Martxoaren 12an, OTANi ez! Euskal Herriari BAI!

Orain 28 urte euskal herritarrok zita berezi baina esanguratsua izan genuen hautesontziekin. 1986ko Martxoaren 12 hartan, papeletaz papeleta, kalez kale, lantegi, instituzio, herriko plaza zein ikastetxeetan, mitin, manifestazio, kontzertu edo ekimen ezberdinetan aldarrikatutako ideia letra larriko lerro buru bilakatu genuen; “Ezezko borobila OTANi Hego Euskal Herrian”.

Espainiar Estatua 1982an sartu zen Aliantza Atlantikoan edo OTANen (Organización del Tratado del Atlántico Norte). Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin. Hala erakutsi genuen lau urte beranduago, Konstituzio Espainiarrarekin egin bezala. Ikasleak, gazteak, euskalgintza eta kultur mugimenduko kideak, langileak... euskal herritarrok azken batean, beste behin ere gure nortasun eta izatea aldarrikatu genuen, gure lekua eta gure munduaren ikuskera. Zapaldutako herri izaki, beste edozein herriren zapalketaren aurka geunden, guretzat herrien arteko harremanak elkartasunean eraiki behar direlako, sortzeke dugun itun baliotsua, bestalde.

Iada hiru hamarkada iragan dira ordutik eta hilabete, urteetan gopuztu eta eraikitako aldarri ozen hura arrotza zaigu askorentzat. Zer da OTAN?

Hitz hutsetan geratzen bagara edo boteredunen ahotik entzutera mugatu, munduko segurtasunaren izenean adostutako hitzarmen militarra izan zela irakurriko dugu. Lerroartean baina, argi asko ikus daiteke, batetik indar hartzen ari zen komunismo sobietarra geraraztea zuela xede, eta honen aitzakian, benetako helburua euren burgesia eta oligarkia nazionalaren defentsa zela, herri langileon interesarekin zerikusi gutxi zuena eta duena hain zuzen.

Nola hitz egin beraz bakeaz, gerra, negozio bilakatu dutenean? Herrin zapalketa eta inposaketa diru iturri zaienean? Nola ausartzen da bizikidetzaz eta giza baloreez hitz egitera krimen geopolitikoak babestu izan dituenean? Armonia eta ordena aldarrikatzera herri langileari bere lurrak lapurtu eta nazioarteko burgesiaren interesetara ustiatu dituenean? Nola hitz egin dezake garapenaz eta justiziaz, mundu mailako gastu militarraren %70 biltzen duen aliantza bada? Herrien pobretzea eta miseria ahalbidetu duen sistemaren babesle armatua direnean?

Orduan ez bazuten lortu, orain ere ez gaitzatela engaina! OTAN Aliantza militarra da, inperialismoaren esku armatua. Bere historiari begiratu besterik ez dugu urtez urte, herrialdez herrialde OTANen benetako aurpegia ikusteko: Yugoslabia-ohia (1999), Irak (1991 eta 2003), Afganistan (2001) eta Libia (2011). Desestabilizazio mehatxuez eta munduan ordena ezarri beharra dagoela diotenean argi izan dezagun, beraien ordenaz ari direla. Indarrez ezarriko den ordena, Kapitalismo gordinaren, Inperialismo basatienarena. Hori da OTANen funts bakarra. Horregatik ez du zalantzarik egiten orden horren aurka altxa eta herri bezala erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen duten mugimenduak isilaraztean, desagarrarazten. Espainiar edo Aliantzako beste edozein kide den Estatuen zutabeak zalantzan jartzen dituztenentzat askatasunen mugatzea, ideien fiskalizazioa edo eta errepresioa dituzte tresna, “barneko etsaia anulatzeko”.

Bardeak ditugu hain zuzen ere Euskal Herriaren subiranotasunaren lapurreta argia eta OTAN en islada agerikoa. Eta egun Estatu Batuak jada bertan aurkitzen ez badira ere militarrek bertan jarraitzen dute, espainar Aireko Armadaren tiro poligono bakarra bihurtu da berau. Herriari, herri langileari ostutako lurrak dira, 42.500 hektarea zehazki eta bertan atzerriko indar armatuek beraien froga eta entrenamenduak egiten jarraitzen dute, ingurua txikituz, kutsatuz eta “istripuak” eraginez. Askapen nazional zein soziala eskuratzeko borrokan ari diren herrietan indarrez sartu eta berain agindua ezartzeko prestatzen dira Bardeetan, burkide ditugun herrietarako eskuhartze inperialistak sukaldatzen dira gure lurretan. Etxean bertan dugu etsaia, etxeko arerioa zein bizilagunak kate motzean lotzeko.

Orain 28 urte, euskal herritarrok Euskal Herriaren subiranotasun nazional eta sozialari baiezkoa eman genion eta papeletaz papeleta Euskal Herri antiinperialista aldarrikatu. Gure askatasun eta burujabetzaren alde egin genuen eta aldi berean, munduko herrien askatasun eta subirautasunen kontra doazen prozesu politiko, ekonomiko eta militarren aurka agertu zen herria izan zen gurea, izan ginen gu. Martxoaren 12 hartan hitza hartu genuen, ez dezala orain haizeak eraman. Heldu diezaiogun gogor aldarri hari eta aska ditzagun Kapitalismoaren menera lotzen gaituzten kateak, kanpora ditzagun Euskal Herritik gerra inperialistak babestu eta baketik negozioa egiten dituzten enpresak. Egin dezagun Euskal Herriaren burujabetzarazko bidean aurrera, biharko egunez hitzak errealitate bilaka daitezen.

Horregatik datorren martxoaren 12an kalera aterako gara, berriz ere atzoko ideia eta egitasmoak gure geingo ditugu,herriok ez dugulakoa ahazten, ezin dugulako gure memoria kolektiboa alboratu. Orain 28 urte egin bezala OTANi ezetz esango diogu, inperialismoari bizkar emanez eta beste behin ere, guztiaren gainetik, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatuko dugu.

 

Atzo bezala gaur eta gaur bezala bihar!

OTANi ez!

Euskal Herriari BAI!