!
Gdeim Izik, edo duintasunaren kanpalekua, 2010eko urrian eraiki zen, Mendebaldeko Saharako hiriburua den El Aaiunetik 12 bat kilometrotara. Saharan ematen diren giza eskubideen urrapenak, errepresio etengabea eta Marokoren okupazio ilegala salatzea helburu, 20.000 Sahararretik gora batu ziren bertan, 20 bat egunez. Marokoko militar eta poliziek baina, modu bortitzean suntsitu zuten kanpalekua, su eman eta bertan ziren adin guztietako sahararren aurka eraso eginez. Atxilotuak milaka izan ziren, zaurituak ehunka eta hildakorik ere izan zen (horregatik polizia eta militarrik epaitu ez badute ere).
2013an Marokoko epaitegi militar batek kondenatu zituen pertsona horiek, zibil horiek. Epaiketa irregulartasunez betea izan zen, nazioarteko behatzaileek salatu zuten gisara. Ez zen froga inkriminatorioarik aurkeztu eta torturapean eskuraturiko autoinkulpazio aitortzetan oinarritua izan zen eta emaitza honakoa izan zen:
- 9 pertsona bizi osoko zigorrera kondenatuak izan ziren (horietako bat Hassanna Aalia, baina hau auzi ihesean)
- 4 pertsona 30 urteko espetxe zigorrera kondenatuak izan ziren
- 7ri 25na urteko espetxe zigorra ezarri zien
- 3 pertsonari 20 urteko kondena.
- Beste 2 pertsona ere kondenatuak izan ziren, baina haien zigorra baino txikiagoa zenez jada betea zutena, aske geratu ziren
Gaur egun 25 pertsona horietatik 2 kalean dira aske, 1 gaixo larria izanik aske da eta Hassanna Aaliak errefuxiatu estatusa eskuratu du espainian. Gainontzeko 21ek espetxean segitzen dute, Rabatetik kilometro gutxira, Mendebaldeko Saharartik 1.000km-tara, ingurukoengandik urrun dispertsaturik.
Saharar Herriari gure elkartasuna adierazteko eta epaiketa politiko hau salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu Askapenatik.
Sahara Hurra!