MST-ko Escola Nacional Florestan Fernandes: Formakuntza politikoari ekinez

Brasilera doan Askapenaren lehengo brigadako kideek ere bidali digute kronika! Brigada honetako elementu zentrala MST (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) ezagutzea da eta horrertarako erarik egokiena da ezer baino lehen formazio politikoa jasotzea Florestan Fernandez Eskola Nazionalean (ENFF). Bertan pasa dituzte lehen egunak eta horixe bera da kronika honetan azaltzen digutena.

ENFF Sao Paulo Estatuan kokatua dago, hiritik 70 kilometrotara. 1997. urtean hasi ziren eraikitzen, formakuntza beharrei erantzuteko eta topagune erreferentzial bilakatzeko asmoz. Eraikuntzan, urteetan zehar mila bolondres baino gehiagoren laguntzaz, "Eskolako lagunak" elkarteari jendeak egindako dohaintzez eta Brasileko hainbat tokitik bidalitako brigaden ekarpenez, MST-k 2005ean inauguratu zuen eskola. 10 urte hauetan 500 irakasle eta 16.000 ikasle baino gehiago pasatu dira bertatik, ENFF-k eskeintzen dituen ikasketa zein kurtsoetan parte hartuz.

Proiektua mantendu eta garatzeko, MST-ko brigada iraunkor bat dago, 14 estatuko 42 militantez osatutako "Apolonio Carvalho" izenekoa. Kide bakoitzak 2-3 urte pasako ditu eskolan (antolakundeak eskatuta) arlo ezberdinetan bere ekarpena egiten.

Lau arlo lantzen dituzte bertan; pedagogikoa (ikasketak, kurtsoak, liburutegia, planteamendu kulturala, haur-eskola etabar garatzeko), produkzioa (ortuak, senda-belar ortuak eta transgeniko gabeko hazi-bankuak), zerbitzuena (azpiegitura, garbiketa, jantokia, segurtasuna etabar mantenduz) eta administrazioa (finantzak, egitasmoak, erosketak etabarretaz arduratzeko). Gainera, KPP (Koordinazio Politiko Pedagogikoa) dago zuzendaritza nazionalak zehaztua, arlo bakoitzeko koordinatzailearekin batera, eskolaren norabidea eta edukia erabakitzeko.

Lurgabeen mugimenduarentzako ezinbestekoa da formakuntza politiko sendoa bermatzea ahalik eta maila altuenean. Horregatik, barne zein kanpo formakuntza orokor eta espezifikoak jorratzen dira ENFF-n. Urteroko programazioan garrantzitsuenak diren bi kurtsoak "teoria politiko nazionala" (brasildarrez) eta "nazioarteko teoria politikoa" (ingelesez) dira. Brasilen, latinoamerikan eta munduan erreferente garrantzitsua izatea lortu du eskolak, iraultzaile orok nahiko lukeen topagunea baita. MST-arentzat ez ezik, Brasilgo herri mugimenduarentzat ere sekulako tresna bilakatu da eskola, ideia topagune, esperientzia partekatze eta proiektu eraikitzaile kokaleku paregabea.

Langile klasearen garaipen garrantzitsu baten aurrean gaude, potentzialitate iraultzaile ikaragarria duen herritarron eskola. Horrela ulertuta ere erabiltzen dute Brasilgo hainbat erakundek eskola, bilerak, topaketak edo jardunaldiak burutzeko. Gu eskolan egon garen egunetan, metalgintzako CUT sindikatua, "Consulta Popular" antolakundea eta MST-ko LGTB kolektiboa ere pasatu dira.

16 lagun izan gara taldean: Herrialde katalanetatik 8 lagun, Euskal Herritik beste hiru, Puerto Ricotik beste bat ta MSTko kide bat. Egunero 9 ordu eman ditugu formatzen programazio anitz eta sendo baten barnean (historia de la luta pela terra e o MST, conjuntura politica brasileira etab.), beti ere atseden, kafea eta otorduetarako denbora izanda baina ordutegi zorrotza errespetatuz. Puntualitatea, disziplina eta formakuntza maila berean dira garrantzitsuak hemen, horrela antolakuntza eraginkor eta baliogarria lortzen dute.

Kontutan hartzekoa da eskolako jantokian kontsumitzen den gehiena mugimenduko kooperatibetan eta eskolako ortuetan ekoiztua dela. Jantokian bertan, bi otordu zerbitzatu eta garbituz egin dugu taldeko ekarpena. Egonaldi labur honek gogorarazten digu, herrien askapen borroketan, formakuntza politikoa alor estrategikoa dela, daukan garrantzia gehienetan ez badiogu ematen ere.

 

Linkak:

Eskolaren lagunak elkartea: www.amigosenff.org.br

Eskolari buruzko dokumentala https://m.youtube.com/results?q=enff&sm=3