Mexikoko brigada San Cristobalgo Lurraren Unibertsitatetik!

Irakurri osorik

Centro Indigena de CapacitaciĆ³n Integral


San Cristobaleko Centro Indigena de Capacitacion Integral (CIdeCI) edota Universidad de la Tierra ezagutzen izan ginen, lehenengo bertako ikasle baten eskutik eta amaieran bertako sortzaile den Raimundorekin.

Raimundo Sanchez-en arabera CIdeCI 1983tik garatzen doan sistema bat da, aurrez beste leku batean bazegoen ere, 2005eko maiatzaren 20an finkatu zena San Cistobal de las Casas-en, zapatistek berreskuratutako lurretan. Hezkuntza proiektu hau unibertsitate moduan definitzen da,  Universidad de la tierra de Chiapas izenez ezaguna dena.

Aurrez parte hartzeko aukera izan genuen osteguneroko mintegien aretoan hasi genuen unibertsitateko bisita. Saio  horietan, asteroko gertakarien irakurketa zabal eta sakona egiten dute, horretarako emaniko idatzietan oinarrituaz. Bertan izan ginenean bertaratutako perfil anitzek harriturik utzi gintuzten, emakume heldu indigena zein zortzi urteko mutikoak ikusi genitzazkeen hainbat jenderen artean. Osteguneroko mintegiez gain, hau ere pentsamendu kritikoa garatu asmoz, hileko lehen larunbatetan liburuak eztabaidatzen dituzte, honakoan ordea intelektual jendea hurbiltzen omen da batik bat.

Ikaragarria iruditu zitzaigun lehenengo unetik unibertsitatea osorik ikasleek ikastaro ezberdinetan ikasitakoarekin egina izatea, aroztegian eginiko mahai eta aulkiak, telareetan eginiko errezelak, adobezko horma, leihoak...

 

Bertako ikastaroak oso anitzak dira; artisau lanak (zapatagintza adibidez), informatika, elektrizitatea, sukaldaritza (bertan ekoiztutako produktuekin), arotz lanak, arkitektura, mekanika...  Horietako bakoitzaren espazioak ikusi ahal izan genituen, baita ukenduak egiten ikasten duten Comandanta Ramona izeneko erizaindegia, jantokia, musika ikasteko eraikina, baratza, abereen ukuilua... unibertsitate kontzeptutzat ulertzen dugunaren oso bestelako espazioa dela esan beharrik ez.

Ikasketa eskaintza zabalaren aurrean, ikasleek zer ikasi nahi duten hautatzen dute, baita egokiena zaien ordutegia ere. Orokorrean hamabi urterekin hasten badira ere, bada txikiagoa izanik irakurri eta idazten ikastera gerturatzen direnak ere.

Orokorrean, Chiapaseko komunitate indigena desberdinetakoak dira ikasleak, baina badira Mexikoko beste estatuetatik etortzen direnak ere, adibidez Puebla edo Jalisco; baita Guatemalatik etorritakoak. Hau ikusirik, CIdeCIk komunitate indigenekin egiten duen lana azpimarragarria da, hezkuntza proiektu honi esker bertako bizi kalitatea hobetzen baitoa.

Aipatzekoa da CIdeCIn sartzeko ikasleek beraien komunitateetako gomendio gutuna behar dutela. Gaur egun, 150 barneko ikasle eta joan etorria egiten duten beste 150 ikaslek osatzen dute, guztira 300 ikasle inguru izanaz. Ikasle guzti horien artean aurrez aipaturiko aniztasuna dela eta, hainbat hizkuntza elkartzen dira, besteak beste; Tojolabal, Tzeltal, Tzotzil eta Chol Txiapasekoak direnak, baina baita Oaxacako Chatino, zein Guatemalako Man ere. Honek zenbaterainoko kultura aniztasuna dagoen erakusten digu. Dena den, irakasgaiak gaztelaniaz ikasten dituzte, ikasleen partehartze aktiboa bilatzen duen metodologia erabiliaz. Kontuan hartzekoa da irakasleen lana borondatezkoa dela, gaur egun gainera bertan ikasiriko indigenak jarduten dute irakasle lanetan.

Behin ikasketak bukatzen dituztenean, beraien komunitateetan garatzeko mikroproiektuak eskaintzen dizkiete, aurrez ikasitako ofizioak martxan jarri ditzaten. Era horretan, komunitateekiko kooperazioa eta hauen garapena martxan jarriaz. Unibertsitatearen logika kapitalismotik at kokatzen da, komunitate indigenen autonomiaren garapen bidean hain zuzen.

Behin unibertsitatea ezagututa Raymundok agurra emateko jaso gintuen. Raymundo Centro Indigena de Capacitacion Integralen (CIdeCIren) sortzaileetako bat izan zen. Berak azaldu gisan,  Mesoamerikan izaniko bostehun urteko historia baten ondorengotzat dute haien burua, printzipio profetiko-kritikoetan oinarrituaz beraien borroka indigena. Estatu nazioa eta honen instituzioak eraldatzea da hauen helburua, horretarako hauekiko erlazioak hautsi eta autonomian oinarrituaz. Horretarako herri xehearekin eta behetik lana eginaz jendarte osoarekin batera.


Aurrez eginiko bisitan, zein berarekin izandako hizketaldian argi ikusi ahal izan genuen unibertsitate soil bat baino askoz gehiago dela. Ikasleak ez  dira objetu hutsak, materialismotik urrun bestelako balioetan oinarritua baitago hauen hezkuntza sistema. Ikasleak dira zein jakintza garatu nahi duten hautatzen dutenak, beti ere ikasitakoa beraien komunitateetan praktikara eramanaz, ahalik eta ekarpen onena egin ahal izateko.

    CompArte CIdeCIn

Azken egunotan CideCIn CompArte jaialdia ospatzen da, besteak beste hainbat tailer, hitzaldi, antzerki, eta dantzaldik lekua hartu dute. Elkargune, anitz eta aberasgarria bilakatu da inola ere. Azpimarragarria antolakuntzaren lana, batez ere irakasleen mugimendua dela eta egon diren aldaketen aurrean erakutsitako egokitzapenerako gaitasunagatik. CIdeCIn zapatisten presentzia aurreikusitakoa izan ez bada ere uztailaren 29an Oventiken izan zen jaialdia eta abuztuaren 3, 6, 9, eta 12an gainontzeko karakoletan izango da zapatista artista ezberdinen elkargune izango den jaialdia; compa arte, comparte!