Hassanna libre aldarrikatzeko manifestazioa larunbatean Bilbon
Datorren urriaren 17an Bilbon Hassanna Aalia gazte saharauiaren aldeko manifestazioa burutuko da eguerdiko 12:00etan Plaza Biribilatik abiatuta. Manifestazioa eragile politiko, sozial naiz sindikal ezberdinek deitzen dute. Askapenatik deialdiarekin bate egin eta Euskal Herriari parte aktibo izateko deialdia luzatzen diogu.
Pasa den ostegune iluntzean (urriak 8) jakin genuen Hassanna Aalia Burgosen trenetik jaitsi, komisaldegira atxilo eraman eta bertan 15 egunetan Espainiatik kanporatzeko agiandua jaso zuela. 2015ko Urtarrilaren 19an Espainiar Estatuak Hassanna Aalia gazte sahararrari asilo politikoa ukatu zion. Errekurtsoa jarri zuen orduan eta egun, ebazpenaren zain aurkitzen da gaztea. Egoera honen aurrean Bilbon bertan asilo politikoa eskatzeko manifestazioa burutu zen urtarrilaren 30ean Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalen eskutik.
Argi azaldu beharra dago beste behin ere Hassanna Aalia (1988 Aaiun) 2011an atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan zela 2010. urtean Gdeim Izik (duintasunaren kanpalekua) bezala ezagutu zen protesta baketsuan parte hartu izanagatik. 2013. urtean epaitu zuten, bera presente izan gabe Marokoko Epaitegi militarrean, eta beste hainbat kideri bezala, bizi osoko espetxe zigorra ezarri zien auzitegiak (2013ko otsailaren 17an), aipaturiko kanpalekuaren antolaketa leporatuta.
Epaiketa burutu zenean, bera Hego Euskal Herrian aurkitzen zen, eta jadanik eskatua zuen Asilo politikoa Espainian (2012an eskatu baitzuen, epaiketa militarra burutu baino lehen). Hiru urte beranduago heldu zen ezezko erantzuna aurrez aipatu bezala.
Gaur gaurkoz, Hassanna bere sorterrira kanporatzen badute atxiloketa, torturak eta bizi osoko espetxealdia du zigor.
Egoera honen aurrean, Askapenako kideok irmoki salatu nahi dugu Espainiar Gobernuaren erabakia, logika ororen eta oinarrizko eskubideen aurkakoa baita. Argi geratzen da Espainiar Estatu inperialistak orain arte erakutsitako bidetik Sahar herriaren zapalketan jarraitzeko duen asmoa eta interesa! Euskal Herritik beraz, internazionalista bezala, zapaltzen gaituen etsai beraren aurrean kalera atera eta Hassanna Libre, Sahara Libre oihukatzea dagokigu larunbatean!
Hassanna Libre!
Gora Sahara askatuta!