Palestina eguna otsailaren 7an Makean

Datorren otsailaren 7an, larunbata, Makean Palestina eguna antolatu dute udara honetan Palestinan brigadan izan diren kideek Euskal Herria Zuzenean, Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Zuberoako BDZ mugimendua, Txir Txor Makeako Gaztetxea eta Askapenaren laguntzarekin batera.

Urteak dira Askapenatik Palestinara brigadak antolatzen ditugula. Helburu argi bi ditu brigadak. Alde batetik Euskal Herriko egoera aditzera ematea, eta bestetik, Palestinar herriak bizi duen okupazio eta erresistentzia borrokak bertatik bertara ezagutzea. Hain zuzen ere, asmo horrekin udara honetan bertan izan diren brigadistek Palestinarekiko elkartasun eguna antolatu dute.

Aurtengo udaran bereziki gogorra izan da Palestinan. Zalantzaz beteriko 3 kolonoen hilketa aitzaki gisa baliatuta sekulako eraso militarra egin zuten. Gaur gaurkoz Palestinako sarraskiak portada izateari utzi badio ere herria zapaldua izaten jarraitzen du, eta beraz ezin dugu ikusle pasibo gisa geratu. Palestinatik bertatik datorren eskaera gure egin eta Boikot Desinbertsio eta Zigorren kanpaina sakondu behar dugu, arloz arlo, sionismoak lekurik izan ez dezan gurean eta Palestinar herriari, bere askapen borrokan laguntzeko.

Bide horretan Palestina egun honek bere hondar ale jarri eta borroka horretan aurrera egiteko hauspoa emateko helburua du.

Egitaraua Txir Txor Makeako Gaztetxean eta ondoko gela komunalean izango da (ezkerpareta ondoan).

Goizeko hamaiketan hasiera emango zaio egunari mahai inguru bete batekin. Bertan izango dira Birzeit Ramallahko Unibertsitateko Jean Pierre Massias irakaslea, Palestinako laborariekin egondako ELB sindikatuko Ana Bados, Zuberoako BDZ mugimenduko kideak eta azkenik baita Baionan, udara honetan Gazako sarraskia salatzeko sortutako mugimenduaren kideak ere. Hauekin batera bertan izango dira Askapenako brigadistak ere, udara honetako esperientzia eta bizipenak azaltzen.

Bazkaritan bertako produktuez bapo jan eta Odei Barroso eta Miren Artetxe bertsolariekin gozatzeko aukera izango da. Arratsalderako doku-foruma izango da, Roadmap to Apartheid dokumentalarekin. Eguna jai giroan amaitzeko, zazpietan kontzertuak hasiko dira. Bertan izango dira Arramazka, Kadafist Brothers, Iparretarrok eta Bastados del Rei taldeak.

Bazkarira aldez aurretik apuntatzeko makea.palestina@gmail.com helbidera idatzi.