Rosario eta Cordobako esperientziak, labur baina intentsoak

300 kilometrotako bidaiaren ostean Rosario hirira iritsi dira Argentina Uruguayko brigada kideak. Nahiz eta bertan egun bakarra eman, intentsitate handiko orduak izan direla azaldu digute. Hainbat bilera burutu dituzte eta biziki interesgarriak diren esperientziak ezagutu. Hemen kronika

Lehenik eta behin, Federación Anarquista Rosario-ko kideekin bildu gara informazioa elkartrukatzeko. Gainera, Rosarioko ATE – CTA sindikalistekin hitz egiteko aukera izan dugu, baita Madres de Plaza de Mayo-ko emakumeekin ere.

Horrez gain, herri- eta auzo-mugimenduetatik jaiotako Ciudad Futura proiektuaren nondik norakoak ezagutu ditugu. Elikadura-burujabetzaren ildoari jarraituz, tambo bat (behi-azienda eta esnekiak ekoizteko instalazioa) ustiatzen hasi ziren. Horren ostean, etxebizitzaren eta irakaskuntzaren problematika lantzeari ekin zioten.

Ciudad Futura egitasmoaren arrakastari eta antolatzeko ahalmenari esker, haratago joatea erabaki dute eta azken udal-hauteskundeetara aurkeztu dira: 11 zinegotzitatik, 3 lortu dituzte.

Azkenik, La Toma zentro kultural eta soziala bisitatu dugu. Garai batean supermerkatu izandako eraikina okupatu ondoren, gaur egun kooperatiba da. Elkarte anitz daude bertan eta askotariko ekintzak aurrera eramaten dira, besteak beste, herri-merkatua tokiko ekoizle txikien produktuekin (2015eko uztailean martxan jarri da); tailerrak (guarani, larrua, eskultura…); herri-liburudenda; antzerkia; jubilatuen elkartea eta artisauak. Asamblea Permanente por los Derechos Humanos (APDH) batzarraren egoitza ere bertan dago. Brigadakideok solasaldi txikia izan dugu eurekin, bai Euskal Herriaren bai Askapenaren egoera jakinarazteko.

Rosariotik Cordobara

Fogoneros organizazioko lagunen eskutik aukera izan dugu Cordobatik hurbil dagoen Malvinas herrian gauzatzen ari den blokeoa ezagutzeko. Monsanto enpresa agrotoxiko-planta bat eraikitzen hasi zen, baina herri-mugimenduen borrokari esker proiektua gelditzea lortu zuten duela bi urte. Gaur egun, oraindik ere erresistentziak dirau. Argazkia 6.

Bestalde, errepresioari eta preso politikoei buruzko hitzaldia eta mahai-ingurua antolatu da Cordobako La Leonor kultur zentroan. Euskal Herriko eta Peruko presoen egoeraren gainean aritu gara 40 pertsona inguru, eta Peruko preso politiko ohi bik eurek bizitakoa helarazi digute. Deigarria egin zaigu, batetik, bi lekuetan zer nolako antzekotasunak ematen diren errepresio-teknikei dagokienez; eta, bestetik, Perun segurtasun handiko espetxeak Estatu espainoleko enpresek eraiki dituztela.  

Estekak:

http://www.girosrosario.org/ciudad_futura.html

http://ccdelatoma.blogspot.com/