Palestinar erresistentziarekin bat, Israeli Boikot!
* Bideoa: Khalida Jarrar FPLPko parlamentariak deportatzeko agindua jaso zuen pasa den abuztuaren 20an, 24 ordutan bete beharrekoa. Geroztik, Palestinako parlamentuan da jendez inguratua itxialdia eramaiten. Bertan izan ziren euskal herriko brigadistak ere eta Khalidarekin egoteko aukera izan zuten eta Euskal Herrirako mezu hau jaso. INFO+
Albiste pozgarria izan dugu aste honetan bai Gazako biztanleentzat eta baita Palestina bihotzean daramagun milioika lagunontzat ere. Palestinarrek, beste behin ere, erresistentzia, ezinbestekoa dela erakutsi digute eta sufrimendu amaiezinaren erdian, irribarrea bilakatu dira munduko herri borrokalariontzat. Su etenerako akordio erdietsi dute Israeleko Estatu Sionistak eta Palestinar Erresistentziak. Gazako blokeoa arintzeko eta mugetako igarobideak zabaltzeko akordioetara iritsi ziren, Gazako egoera tamalgarria pixka bat bada ere lasaituz. Honegatik bete dira alaitasunez Gazako kale birrinduak.
Keinu txikiena ere ospatzera ohitu gaituzten honetan ordea, palestinarren egunerokotasunak eta zapalketa etengabeak berehalakoan sakonago hausnartzera bultzatu behar gintuzke: Okupazio militarra, Apartheidaren Harresia, atxiloketak, hildakoak, erbestea, Check Point ak, etxeen erauzketak, kolonizazioa… Palestinarren eguneroko ogi diren kontu hauetaz hitz erdirik ez diote ordea, ez komunikabideek eta ezta nazioarteko agintari ustelek ere. Eta nekez biziko dira bakean palestinarrak, aipaturiko hauek eta beste hainbat eskubide zapaltzen zaizkien bitartean.
Horregatik, Askapenatik Palestinarekin elkartasunean tinko jarraitzeko irmotasuna adierazi nahi dugu. Eta honetarako bide bakarra, Israeli Boikot kanpaina indartzea eta zabaltzea da, pasa den eguneko poz txikia, borroka honetan jarraitzeko baliatuz.
Zentzu honetan, elkarlan adibide paregabeak topatu genitzakeen arren, Ertzaintzan edo Foru Zaingoan, duela hilabete inguru jakin genuen, Israelen lagun diren Eusko jaurlaritza, Euskadiko Nekazari Elikagaien Kooperatiben Federazioa, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorena, Euskadi-Israel Kultura Elkartea (Havtajá) eta EAJko eta PPko parlamentariak , alde batera utziko zutela egin beharreko bidaia “segurtasun” irizpideak zirela medio.
Beste behin ere lotsa gutxi erakutsi dute, uko egitearen arrazoiak segurtasunari lotuz. Honela, onartezinak zaizkigu milaka hildako eta zapalketa militar gupidagabe honen aurrean gisa honetako adierazpenak gure ordezkari politikoen ahotan. Ezin baitugu ahaztu Eusko Jaurlaritzak (Nazioartekotzeko Euskadi-2020 Basque Country Esparru-Estrategian) Israel izendatu duela eremu ezberdinetan ikasi eta konparatzeko erreferentziazko herrialde gisan. Palestinaren okupazioa, beste ezeren gainetik, negozio handia da Israelgo Estatuarentzat eta baita Euskal Herriko burgesiarentzat ere nonbait.
Euskal Internazionalistok, argi dugu baina, Sionismorik gabeko Euskal Herria nahi dugula eta lortu arte borrokan jarraituko dugula. Geroz eta gehiago gara bide honetan gure harritxoa jartzeko prest gaudenak, Palestinaren alde indarrak batzen eta Sionismoaren atzaparrei mugak jartzen. Horretarako hauek dira Askapenatik lehenesten ditugun eginkizunak:
-
Palestinarekiko elkartasuna etenik gabe adierazteko dei egiten dugu.
-
Israeli Boikot kanpainarekin konpromisoak hartzera animatzen dugu herria.
-
Eusko Jaurlaritzari eta sionismoaren lagun diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egitera dei egiten dugu
-
Egun Euskal Herrian Israelgo Estatua eta sionismoaren lagun diren instituzio eta alderdi politikoei interpelazio zuzena egitera dei egiten dugu eta harreman oro eten ditzaten presio egitera. Horien artean Eusko Jaurlaritzaaren Nazioartekotzeko Euskadi-2020 Basque Country Esparru-Estrategiatik Israel kanpo uzteko exijitzen dugu.