Mexikoko brigadaren kronika bertako espetxeen egoera azaltzen

    Txiapaseko egonaldian, bertako preso politiko eta borrokan dauden beste hainbat presoekin (denak ala denak “la sexta” rekin bat egiten dutenak) lan egiten duen No estamos todxs taldearekin elkartu gara.


    Aipaturiko taldearen lan-ildoak presoenganako elkartasuna, familiekin harremana, presio politikoa eta kasuen kaleratzea dira. Guzti honen aurrean taldea batik bat kartzela politikaren aurka lerrokatzen da eta egoera berean dauden gainontzeko estatuko taldeekin saretuta daude.


    Egun lan egiten duten presoen kopurua hamar kide ingurukoa da; El Amate, Playas de Catazaja, Villa de Comatitlan (segurtasun handikoa dena) eta Cerezo 5 espetxeetan barreiatuak, Txiapasen guztira hamalau espetxe daude.


    Txiapasen ere dispertsioa presente dago, ondorioz presoak urrundu eta familien egoera ekonomiko kaxkarra dela eta zailtasunak izaten dira bisitan joateko. Egoera honen aurrean taldearen ekarpen ekonomikoa presoei bitartekoak ematea litzateke, adibidez haien artisau lanak edo komunitate batean eginiko eztia salduz.

Irakurri osorik


    Azpimarragarria preso guztiak ez direla politikoak, batzuk bidegabekeriaz atxilotuak dira, ondoren espetxean formazio-politikoa jaso dutenak borrokara bidea eginez.


    Mexikon segurtasun haundiko espetxeak eraiki dituzte azken urteetan, hori bera litzateke Txiapaseko Villa de Comatitlanen kasua ere, eta hauek betetzeko borrokan dauden presoak eramaten dituzte, bakarturik gera daitezen hauen mugimendua ahuldu asmoz. Segurtasun handiko espetxeen kasuan ez da vis a vis-ik, hilabetean 15 minutuko deia baino ez dute eta hilean behin familiako kide baten hogeitamar minutuko bisita izan dezakete. Halabaina, korrupzioa bera kartzeletako zeldetaraino iristen da, eta kartzela negozio bilakatzen da, horrela dirua ordainduz nahi dena egiteraino.


    Zenbaitetan argitu gabeko kasuei erantzuleak bilatzeko, muntaia polizialak egin eta zerikusirik ez duten jendea espetxeratzen dute. Gainera egoera honetan, ahulena den jendea atxilotzen dute, hau da komunitateko jendea, askotan gainera gaztelaniaz gutxi edota ez dakitenak. Testuinguru honetan  ulertu beharra dago, familien gaitasun ekonomikoak are mugatuagoak direla, bisitetara ezin joanda geratzeraino edota kartzelan familiako bat izateak dakarren gastuak suposatzen duenari aurre egin ezinda egoteraino.
    


Cerezo 5 espetxean Roberto Pacienciari bisita


    Aipaturiko Roberto Paciencia presoa bisitatzeko aukera eduki dugu, San Cristobaletik ordu erdira dagoen Cerezo 5 espetxean.


    Roberto bidegabekeriaz atxiloturiko presoa dugu, gerora formakuntza politikoa jaso duena eta “la sexta”ra batu dena espetxe barnean egonik. Egun batetik bestera atxilotu zuten lanetik etxera bidean zihoala. Tortura fisiko eta psikologikopean izan zuten hiru egunez eta era horretan bahiketa baten errudun zela sinatu behar izan zuen. Hiru urte daramatza preso, hogeita hamalau urte ditu berak, eta oraindik sententziaren zain dago.


    Kartzelara sartu eta bertako patioan egon gara “la sexta”ko kideek aurretik beraientzat hartutako txokoan. Gune hau beraien borrokari esker eskuratu zuten, janari gehiago eskuratzearekin batera. Esan beharra dago kideek espetxe politiken aurka izandako borrokaren eta eskubideen aldarrikapenen ondorioz, gainontzeko presoen erreferentzialtasuna lortu dutela.


    Beraien txokoan EZLNko hainbat kideren argazkiak zein margoketak zeuden apaingarri gisara eta mahai inguruan kafe baten bueltan bildurik egon gara berriketan. Espetxeko ziegetan dauden gehiegizko kantitateengatik patioan egiten dute bizimodua. Robertoren kasuan, espetxeratu eta lehenengo sei hilabeteetan lurrean lo egin behar izan zuen, gaur egun ordea ziegan zazpi  kide dira.


    Espetxe barruan formakuntza politikoa jasotzen dutenak “la sexta”ko kide izatera iristeko, aurrekonpromezua erakusten dute eta ondoren tailerrak jasotzen dituzte.


    Robertoren hitzei erreparatuz, zenbaterainoko indarra zuen nabari zitekeen, borrokak zenbateraino balio duen behin eta berriro azpimarratuaz. Berak esan bezala “no os desanimeis, que la lucha sigue”.
    

Link interesgarriak:
  
https://www.youtube.com/watch?v=jw901iRgSh4

www.noestamostodxs.tk