MST mugimenduaren aurkako kriminalizaziorik ez!

 

Askapenako kideari elkarrizketa Hala Bedi irratian eta Argian

 

Azaroaren 4ean, Brasilen goizeko 09:25 zirela, bertako indar polizialak Florestan Fernandez MSTko eskola nazionalera bortizki sartzen saiatu ziren, besteak beste, tiroak airera botaz. Agindurik gabe sartu nahi zutela ikusirik, MSTko hainbat kidek polizia geldiaraztea lortu zuten. Eskolara ez sartzeko borroka horretan, ordea, poliziak MSTko bi lagun atxilotu zituen.

Bertan den Askapenako militanteak ziurtatu digunez, MSTko zuzendaritzaren aurka eginiko operazio poliziala izan zen ostiralekoa. Antolakunde kriminala izatea egotzita 20 buruzagi atxilotzeko agindua zuten Brasilgo polizia zibil zein militarrak herrialdeko hainbat estatutan. Oraingoz, 20 buruzagiek ihes egitea lortu dute.

Askapenatik azken eraso hau Brasilen emandako Estatu Kolpearen ondotik herri mugimenduaren kontra ematen ari den oldarraldiaren baitan kokatzen dugu. Esan beharra dago, MSTk Brasilen ematen den gatazka historiko baten kontraesanak agerian uzten dituela, lur sailen banaketarenak, hain zuzen. Horregatik, errepresioak eta kriminalizazioak nabarmenki gora egin duen une honetan, haien aurkako jazarpena areagotzeak eta etengabeko kriminalizazio kanpaina aurrera eramateak ez gaitu batere harritzen. Era berean, Brasilgo Gobernua nekazari lurjabe eta herri sektore txiroeenen interesak defendatzen dituzten mugimenduen aurkako estrategia garatzen ari dela garbi dugu. Horregatik, jotzen dute MST bezalako herri mugimenduen kontra hain zuzen. Gainera, argi diogu Estatu Kolpea bultzatu dutenak eta latifundioen ustiaketan eta langile klasearen explotazioan sakondu nahi dutenak sektore berdinak direla.

Euskal Herrian ondotxo ezagutzen ditugu horrelako kriminalizazio eta errepresio estrategiak geure larruetan ere jasan egin baitigu. Horregatik, beste behin ere, Brasilgo Estatu Kolpetik eratorritako gobernu errepresibo hau irmoki salatu nahi dugu. Era berean, gure elkartasunik beroena bidaltzen diegu Euskal Herritik MSTko militante guztiei eta batez ere atxilotuak izan diren edota atxilotzeko arriskuan dauden kide eta hauen senide eta lagunei. Bukatzeko dei egiten diogu euskal jendarteari azken eraso hau salatu eta Brasilgo herriari elkartasuna adierazteko.


Errepresioa ez da bidea!

Gora lurrik gabekoen mugimendua!

Brasilgo Estatu Kolpeari ez!