Munduko preso politikoak kalera!
Apirilaren 17a, preso politikoen nazioarteko eguna hain zuzen, egun esanguratsua da askatasunaren alde borrokan ari garen herri guztiontzat, baina baita elkartasun internazionalistaren baitan justizia eta askatasunaren alde dihardugunontzat ere. Azken batean, han eta hemen, errepresioak jo puntuan ezarri eta kartzelaratzen gaituen etsai beraren aurka indarrak batu eta aldarrikapen kolektibo gisa irudikatzeko eguna dugu berau, milaka etxeetako ohe eta bihotz hutsak saretu eta elkarren beroa sentitzerainoko oihartzun ozen
bakar bat osatuz.
Izan ere, ez ote da agian, preso politikoak egote hutsa adierazle argiena, gordinena, sistema bidegabe eta kriminal batean bizitzera kondenatzen gaituztela ohartzeko? Estatu kapitalistetan gainerako zapalkuntza bide leunagoek huts egin edo zeharkako bideak aski ez eta, zuzeneko eraso bortitzari ekin behar izan dutenaren ispilua da haiekiko errepresioa. Baina ez dezagun ahaztu aldi berean eta txanponaren bestaldean, adierazle ere badela berau, preso politikoak egote hutsa alegia, herri langile borrokalariak ez garela kikiltzen eta ez direla falta han eta hemen askatasunaren alde borrokatu eta dena emateko prest dauden emakume eta gizonak. Eta esan gabe doa inork ez ditzan hitzok bestelako aldarrikapenez mozorrotu, oligarkia eta inperialismoaren alde borrokan diharduten mertzenarioak ez ditugula ez preso politiko gisan kontsideratzen ezta haien amnistiarik eskatzen ere.
Gaurko egunez baina, euren herriaren alde dena eman dutenak gogoratzeaz gain, haien eskubideak etengabe zapaltzen dituztenak salatzea ere badagokigu. Ezin salatu gabe utzi hortaz, estatu frantziar eta espainiarrak bere ziegetan bahiturik eta euren sorlekutik urrun dauzkan ia 350 euskal preso politikoak. Gogora ekarri nahi dugu, nazioartetik haiekiko egiten den elkartasun guztia eta bereziki azken egunotan Euskal Herriaren Lagunak, elkartasun komiteek, Euskal Preso gaixo larriekiko egin duten salaketa kanpaina. Lan ezinbestekoa gure lagunen askatasuna lortze bidean.
Hala ere gaurkoan gainontzeko herrietako presoak ekarri nahi ditugu gogora. Ezin ahaztu 5 kide galiziar nahiz 18 preso korsikarrak, haiek ere, tamalez, bi estatu zapaltzaileek sakabanatuak. Aldi berean, borrokalari gaztelar zein andaluziarrek jasaten duten errepresio egoera ere salatzeko baliatu beharrekoa da gaurko eguna, Alfon eta Andres Bodalo jornalarien kasuak esaterako, herri zapalduon duintasunagatik borroka egin eta herri langileon interesak defendatzeagatik kartzelan daudenak egun.
Modu berean, eta gugandik urrunago baina gertu, 10 mila militante kurdu eta 6500 palestinar preso politikoei elkartasuna adierazteko eguna ere bada gaurkoa. Estatu turkiar faxistak zein israeldarrak euren ziega zikin ilunetan bahiturik dauzkatenak egun, haietariko asko epaiketarik inoiz ezagutu gabe, gaixotasun larri eta sendaezinekin hainbat, bakarturik, bisita eskubiderik gabe, eta hainbatetan tratu txarrak jasoz, gehiegitan torturatuak edo erailak...
9500 preso politiko kolonbiarrek sufritzen duten egoera bortitza salatzekoa ere bada gaurkoa, hain zuzen, kartzeletan pilaturik eta oso baldintza gogorretan egoteaz gain, xantaia politikorako erabiliak dira, bake negoziaketetan Santosen gobernuaren aldetik.
Egun honetan, eskuz esku gaude itsasoaren bestaldean izan arren, sentimenduz auzo-lagun ditugun 40tik gora preso politiko maputxeekin, oraindik ere Pinocheten legediaren ondorioak jasan beharrean diren wallmapuko jatorrizko herri borrokalariekin, hain zuzen. Txileko gobernuak euren lurrak lapurtu eta miseriara kondenatzea gutxi ez eta, milaka kilometro egin beharrean dira senitartekoak, komunitateetatik ibilaldi amaigabeak burutuz hiriguneetara. Eta nola ez, 52 preso politiko sahararrei elkartasuna adierazteko eguna ere bada berau, sakabanaturik hauek ere, osasun zaintza ukatzen zaiela, tribunal militarrek epaituak haietariko asko. Eta haiekin batera doazela gure agurrik beroenak aipatu gabe utzi ditugun gainerako presoei ere.
Baina esan bezala, apirilaren 17ko hau, salaketa egun izateaz batera, aldarrikapenenez janzteko eguna ere bada, guzti haiek kalean eta borrokan zihardutenean zein orain kartzeletan egon arren defendatzen duten proiektu politiko guztiak aldarrikatzeko eguna ere badelako ezabirik gabe gaurkoa. Proiektu eta askapen borroka guztiak, berezitasun eta desberdintasun gutxi batzuk salbu, helburu bera elkarbanatzen baitute: Pertsona librez osaturiko herri libre batean bizitzeko beharra eta honekiko konpromisoa. Borroka hau ere bada beraz apirilaren 17 honetan defendatu behar genukeena, hori baita preso politikoek guregandik jaso nahiko luketena, kate begiak etenik ez duela izan jakitearen harrotasuna arnasten jarrai dezaten dauden lekuan daudela.
Honegatik guztiagatik, denak behar zaituztegulako, libre eta borrokan, Euskal Herriko kale eta plazetan bezala, Bogota edo Medellingo Unibertsitateetan, El Aioun edo Smarako Haimetan, Kandileko mendietan edo Ramalako auzunetan, gurekin batera, herri libre eta burujabeen mundu baten alde borrokan eta tinko.
Munduko preso politikoak kalera!
Hamaika herri, borroka bakarra!