Italiako herri mugimendua ezagutzen
ALTA FELICITÀ festibala bukatzean, uztailaren 31n, Milanera abiatu ginen bi kotxeekin eta eguerdi aldera ailegatu ginen. Transiti 28 CSOAn gure kontrapartearekin elkartu ginen eta bazkaldu genuen. Transitik 40 urte daramatza okupatuta, eta haren barne antolakuntzaz eta funtzioaz hitz egiten egon ginen: Lotta per la casa mugimenduarekin oso lotuta dago eta etxebizitzaren inguruko borrokan parte hartzen du.
Bazkal ostean, kotxeekin abiatu ginen faxistek Dax gaztea hil zuten lekura. Dax mugimendu antifaxistan zebilen gaztea zen, eta faxistek labankadaz erasotu zuten gau batean. Ospitalera eraman zuten eta han hil egin zen, eta istiluak izan ziren elkartasuna adieraztera joandako lagunak poliziak bota nahi izan zituelako.
Hainbat eraikin okupatu ikusi genituen Lotta per la casa mugimendari buruz mintzatzen ginen bitartean. Milanen 3000 etxe publiko (instituzioenak) daude hutsik eta hau dela eta okupazioak etxe publikoetan egiten dira batez ere, asignatu egin behar direla eta pertsona orok etxebizitza eskubidea daukala aldarrikatzeko.
Afaldu baino lehen, bisita egin genion paperik gabeko migranteek egindako okupazio bati. Etorkin hauek marjinalitatean bizitzera behartuak ikusten ziren eta horregatik hainbatek beharra ikusi zuten haien artean antolatu eta espazio bat okupatzeko, bizi ahal izateko eta haien bizi proiektuak garatzeko. Lotta per la casa mugimenduak laguntza eta babesa erakutsi die etorkin hauei, eta haien artean elkartasun sare eta koordinazio bat dago.
Egun intentsu hau bukatu eta gero, buruan oraindik ikasitakoa bueltaka, Transitin lo egin genuen eta hurrengo egunean Boloniara abiatu ginen.
Boloniara eguerdi aldera ailegatu ginen eta gauzak gure kontrapartearen etxeetan utzi eta gero, bazkaltzera joan ginen, Boloniaren historiaz eta hurrengo eguneko manifestazioaz mintzatzen ginen bitartean. Ondoren Non Una di Meno plataforma feministako kideekin batu ginen eta mugimenduaren garapena eta haien lanketa esplikatu ziguten. Non Una di Meno mugimendua duela urte pare bat jaio zen Italian, eta bertan talde feminista, LGTBI taldeak eta baita talde mixtoek ere (sindikatuak eta abar) parte hartzen dute, eta Argentinako Ni Una Menos mugimendua erreferentziatzat hartzen dute.
Hurrengo egunean, Boloniako sarraskiaren urteurrenaren harira eragile anitzek egindako manifestazioan egon ginen. 1980ko abuztuaren 2an faxistek, tentsio estrategia baten baitan eta Italiako gobernuaren laguntzaz, lehergailu bat jarri zuten tren estazioan, 80 lagun erailez, herriarengan beldurra sortzeko helburuarekin eta garaiko mugimendu iraultzaileak kriminalizatzeko eta herritarren arteko tentsioak areagotzeko.
Arratsaldean, USB base sindikatuko kideekin batu ginen eta haien proiektuaz eta jardueraz hitz egin ziguten. Sindikatu honek, bere jarduera sektore publikoan, pribatuan eta sozialean banatzen du. Azken hau zerbait berria da gurean, eta adibide bezala, etxebizitzaren aldeko borrokan parte hartzen dute, okupazioak antolatuz beharrezkoa denean.
3an Livornorantz abiatu ginen, han egon ginen 6ra arte. Jakin behar da Livornon jaio zela Italiako Alderdi Komunista (PCI) 1921ean eta historikoki langile tradizio handiko hiria dela. Horko kideek hiriko hainbat gune erakutsi zizkiguten, hala nola, 1921 zentro politikoa, herri jatetxe bat diruz larri dabilen jendearentzat, eta hainbat gune okupatu helburu ezberdinak zituztenak: antzoki bat, baratzak, herriak beregan harturiko hondartza bat eta zentro soziala, bere garaian kuartel bat izandakoa, zeinan herriarentzako eskaintza ezberdinak dituzten: zinema bat, herri palestra, skate-park bat, eta etxebizitza asko arazo ekonomikoak dituztenei zuzenduak. Haiekin egon ginen bitartean borroka hauen bilakaera historikoa azaldu ziguten. Bukatzeko, etxebizitzaren aldeko mugimenduko escrache (manifestazio) batean egon ginen PD alderdiko idazkari nagusia den Renzi-ren bisita bat zela eta, eta hor Italiako mobilizazioen izaera ikusteko aukera izan genuen.
6an Pisara abiatu ginen, eta bertan Newroz CSOA-rekin bildu ginen, autonomia contropotere mugimenduaren egoitza ere badena. Sektore honen antolakuntza eta lan egiteko era ongi azaldu ziguten, eta hirian dauden borroka eta espazio askeak ezagutu genituen: polikiroldegi okupatu bat erakutsi ziguten, Sant Ermete auzoa eta haien borroka espekulazioaren kontra. Auzo hau udaletxeak bota nahi du etxe berriak eraikitzeko eta horretarako hainbat presio mekanismo erabiltzen saiatzen ari da, hala nola zerbitzuak eskaintzeari uztea, eta honen aurrean auzoak autogestiorako bidea hartu du. Azkenik, Mala Servanen Jin “borrokatzen duten emakumeen etxean” egon ginen. Hemen Newroz-eko miltanteak, langile borrokan dauden emakumeak, zein Prendo Casa mugimenduko emakumeak batzen dira, guztiak era berean Ni Una di Meno taldean ere daude. Etxe okupatu horretako emakumeek haien mugimenduaren nondik norakoak azaldu zizkiguten eta mugimenduaren bilakaera historikoa kontatu ziguten.
7an Florentziarako bidea hartu genuen. Iristean ikasle mugimenduko kide batzuekin egon ginen eta hor daukaten ikasle erresidentzia okupatua erakutsi ziguten. Proiektu honek urte eta erdi darama martxan eta arazo ekonomikoak dituzten ikasleentzako dago zuzenduta gehien bat. Gaur egun 30 bat ikasle bizi dira han eta haien helburuen artean egoitzan sartzen diren ikasle ez politizatuak politizatzea dago, etxebizitza arazoa duten ikasleei alternatiba bat eskaintzearekin batera. Arratsaldean Centro Popolare Autogestito gunea erakutsi ziguten. Hau ikastola zahar okupatua da, mugimendu komunistako militanteek gestionatua. Barruan, besteak beste, mugimendu komunistaren artxibo historiko zabal bat daukate. Baita ere palestra bat, zinema, antzokia, kontzertuetarako areto bat… beste hainbat guneren artean. Hor hiriarentzako eskaintza kultural anitza daukate.
Hiri guzti hauetatik pasa eta gero Erromako bidea hartu genuen. Bidea hausnarketa artean egin genuen, iruditzen baitzaigu Italiako mugimendu iraultzaileak oso aurreratuak daudela borroka sozialetan: behar gehien dutenentzako okupazioak antolatzen, langabetuentzat jantoki sozialak egiten… Asistentzialismoarekin zerikusirik izan gabe, honelako ekimenak politika egiteko aukera eta tresna direla erakutsi digute. Guzti honi bueltak ematen iritsi ginen Erromara, eta hurrengo kronikan bertan egin genuena irakurri ahal izando duzue.