Herri epaiketa burutu zuten herenegun Leitzan

Estatuak borroka internazionalista bera jarri du jomugan eta bidean Askapena, AskapeƱa eta Elkar Truke erakundeak ilegalizatzeaz gain bost militante internazionalista kartzelaratu nahi ditu. Nor da ordea espainiar estatua borroka internazionalista epaitu eta kondenatzeko? 

Uste dugu espainiar Estatua bera izan beharko lukeela epaitua bere historian eta munduan zehar agerian utzi baitu bere izaera inperialista. Duela ehundaka urte Abya Yalan burutako sarraskiengatik, egungo inperialismo kapitalistaren beso armatua den OTAN-en kide izateagatik edota estatu gabeko nazioen kartzela izateagatik. 

Azken honen ondorioak gure larru azaletan jasan behar izan ditugu Euskal Herrian: jazarpena, espetxeak, tortura, erailketak... eta orain 100 herriko taberna baina gehiagoren lapurreta. Argi dugu lapurreta honen atzean dagoen helburua: gure herriari ukatzen zaion eta berea duen erabakitzeko eskubidearen aldeko lana oztopatzea, eta ondorioz gure herria lotuta mantentzea. 

Gure herriaren burujabetzaren bidean ezinbesteko tresnak dira herriko tabernak, erreferentzia politikoak, bestelako gizarte eredu baten apologia egin eta berau praktikan jartzen duten lekuak, gune aske eta askatzaileak. 

Guzti honengatik epaitzen dugu gaur espainiar estatua; munduko herri zapalduen burujabetzaren defentsan, askatasunaren defentsan eta elkartasunaren eta borroka internazionalistaren defentsan. Egun, inoiz baina garrantzitsuagoa baita herri zapalduotako herritarrok, borrokalariok elkarrekin aritzea, bide berean indar egitea herrien mundu baterantz. 

Sententzia argia da, herriok askatasuna marrazten jarraituko dugu, elkartasun sareak iruten eta bestelako gizarte ereduak eraikitzen.  

Inperialismoa akatuko dugu! 

 

HERRIEN GARAIPENERA KONDENATUTA ZAUDETE! 

Gora borroka internazionalista!