Okupaziopeko lan mundu palestinarrari begirada azkar bat
Aste hauetan zehar Palestinara abiatu zen Askapenaren brigadak izan dituen topaketen artean sindikalista batekin elkartu dira Nablusen, Palestinan eta, bereziki, Zisjordanian, bizi duten lan egoerari buruz gehiago jakiteko.
Bera Montasser Kukhun da, General Federation of Trade Unions of Palestine sindikatuaren komite exekutiboaren kidea. Montasser-rek azaldu digunez, dela hamarkada batzuk Palestinaren Askapenerako Erakundetik (PAE) zuzentzen zen langileen borroka baina geroago, batez ere Osloko akordioen ostean, bakarrik PAEren ezker ildoak egiten du lan langileen alde.
Zisjordanian langile palestinarren egoera zaila bada, Gazan are zailagoa da. Sionismoak eta bere Estatu laguntzaileek (nagusiki EEBB eta Europako askok) ezarritako blokeoaz gain, langabezi tasa oso altuak eta Hamas-en gobernuak duen ezkerrarekiko jarrerak zailtzen du asko sindikatuen lana.
Sindikatuek gaur egun egiten dituzten ekimenak ez direla oso eraginkorrak esan daiteke, eta nahiko zabalduta dago langileen artean sindikatuek garrantzi gutxi daukatenaren iritzia.
Montasser-rek langileen arazo garrantzitsuenak azaldu dizkigu. Lehenik eta behin, aipatu behar da legedi garatuago baten falta, eta baita honen aplikazioaren ziurtatzea ere. Izan ere, aspektu askotan soilik arlo ofizialetan, gobernuan eta administrazioan, lan egiten duten langileek eskubide batzuk onartuta dituzte. Haien artean jubilazio eskubidea edo pentsio bat jasotzearena. Gizarte-asegurantzari dagokionez, ez da existitzen langile gehienentzat.
Lan egiten duten umeen kasua beste arazo larri bat da, Montasser-ren esanetan. Teorian 16 urte izan arte ezin badute lan egin ere (eta horretaz gain, ez edozein lanetan), badaude adin hori baino baxuagoko ume ugari lan egiten dutenak. Zergatia, munduko beste leku askotan gertatzen den bezala, herrien esplotazioan eta egitura sozial ezbidezkoan bilatu behar da. Familia batzuetan familia-burua hilda, gaixo, ezgaitu edo preso egoteak behartzen ditu umeak lan egitera, familiarako diru-sarrera nahikoa ziurtatzeko. Presoak dituzten familiak Autoritate Palestinarrak laguntzen ditu ekonomikoki, baina gehienetan ez da nahikoa.
Emakumeen kasua azpimarratzekoa da ere. Montasser-rek aipatu digunez, Palestinako langileen erdia baino gehiago suposatzen dute eta orokorrean gizonek baino gutxiago irabazten dute, kasu batzuetan soldata hilabeteko 100 dolar baino baxuagoa izanda. Horretaz aparte, lanpostu batzuetan, idazkariak kasu, hiru lan ezberdin egiten dituzte kasu batzuetan, idazkariarena, garbilariarena eta besteren bat.
Dena den, Palestinan, produktu ezberdinen prezioekin alderatuta, soldata ez nahikoak izatea arazo orokortua da.
Beste egoera berezia Estatu sionistak okupatutako lurraldeetan lan egiten duten langileena da. Montasser-rek emandako datuen arabera, 200.000 bat palestinarrek egiten dute lan kolonietan (Estatu sionistak 1948an eta 1967an lapurtutako lurrak kontuan hartu gabe). Palestinar hauetako asko umeak dira. Honi gehitu behar zaio kolonoek langile palestinarrak ordu asko lan egitera behartzen dituztela, kasu batzuetan 11 edo 12 ordu eguneko.
Kolonietan lan egiteko baimen berezia beharrezkoa da eta palestinarrek dituzten arazo ekonomikoetaz baliatzen dira israeldarrak. Izan ere, batzuetan saiatu dira Zisjordaniako herrien eta kolonien arteko bidea egunero egiten duten langile palestinarrak espiak bezala erabiltzen edo beren herrietan drogak banatzen. palestinar xumeenen txirotasun eta miseria erabiliz sionisten helburuak erdiesteko xedearekin.
Aipatutakoaz gain, arazo zehatzetaz gain, langile palestinarren egoera okupatutako herri baten errealitatean kokatu behar da, non okupatzailea etengabe saiatzen baita bizitza zailtzen, palestinarrak zapaltzeko, umiliatzeko ete beren lurretatik joanarazteko. Eta halako egoera batean, noski, ezin da herri baten ekonomia-arloa ganoraz antolatu. Hau guztia gutxi balitz, iraute-egoerak, hurrengo eguneko ogia bilatu behar izateak, epe-motzeko ikuspegiak ez dute langile-kontzientzia garatzea eta ideologizatzea laguntzen.
Hala ere, okupazioaz gain, ezin da utzi aipatu gabe Autoritate Palestinarrak daukan erantzunkizuna. Osloko akordioen ondoren eta, bereziki, Abbas-en gobernuarekin, ez da garatu, zailtasunetaz aparte, eredu bat herri palestinarraren beharrei erantzuten duena. Instituzio ezberdinetatik, EEBBetatik batez ere, jasotako diru ugaria ustelkeria eta klientelismoa elikatu du neurri handi batean. Honetaz gain, egitura ekonomiko orekatuago bat eraiki ordez, produktuak inportatzera bideratu da diru horren zati handi bat, Palestinako dependentzia areagotuz.
Palestinako hirietan ikus daitekeen kontsumo-maila oso ezberdinetan islatzen da errealitate hori, AP-en inguruan 'kasta' bat sortu duena, ekonomikoki hazi dena, okupazioaren testuinguruan eroso bizi dena.
Askapenaren brigada