![]() |
Herri boteretik gizarte eredu berri baten eraketara
Argentinako herri botereen borroka behar bezala ulertzeko inperialismoaren kolonizazio prozesu ezberdinak ezagutzea beharrezkoa da. Espainiarrak Amerikako kontinentera heldu zirenetik, 1816an Argentinak lorturiko independentzia arte, indarkeria eta lapurretak nagusi izan ziren kontinente osoan. Behin independentzia formala lortuta, guda zibilak pasata ta originarioen ta beltz esklabu-ohien genozidioa ta gero, frantses eta ingeles inperioen eta gerora yankee-en interesen menpe garatu zen herrialdea, lehenengo sektorera mugatutako ekonomia inposatuz. Hau, hainbat diktadura eta demokrazia faltsuren menpean eman zen.
XX.en mendearen erdialdean, nekazarien borroka pil-pilean zegoenean, 1946an Peronek hartu zuen boterea, herrialdean langileen iraultza ekiditeko. Paktu sozial baten bitartez, langileen eta burgesia ezberdinen interesak asetzen saiatu zen. Kontestu honetan eman zen Argentinako industrializazioa. Estatu Batuek, euren interesak kolokan jar zitzazkeen industria lokala eta klase borrokaren garapena ikusita, herrialdean estatu kolpe baten bitartez, bere esanetara egongo zen Videlaren diktadura ahalbidetu zuen (1976-1983), 30000 desagertu baino gehiago utzi zituena. Errezeta neoliberalak jarraituz, industria pribatizatu eta suntsitu egin zuen honek, kontinenteko beste hamaika txokotan bezalaxe.
Diktadurarekin amaitzea lortu zen arren, industriaren suntsiketak eta lurren kontzentrazioak, milioika langabetu utzi zituen herrialdean. Aipatutako langabe guzti hauek dira gaur egun Argentinan herri botere indartsu bat egotearen arrazoia. Egungo ezker tradizionalak ez ditu sektore hauek kontutan hartzen, ez baitira euren langile-burgesia eskema zurrunean sartzen. Hortik dator langabetuen autoantolatzeko beharra. 2001.en urtean eman zen bereziki sektore hauen loraldia, krisi neoliberalak beste milaka pertsona langabezian utzi eta geratzen zen klase ertaineko sektoreak zapaldu zituenean.
Langabetuen martxak tiroka erreprimitu zituen poliziak, pertsona asko erahiliz, hauen artean esanguratsuak dira Dario Santillan eta Maximiliano Kosteki.
Gaur egun, era askotakoak dira herri botereak dituen formak. Sektore ezberdinetako esperientziak aurki daitezke, non estatuak baztertutako pertsonak (biztanlegoaren %40a) batu eta antolatzen diren euren bizi egoerak bermatu edo hobetzeko. Estatuaren egiturek (eskolak, ospitalepeak, suhiltzaileak, ura, argia, errepideak, estolderia, segurtasuna...) ez daude presente langabetuen edo prekarizatuen bizi eremuetan (Villetan).
Herri botere honen eredu aipagarrienetakoa IMPA (Industria Metalurgia y Plásticas de Argentina) fabrika berreskuratuan topa dezakegu. 90eko hamarkadan Argentinako enpresa handienak pribatizatuak izan ziren, eta honen ondorioz hamaika enpresa itxi beharrean izan ziren. IMPAk garai horretan, nazioko aluminio fabrika ekoizle handienetako enpresa bat bazen ere, bertako buruak fabrika izteko erabakia hartu zuen, lantegiaren ekoizpen momenturik handienean 2000 pertsonak lan egiten zuten bertan. Lantegiaren itxiera unean, 1998an, hainbat langilek itxi berria zitzaien lantegia berreskuratzeko proposamena luzatu zuten, beraiek ezetozen bat itxieraren arrazoiekin, lantegiaren errentagarritasunaz eta bere bideragarritasunean sinisten zuten. Ideia hau buruan zutelarik, hainbat langilek kooperatiba bat eratu zuten eta lantegia okupatuz aluminio ekoizpenarekin berriz martxan jarri ziren. Aurreneko garai horiek oso gogorrak izan ziren, diru arazo handiak, agintari politikoak kontran zeuzkaten eta poliziaren jazarpen eta mehatxuak. Hasiera horretan, langileek oso diru gutxigatik lana egiten bazuten ere, “El Vasco” Muruaren gidaritzapean langileak birziklatzeko aukera izan zuten, kalean egindako protesta gogorrei esker agintari eta hartzekodun komertzialetatik hainbat emakida eskuratu zituzten eta poliki-poliki aurrera irtetzeko parada izan zuten. Denbora aurrera joan ahala, IMPAko kideek hamaika eztabaida gune eratu zituen bere barnean, honek son handia eman zion eta elkarte askotan erreferente bilakatu ziren. Buenos Aires osoan ezagunak egiten hasi ziren eta lantegi soil bat izatetik kultura eremu ezberdinak sortzeko esparru batean bilakatu ziren ere.
Gaur egun, IMPArekin batera 60 kooperatiba ezberdin koordinatzen badira ere, herrialdeko lantegi okupazioetan sostengua eta laguntza ematen diete beraien bezalako egoeran dauden langile mugimenduei, aholkularitza lana egiten dute. Hau gutxi ez balitz, denboraren joan etorriarekin, lantegian hainbat eremu berri zabaldu dituzte: herri unibertsitatea, metalurgia ekoizpena, telebista katea (Barricada TV), irrati okupatua (Radio Semilla), kultura esparrua (antzerkiak, tailerrak...), zahar etxea, museoa, kooperatiba txiki ugari, eta abar luze bat. IMPAk, gizartean sostengua eta onarpena jaso badu ere, agintari politikoen aldetik trabak eta mehatxuak baino ez dituzte jaso urte guzti hauetan. Buenos Aires hiriko erresistentzia gune alternatibo independiente handienean bilakatu dira. IMPA, gaur egun indartsu eta zutik mantetzearen arrazoia, gizartean aldetik lorturiko babesean topatzen dugu, bertan jende askok modu librean lan egiten duelarik.