Jatorrizko herriekin elkartasuna! Trasnazionalak kanpora!

Ekaina amaieran suaren inguruan batu eta udako solstizioa ospatzen dugun une berean Europako herri ezberdinetan, Maputxe herrian, Bolivian edo Paraguayn suaren inguruan batu edo uretan murgilduko dira, amets eta desioen indarberritzearimen egin eta amesgaizto eta zapalkuntzak sutara botzeko. Jatorrizko herrien elkartasunez beraien borroka gurera ekarri eta trasnazionalen jardun inperialista salatuko dugu Askapenako kideok.

Horretarako hitzaldi eta ekimen ezberdinak antolatzen ari gara udako solstizioaren dateratako. Hasteko ordea, bihar hilak 19 Gasteizen hitzaldia izango dugu arratsaldeko 19'00etan Wall Stre-et tabernan (Voluntaria entrega kalean 77). Bertan Maputxe herriaren borroka eta erresistentzia izango dugu izpide.

Zenbaitek argiaren laburtzearen hasiera ospatzen dute, besteek argiaren luzatzearena edo urte, ziklo berri baten hasiera. Jatorrizko hainbat herrirentzat sakoneko esanahia dute ekaineko egun hauek. Amalurra, bizitza, kolektiboa, identitatea ospatu eta gurtzen baita udako solstizioan.

Jatorrizko herriak kapitalismoa suntsituz oinarrian pertsonak eta kolektibitatea helburu izango duen sozialismoa eraiki nahi dugunontzako erreferente dira. Erabakiak hartzeko orduan kolektibitateak duen indarra, egituretan zein moduetan, kontsumismoaren gainetik gauzen erabilpen-balioa, bizitzaren jatorriaren aitortza, Ama-lurra edo Ama-itsasoa maitatu eta defendatzea bezalako baloreak erakusten dizkigutelako. Balore hauengatik kapitalismoari aurre egiten dihardute jatorrizko herriek, gutxi batzuen poltsikoetarako, inolako mugarik gabe dirua eta dirua egitea beste helbururik ez dutenen aurka. Eta ez dituzte isilarazi, munduan euren kontra inoiz egin den giza sarraski handiena burutu badute ere.

Transnazionalak ditugu gaur gaurkoz jatorrizko herrien etsai nagusi, Estatu Kapìtalisten laguntzarekin beti ere. Naturaren suntsitzaile diren proiektu ikaragarriak inolako galdeketarik egin gabe eta herritarren lurrak okupatuz garatzen dituzte modu basatian, irabaziak gutxi batzuen poltsikoan gorde eta herritarrak euren lurretatik alde egitera behartuz, erosiz edo erailez.

Repsol, Telefónica, Endesa, Gas Natural, BBVA, Santander, Iberdrola, Unión Fenosa edo PRISA bezalako monstruoak trasnazional horietako batzuk besterik ez dira. Eta aberririk ez duten arren, gure herrian bere egoitza nagusiena finkatu duenik ere bada. Horra hor mundu mailan energiaren inguruko transnazional indartsuenetakoa bilakatzan ari zaigun Iberdrola. Energia berde eta garbia saltzen digu, baina herrien sufrimendu eta herritarren odoletik sortzen ditu bere etekinak, eta bidean kalte ekologiko ikaragarriak eragin Bolivian, Mexikon edo Brasilen esaterako.

Hango intxaurrak eta hemengoak elkarren pareko ditugu: bertoko burguesia eta beraien alderdi politikoek pleitesia guztiz jasotzen dutelako betidanik espainiako oligarkiaren ikur izan den Iberdrola. Gure lurrean lasai antzean ibili eta aldi berean jatorrizko herrien bigarren konkistan buru belarri ari diren transnazionalen aurrean ezin gara itsu geratu. Guzti honegatik, Euskal Herrian piztuko diren udako solstizioko suetan jatorrizko herrien zapaltzaile eta herrion askapenaren etsai diren trasnazionalak sutara botako ditugu.


Jatorrizko herriekin elkartasuna
Transnazionalak kanpora!