Palestinar emakumeen borroka eta antolakuntza hizpide brigadaren kronika berrian
Bai Ramalah-n baita Nablus-en ere Union of Palestinian Women Committees-eko (UPWC) presidentearekin, Khitam Saafin, eta erakundeko kidea baita Nablus-eko Al-Najah unibertsitatearen irakaslea den Ismat Shakshier-rekin bildu gara. Palestinako herriak pairatzen duen okupazioa dela eta bertako emakume borrokaren ezaugarri bereziak azaldu dizkigute biek.
Okupazioaren hasieratik emakumeak palestinar borrokaren sostengua izanik ere, haien antolakuntzak ahulezia momentu ugari izan ditu, aurrenekoa Nakba garaian (1948. urtean). Gertaera honek aldaketa ugari ekarri zizkion palestinar jendarteari eta nola ez baita emakumeei ere.
Ordurarte antolatuta zeuden emakumeak okupazioak sortutako egoerari aurre egin behar izateagatik indarra galdu zuten; desantolatze prozesu bat eman zen. Egoera berri honen aurrean estrategia berriak sortzeari ekin zioten, batik bat, OLParen haritik UPWC a sortzeari. Honek emakumeak berrantolaketa ekarri zuen eta hala, 1. Intifadan ezinbesteko papera beteko zuten emakume palestinarrek. Ondorioz, hauen aurkako errepresioa oso bortitza izan zen, asko atxilotuak, mehatxatuak…etab. izan zirelarik.
Egungo egoera ordea oso bestelakoa da, izan ere urteetan jasotako errepresiogatik ezin da esan garai batean bezain antolatuak daudenik. Emakume palestinarraren egoera oso korapilatsua dela azpimarratzen dute biek, izan ere palestinar bezala egunero duten okupazioa pairatzeaz gain, emakume izateagatiko zapalkuntzari ere aurre egin behar diote. Emakume palestinarraren borroka bikoitza da: palestinar borroka eta emakume borroka. Hargatik, emakume kontzientziarako eta antolakuntzarako erraztasunak ematea da erakunde honen lana, horretarako urtero programa ezberdinak eskaintzen dituztelarik: hezkuntza babesa, gatazka konponbide ikastaroak,haurtzaindegi zerbitzuak, familia babeserako programak (diru iturria galdu duten familientzat)…
Azkenik aipatu, UPWC-ko kideek argi dutela palestinar borrokan emakumea ezinbesteko subjektua dela, hura gabe palestinar borrokak aurrera egitea ezinezkotzat dutela. Emakumeen borrokan aurrera pausoak berriz eman ahal izateko okupazio sionistaren egoera amaitzea beharrezkoa litzateke beraientzat, okupaziopean emakumeak ez baitu parekidetasun egoeran bizitzerik.