Palestina egun arrakastatsua izan zen pasa den larunbatean Makean
Pasa den larunbatean, otsailak 7, Makea Palestina egunaren bilgune bilakatu zen. Udara honetan Palestinan izandako brigadisten iniziatibaz eta Euskal Herria Zuzenean, Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Zuberoako BDZ mugimendua, Txir Txor Makeako Gaztetxea eta Askapenaren lagunduta, elkartasun egun ederra atera zuten aurrera.
Palestina Eguna, BDZ kanpainari Ipar Euskal Herrian indar berri bat emateko baliatu nahiko lukete. Horretarako, Yallah Euskal Herria webgunea erabiliko dute, BDZ kanpainarekin bat egiten duten eragile eta zerbitzu-emaileen zerrenda osatuz. "Jendea axolagabea da kontsumitzen duenean eta ohartu gabe, sionismoa elikatzen du. Kontzientzia hartzea bultzatu nahi dugu".
Tokian-tokiko lantaldeak sortuz konkretura pasa nahiko lukete beraz. Interesatua dena makea.palestina@gmail.com helbidera idatziz jar daiteke harremanetan.
Goizeko hamaiketan hasi eta egitaraua interesgarria egon zen Txir Txor Makeako Gaztetxean eta ondoko gela komunalean. Eguna mahai inguru batekin hasi zen baina aurretik, bertaratu zen jendeak Palestinaren inguruko eragile ezberdinek jarritako stand-etan materiala erosi edo informazioa jasotzeko parada izan zuen. Aukera hori egun guztian zehar izan zuten. Palestinako laborariekin egondako ELB sindikatuko Ana Bados, Baionan, udara honetan Gazako sarraskia salatzeko sortutako mugimenduaren kideak eta Askapenako brigadistek parte hartu zuten hitzaldian. Hitzaldia luze bezain interesgarri joan zen eta entzuleek parte hartze aktiboa hartu zuten eztabaida interesgarria bihurtuz.
Bazkarian ere, ehun bat lagun elkartu ziren. Bazkari goxoa prestatu zuten bertako produktuez eta gainera, Odei Barroso eta Miren Artetxe bertsolariekin bazkaloste atsegina pasa zuten. Momentu batean gaijartzailea bera ere bertsotan aritu zen. Arratsaldean, doku-foruma izan zen Roadmap to Apartheid dokumentalarekin. Goizean hitzaldian 70 bat lagun egon bazen ere arratsaldean jende gehiagok parte hartu zuen. Gosetutakoak ikastolako guraso batzuk prestatutako taloak jateko aukera izan zuten.
Eguna jai giroan amaitzeko, zazpiterdiak aldera kontzertuak hasi ziren. Bertan izan ziren Arramazka, Kadafist Brothers eta Iparretarrok. Kontzertuetako giroarekin jarraituz, gaztetxean eman zitzaion amaiera egunari.
Ikus ere: "Herri zapalduen artean elgarrekin egin beharko ditugu gauzak"