Nazio zapalduetako gazte antolakundeek manifestu bat adostu dute
Gazte antolakunde ezberdinek manifestu bat egin zuten publiko pasa den abenduaren 6ean Madrilen Yesca, Gaztelako Gazte Antolakundeak antolaturiko 9. Jardunaldi Internazionalisten testuinguruan.
Nazio zapalduetako gazte antolakunde independentista eta iraultzaileek sinatzen dute manifestua: Arran, Azarug, Briga, Darréu, Ernai, Inekaren, Isca!, Jaleo!!!, Purna eta Yescak. Bertan beraien “etorkizunaren jabe izateko” borondatean berresten direla adierazten dute. Dagokien herrialdean gazteek pairatzen duten egoera “oso larria” dela azaltzeaz bat “espainiar erregimenak antolatzen den gazteriaren aurka daraman politika errepresiboa eta kriminalizazioa” salatzen dute. Egoera guzti honen aurrean ordea “herrien askatasunaren aldeko, feminismoaren aldeko eta sozialismoaren aldeko hautua” egiten dutela baieztatu eta “aurrera egiteko erabaki irmoa” dutela azaltzen dute.
Manifestua osorik irakurtzeko aukera hemen
Manifestuarekin batera, borroka estrategiakoak garatzeko espazio bat eraiki zutela ere azaldu zuten agerraldian, beti ere lurralde bakoitzaren burujabetza eta dinamikak errespetatuz.
Agerraldia burututa 9. Jardunaldi Internazionalistarekin jarraitu zuten. Ekimen honen bitartez borrokan ari diren beste herrietako kideen esperientzia eta irakaspenak konpartitu nahi izan zituzten.
Bertan izan ziren besteak beste Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideak, Xunta Estudiantil Asturiana eta SAT Juventud-ekin batera “Herrietako gazte eta ikasle sindikalgintza” blokean beraien borroka eta errealitatea azaltzen.
Honen ostean “Euskal Herriko Gazte Mugimendu independentista” izeneko atalari eman zioten hasiera. Bertan 26/11 sumarioko gazte auziperatu batek eta Ernaiko kideek hartu zuten hitza.
Jardunaldi hauen inguruko kronika osorik irakurri dezakezu hemen.