Memoria dugulako, Faxismoari ez!
Autoritarismo faxista ez dago gaindituta, eta sionismoaren izenean gaur egun indarrean dagoen faxismoa salatu nahi izan genuen uztailaren 18an Gernikan Ahaztuak eta Askapenak elkarlanean antolatu genuen ekitaldian. Israelgo estatu sionista Palestinan burutzen ari den sarraski berriaren aurrean eta altxamendu frankistaren 78. urteurrean Gaza eta Gernika elkartasun eta borrokaz lotu nahi izan genituen. Memoria dugulako, inpunitate frankistari eta sionistari aurre egin behar diogula azpimarratu eta elkartasunetik konpromisorako saltoa eman behar dugula adierazi genuen, salaketa eta ekimenetatik BDS kanapinan sakontzera.
Hona hemen Askapenako kideon hitzartzea:
Gaurkoa egun gogoangarria da dudarik gabe. Duela 78 urte, uztailaren 18an Faxismoa armetan altxa eta gure herriaren eta espainiar estatuko hainbat herri, langile, zein nekazariren aurka jo zuen. Gernika, eraso faxista horren lekuko ahaztezin bilakatu zen. Zerutik bonbak erortzen ziren bitartean, lurrean, sufrimendua eta miseria baino ez zuen utzi. Gaurkoan Gernikatik Gazara itzultzen dugu begirada. Izan ere atzoko faxismo berak herriak zapaltzen jarraitzen baitu, atzoko interes eta pribilegio berdinen defentsan, atzoko helburu beraren alde: kapitalismoa eta inperialismoaren ezartzea.
Palestinar herriak, 1948tik gaurdaino, hamaika aldiz jasan behar izan du okupazio militarra, bazterkeria, umilazioa, erbestea, kartzela... azken batean eta hitz gutxitan, herri baten aurkako genozidioa. Guztia, mendebaldearen eta nazioarteko komunitatea deitutakoaren begi onez, eta hala ez denean, haren isiltasunarekin. Europa eta AEBen interes inperialisten mesedetan eraiki zuten Israelgo Estatua, eta egun immunitate osoz jokatzen du, Palestina edo inguruko edozein herriren aurka.
Azken gertakariak baina, ezin ditugu modu isolatuan ikusi: inperialismoaren oldarraldi berri baten aurrean gaude. Egunotako gertakizun dira Ukrainia ekialdeko errepubliken aurkako bonbardaketak, Siria edo Venezuelaren aurkako eraso edo ezegonkortze saiakerak... Euskaldun internazionalistoi beraz, kalera ateratzea dagokigu, egunotan palestinar herriaren alde eginiko hamaika ekimenetan bezala. Ezinbestekoa zaigu baina, erantzun dinamikez gain, inperioari hortzak erakusteko bideak eta tresnak eskuratzea. Palestinarrei elkartasuna adierazteko biderik egokiena Boikot Desinbertsio eta Zigor kanpaina da. Boikotaren bidean jarraitu beharrean gaude, arlo ekonomiko, kultural, akademiko eta instituzionalean sakontzeko unea da. Sionismoari ezin diogu zirrikiturik ere utzi gurean, horixe da palestinarrek eskatu digutena eta horixe da egin behar duguna.
Gora Palestina askatuta!
Gora munduko herri borrokalariak!