Prozesu soberanistaz
Bideoan eta aurreko kronikak irakurri ahal izan genuen bezala, eragile eta borroka ugari ezagutzen ari dira brigadistak. Egun hauetan sarri hitzegin dute prozesu soberanistaren inguruan hainbat eragilerekin. Kronika honetan, jasotako ikuspuntu eta jarrera desberdinak isladatzen saiatu dira. Gaur, irailak 11 Diada eguna da, hainbat mobilizazio daude deituta eta brigadistak bertan izango dira. Laster kronika hemen izango duzue eskura.
Mobilizazio politiko honen zergatiak ezartzeak analisi sakon bat eskatzen du. Hala ere, badira oinarri gisa koka ditzakegun zenbait faktore: 1978an ezarritako erregimenaren agorpen argia, krisi ekonomikoarekin areagotutako sistema aldaketa beharraren kontzientzia eta azken 15 urteetan emandako kultura politiko aldaketa, mugimendu ezberdinen sare sendo bat sortuz.
Testuinguru honetan kokatzen dira 2009. urtetik aurrera ematen diren erabakitze eskubidearen aldeko herri kontsultak. Hauen hedapena eta gizarte mailan hartzen duten indarra ikusirik sortzen da Assamblea Nacional Catalana (ANC); goranzko bidea hartu duen independentismoaren inguruan bildutako jendea artikulatu nahian. Esan beharra dago, orainarte, soilik kontsigna hori iparrorratz izanik egin duela lan eragile honek, ahalik eta jende gehien bilduz. Honek zenbait eztabaida piztu ditu leku desberdinetan, ideologia eta proiektu anitzeko jendea batu duelako eta ez baitu espaziorik sortu independentziarekin sortuko litzakeen estatu motaren inguruko gogoetarako ezta lurraldetasunaren inguruko eztabaidarako ere. Halaber, ez du helburutzat gaur egungo botere politiko zein ekonomikoa kolokan jarri eta ordezkatzea; soilik independentziaren bidean presionatzea baizik
Egungo egoera hau izanik, Esquerra Independentistak (EI) beharrezko ikusten du koiuntura honetan esku hartzea; proiektu erregionalista eta sozioliberaletatik haratago, bere proiektu politikoarekin (Herrialde Katalanetarako independentzia, sozialismoa, feminismoa) aurrera egiteko. Bide honetan, kontraesan nagusietako bat lurraletasunarena da, prozesu soberanistak Paisos Catalans-en parte bat (Principat de Catalunya) soilik barnebiltzen baitu. Nola lotu orduan prozesua eta eraikuntza nazionala? Aurretik aipatutako helburuen lorpena helmuga izanik, prozesu rupturista bat bultzada positibo bat izan daiteke nazio eraikuntzarako; Estatuarekin hitzarmenik ez onartuz, egungo sistemari pitzadurak sor dakizkiokela erakutsaraziz eta Pais Valencià-n zein Illes Balears-etan sor daitezkeen beste apurketekin hartuemanean proiektu eta instituzio nazionalak sortuz.
Hala ere, esan beharra dago nahiz eta irakurketa globala hau izan, badaudela ikuspuntu desberdinak Esquerra Independentistaren barrnean; kontuan hartzekoa baita, prozesu hau ez dela guztiz esquerra independentistak bultzatuta sortua izan.
Hurrengo hilabeteak mugituak izango dira; seguruenik Estatu Españolak ezarriko duen kontsultaren debekuaren harira. Honen aurrean, ikusteko dago orainarte prozesua bultzatu duten edo honen partaide izan diren eragile desberdinek hartuko duten jarrera. Esquerra Independentistak, mugimendu antikapitalista eta independentismo irmoarekin batera, desobedientziarako deia egiten du, erreferendumarekin aurrera jarraituz. Helarazi digutenaren arabera, hau baita prozesuaren moldaketaren bidez estatuarekin paktu berri bat ematea ekiditeko bidea. Horretarako, nahitaezkoa izango da orainarte independentziaren alde batutako jende masaren barnean mezu hau hedatu eta ahalik eta jende gehien lerrokatzea desobedientzian. Aldaketa sozial guztiek, apurketa politiko guztiek, beharrezko izan baitute desobedientzian oinarritutako ekintzaren bat errealitate bihurtzeko.
Brigadaren gora-behera eta esperientziak zuzenean jarraitzeko @PaisosCatEH jarraitu besterik ez duzu!
Herrion borrokak iruten ari gara!
1. kronika: Som Països Catalans perqué som Valencianes