Palestinako brigadaren 1.kronika: Dheishe camp errefuxiatu gunean
Askapenaren brigada Palestinara iritsi berri da eta hona hemen bidali diguten lehenengo kronika
Dheisheh camp (Bethlehem)
Palestinara heldu eta lehenengo egunean errefuxiatu gune bat bisitatzeko aukera izan dugu, Dheishe camp deritzona hain zuzen ere.
Han bertan azaldu digutenez, gune hau Palestinako bigarren errefuxiatu gunerik handiena da (14.000 bat biztanle) eta Bethlehem-eko (Belen) kanpoaldean kokatuta dago. Gune honen sorrera beste gune askoren jatorri bera da, 1948ko Al-Nakba, sionismoaren estrategia espansionistak milioika palestinar beren lurretatik bot zituzten momentua.
Dheisheh-era heldu ziren milaka palestinarrek bizitzeko leku bat eraiki behar izan zuten, inolko azpiegiturarik ez zegoen tokian. Oso egoera txarrean bizitzera kondenatuta, Estatu sionistak bere garapena hasi zuenean. Dheisheh camp montatzen hasi zirenean ez zegoen, noski, urarik ezta elektrizitaterik, eta bazegoen komun bakar bat kanpamendu osorako. Geroago, soldadu sionistek inguratu zuten kanpamendua eta burdinezko ate bat jarri zuten kanpamenduan, sartzeko eta handik ateratzeko bide bakarra zena, militarrek kontrolatuta.
Hamarkadak igaro eta heldu zirenen seme-alabek eta lobek jarraitzen dute bizitzen behin-behinekoa izan behar zuen toki berean. Beren egoera hain latza ez bada ere, azpiegitura eta zerbitzu falta oso nabaria da. Hamarkadetan zehar dihardun okupazio-egoera baten ondorioz, jendea pilatuta bizi da kale estuetan, gune berderik edo jolaserako edo kirolerako lekurik gabe, bizitza eta, bereziki, umeen hazkundea baldintzatzen duena.
Gauzak horrela, egoera latzari eta egoerari aurrera egiteko Dheisheh camp-eko populazioa antolatu da, erakunde batzuen bidez nagusiki, eguneroko arazoen erruduna Estatu sionista dela ahaztu gabe. Arazo guztiak, azken finean, arazo politikoak dira eta ekimen guztiek kutsu politikoa daukate, erresistentziaren kutsua, herri baten duintasunarena.
Borroka ez da erraza izan eta, azaldu digutenez, errefuxiatu guneak 39 martir dauzka, okupazioaren ondorioz era batean edo beste batean hildakoak. Lurperatuta dauden hilerria bisitatu dugu. Leku xumea baina duina. Hala ere, aipatutako martirren gorpuei beste sei gorpu gehitu behar zaizkie, beren zigorra betetzen ari zirenean gartzelan hildakoena. Izan ere, Estatu sionistaren estrategia zitalaren barruan presondegian hildakoen gorputzak bahitzea dago, ezarritako zigor-denbora igaro arte. Senideei mina areagotzeko tresna eta Estatu sionistaren izaera basatiaren erakusgarria.
Horren aurrean Palestinako herriak erakusten duen kemena dugu, eta honen adierazle, errefuxiatu guneko gazte batek esaten zuena, hain zuzen ere, okupazioaren aurrean badaudela hiru jarrera possible: lehena, herritik joatea; bigarrena, herrian fisikoki mantentzea, baina mentalki arazo horretatik at bizitzen saiatzea; eta hirugarrena, arazoari aurre egitearena. Argi dago azken hau dela zailena, arriskutsuena, baina errealista eta eranginkorra den bakarra.