Isabel Moyaren hitzaldiaren kronika
Isabel Moyak Arrasaten eman duen hitzaldiaren kronika zabaldu egin du Mondraberri atari digitalak.
Azken hamarkadetan parekidetasunaren alde Kuban egin diren aurrerapenak azaldu zituen La Habanako kazetari, irakasle eta ikerlariak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egindako "Reinventar el periodismo" liburua ere aukeztu zuen Isabel Moya Richardek.
Feminismoaren inguruko hitzaldi interesagarria izan zen atzo arratsaldez Kulturateko Loramendi aretoan. Isabel Moya Richard, La Habanako kazetari, unibertsitate irakasle eta ikerlariak, azken hamarkadetan parekidetasunaren bidean Kuban eman diren aurrerapausuen inguruan jardun zuen; eta bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean kaleratu duen "Reinventar el periodismo" liburua aurkeztu zuen.
Atzoko hitzaldiak bi zati izan zituen. Alde batetik, Isabel Moyak Kuban iraultzak emakumeak bizi duen egoeran izan duen eragina aztertu zuen; eta bestetik, egungo gizarte globalizatu neoliberalean emakume izatearen inguruan hausnartu zuen.
Moyak gogoratu zuenez, emakumeen inguruan iraultza aurretik gordetzen diren azkeneko datuak 1953koak dira. Garai horretako erroldak dioenez, Kubako emakumea klasetan atomizatuta zegoen. Egoera ekonomiko latza bizi zen 50. hamarkadako Kuban, desberdintasun sozial ugari zeuden eta beltz, emakume edo nekazari izateagatik kubatar asko diskriminatuak ziren. Guzti honi, garai horretan Estatu Batuek Kubarengan zeukaten eragina gehitu behar zaio, prostituzioaren zabalkundearekin harreman zuzenean zegoena.
1953an langile guztien artean %17a ziren bakarrik emakumeak, eta unibertsitateko tituludunen artean kopuru hori %3 arte jaisten zen. Ingurumari horretan gizarte berriaren eta feminismoaren aldeko borrokak indarra hartu zuen, eta hamarkada bukaeran kubatar iraultzak boterea hartu zuen.
Isabel Moya Richardek esan zuenez, iraultzaren garaipenetik hona gauzak asko hobetu dira Kuban. Gaur egun irlako medikuen %54a eta parlamentarien %48a emakumeak dira. Moyak azpimarratu zuenez, guzti hau kuota politikarik gabe lortu dute kubatarrek. Bere ustetan, emakume kubatarrek iraultza egin dute iraultzaren barruan beren eskubideen eta parekidetasunaren alde.
Aurrepausuak eman diren arren, Isabel Moyak dio emakume gutxi dagoela oraindik aginte postuetan; eta gizartean matxismoa oso presente dagoela adierazi zuen. Patriarkatua, ideologia moduan gizartean oso errotuta dagoela esan, eta orain erronka feminismoa kultur ohituretan sartzean dagoela azpimarratu zuen.
Hitzaldi amaieran "Reinventar el periodismo" Isabel Moya Richardek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean kaleratu duen liburuaren inguruan jardun zuen. Berak esan zuenez, denbora aurrera doan arren komunikabideek emakumearen inguruko balore berak transmititzen jarraitzen dute. Globalizazio neoliberalaren garaietan, komunikabideek emakumea alienatu eta aniztasuna desegiten zuela gaineratu nahi izan zuen gainera.
Testua: Mikel Arregi Askasibar / Argazkiak: MAA