Herrialde Katalanei elkartasuna adierazteko bideen inguruan
Herrialde Katalanen askatasunaren bidean, momentu historikoa bizi da Katalunian, eta gaur inoiz baino gehiago, elkartasun internazionalistaren beharra dago ezbairik gabe. Ez soilik, haien askatasunaren bidean, aurrera pausu bat eman dezaketelako, gure herrian ere hala izango delako. Beraz, hau ulertuta, ezinbestekoa da internazionalista bezala, kontraesanak, kontraesan, Herrialde Katalanei elkartasun internazionalista adieraztea.
Herrialde Katalanetara zoazten lagunei praktika internazionalista bat bultzatzera gonbidatzen zaituztegu. Gogorarazi nahi genuke, hurrengo egunetan Katalunian emango den egoera ez dela festa egoera bat izango, eta beraz, joango zaretenok, Herrialde Katalanetako Herri Langileari bere askatasunaren bidean elkartasuna ematera zoaztela izan behar duzuela gogoan. Hala ez bada, hobe da Euskal Herrian geratu. Bestalde, bertako lagunen esanetara jartzeko determinazioa garrantzitsua da. Inolaz ere, ez hartu ez dagozkigun erabakirik. Errespetatu gure lagunen erabakiak, hartzen dituzten moldeekin ados egon ala ez.
Bukatzeko, Euskal Herriari dagokionean, dei egin nahi dugu hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera. Horrez gain, estelada gorriekin kaleak bete eta eman daitekeen errepresio oro salatzera deitu nahi dugu. Orain inoiz baino gehiago gure elkartasuna erakutsi behar dugu, hainbeste urtetan haiek erakutsi diguten determinazio berdinarekin.
Besarkada beroena bidali nahi diegu desobeditzeko prest dauden lagun guztiei. Zuekin gaude!
Desobedientziaz, Herriok burujabe!