Kulturaren bidez, iraultza!
Askapenako Venezuelako brigadistak Caracaseko 23 de Enero auzoan elkartu gara Centauro Saherrekin, Frente de Creadores Militantes-eko kidearekin, haien mugimendua sakonago ezagutzeko.
Una delegación del Frente de Creadores Militantes de Venezuela visitará Euskal Herria
Abuztuan zehar mugimendu honetako hiru kide -Sandino Primera, Centauro Saher eta Ali Manauro- Euskal Herrian izango ditugunez, bidai honetaz espero dutenari buruz eta bide batez, iraultza bolivartarrari egiten dioten ekarpenaz hitz egin nahi izan dugu. Centauro Saherrekin solastu ahal izan genuen Cafe Venezuelan kafetxo bat hartzen genuen bitartean.
Zer da Frente de Creadores Militantes mugimendua?
Venezuela osoan zehar lanean aritzen garen antolakunde politiko-kultural bat gara, disziplina ezberdinetako artistek osatutako mugimendu irekia; abeslariak, dantzariak, antzerkiaren eta poesiaren munduko artistak, mimoak, margolariak... Artistez gain, hala ere, prozesuarekin bat egiten duten aktibista politiko ezberdinen laguntza ere jasotzen dugu. Antolakunde iraultzaile ororen oinarri ideologikoen baitan lan egin eta antolatzen gara.
Zergatik sortu zen mugimendu hau?
Duela lau urte, gogoratuko duzuen moduan, Hondurasen estatu kolpe bat eman zen eta Venezuelako artista ezberdinak Honduraseko herriari elkartasuna adierazteko ekimen batean elkartu ginen. Izandako eragin soziala ikusita, bide hartatik jarraitu eta iraultzaren aldeko artistak elkartzeko gune bat eraikitzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Mugimendua Caracasen sortu bazen ere, egun, Venezuelako ia estatu guztietara zabaldu da.
Hein batean, gure helburu nagusia prozesu bolivartarra elikatzea da, jendea antolatzera eta borrokatzera deituz.
Ba al duzue mugimendua Venezuelako mugetatik kanpo eramateko asmorik?
Bai, gaur egun aliantza eta harreman ezberdinak ditugu eraikita latinoamerikako artista askorekin, baina gure helburua pixkanaka harreman horiek estutzea eta elkartrukerako guneak sortzea da, horrela, kontinenteko gainerako herrietan gertatzen dena zabaldu ahal izateko. Argentinarekin, adibidez, ekimen ezberdinak burutu ditugu eta elkarlan honetatik asko ikasi dugu.
Zein da gobernuarekin duzuen harremana?
Gobernu bolivartarraren aliatuak gara, askotan elkarrekin egiten dugu lana, baina kritikarako guneak ireki ditugu, gure ustez iraultza orok kritika beharrezkoa baitu aurrera egiteko. Zentzu horretan autonomia osoa dugu gure iritzia adierazteko. Esaterako, Venezuelan preso dagoen Julian Conrado kantautore Colombiarra askatzeko eskatzen diogu gobernuari eta horretarako borrokan ari gara.
Hala ere, gure lanerako esparru naturala herri mugimendua da eta gobernua iristen ez den tokietara iristen gara. Borroka lokalak indartu eta masak mobilizatzeko bideak jorratzen ditugula esan genezake. Gainera, latinoamerikan historikoki kantagintza iraultzaileak harrera bikaina izan du beti.
Epe laburrean ekimenik antolatzeko asmoa duzue?
Urrian "El 30 aniversario del Canto Bolivariano" jaialdia ospatuko dugu, 15 herrialdetako 32 artista batuko dituena. Izan ere, 1983an Bolivarren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko jaialdi antolatu zen, garaiko diktaduraren testuinguruaren barruan eta jende andana mobilizatzea lortu zuen aldaketaren alde. Aurtengo jaialdiarekin egun hori oroitzea da helburua eta latinoamerikako artista ezberdinen artean eztabaida sustatu nahi dugu, kulturatik inperialismoari nola aurre egin lantzeko. Festibala artista iraultzaileen batasuna sustatzeko abiapuntua izatea espero dugu.
Hala ere, jaialdi horren aurretik Euskal Herrira bisita bat egingo duzue, zein da bidai honen helburua?
Abuztuak 12tik 31ra egongo gara zuen herrialdean, alde batetik zuen borrokari elkartasuna adierazteko eta bestetik Euskal Herrian kultura arloan dituzuen esperientzietatik ikasteko. Kontzertu batzuk ere eskainiko ditugu, kantu bolivartarra ezagutu dezazuen. Abuztuak 14ean Elizondon, 23an Bilbon, 25ean Arrasaten eta 30ean Pausun (kantu afaria).
Espero dugu esperientzia atsegina izatea eta euskaldunei gure herriko kantak gustatzea.
Mugimenduari buruz informazio gehiago jaso nahi duenak, gure bloga bisitatu dezake: www.tiempodeloslibres.blogspot.com